Alavesek agur esan die utzita zituen sei jokalariei

ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Juan Ramon Lopez Muñizek ez du segituko Alaves entrenatzen, klubak berak herenegun jakinarazi zuenez. Atzo, taldeak agur esan zien denboraldi honetan utzita izan dituen sei jokalariei: Ljumboir Fejsari, Aleix Vidali, Lisandro Magallani, Roberto Jimenezi, Victor Camarasari eta Oliver Burkeri.

Jokalariak jatorrizko taldeetara itzuliko dira: Benficara, Sevillara, Ajaxera, West Ham Unitedera, Crystal Palacera eta West Bromwichera. Horrek ez du esan nahi Gasteizera itzultzeko aukera ez dutenik. Izan ere, Roberto Jimenez atezainaren kasuan, talde arabarrak segitzeko interesa du. Jokalari gakoetako bat izan da salbazioa lortzeko, Espanyolen aurkako partidan Pachecok txartel gorria ikusi eta gero.

Fejsa eta Camarasarekin batera neguko merkatuan ailegatu zen, eta azken txanpara arte debutatu ez duen arren, maila altuan ibili da. Burke izan da beste ezustea. Magallanek eta Camarasak, berriz, bigarren aroa zuten Gasteizen, baina ez dute lehendabizikoan bezainbeste distira egin.

Aleix Vidalek, berriz, espero baino ekarpen txikiagoa egin du. Gainera, kritika gogorrak egin zituen Asier Garitanoren kontra, Betisen aurka jokatu eta gero, egin zituen aldaketak «defentsiboegiak» zirela esanez. Taldeko kapitainek kargu hartu zioten, eta barkamena eskatu behar izan zuen.

Estupiñanen agurra

Pervis Estupiñanek, berriz, ez du segituko Osasunan. Jokalaria jatorriko taldera itzuliko da: Watfordera. Denboraldi honetako ezusteetako bat eman du ezker hegalekoak, taldeari sakontasuna ekarrita. Sare sozialetan egin zuen agurra Estupiñanek. «Sasoi ahaztezina izan da: taldeak lan handia egin du, eta helburua lortu dugu. Ezin dugu gehiago eskatu. Ziur nago gauza handiak egingo dituela etorkizunean taldeak, handia baita zentzu guztietan».

Fran Meridak ere agur esan zuen. Onena igoera lortzea izan zela adierazi zuen, eta aztertzenari dela etorkizunera begira dituen eskaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.