Eneko eta Iker Pou. Eskalatzaileak

«Inoiz baino indartsuago gaude»

Euskal Herriko eskaladaren ezinbesteko erreferentzia dira Iker eta Eneko Pou anaiak. 40 urtetik gora badituzte ere, sasoiari eta ilusioari eusten diete.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Ez da erraza Eneko (Gasteiz, 1974) eta Iker Pou (Gasteiz, 1977) anaiak Euskal Herrian topatzea. Motxila soinean bizi dira, eta, etxera bueltatzen direnean ere, batetik bestera ibiltzen dira. Hitzaldiz hitzaldi dabiltza egunotan. Hitzordua baino lehenago iritsi da Iker Pou. Eskalatzen ibili da Baltzolan (Dima, Bizkaia). «Egun on» esaterako, hala bota du: «Lasai, anaia, beti bezala, berandu iritsiko da-eta». Hamar minutu geroago iritsi da Eneko Pou anaia. Mendiko bizikletarekin atera da, eta berandutu egin zaio. Ez dute entrenamendu bat bera ere barkatzen. Profesionaltasuna dute ikur bakarra.

Urtean zenbat bidaia egiten dituzue?

ENEKO POU: Astean bat, behintzat, egiten dugu. Denak ez dira urrutira izaten; Ozeano Atlantikoa pare bat aldiz zeharkatzen dugu urtean, esaterako.

IKER POU: Asko bidaiatzen dugu. Espedizioei buruz erantzun beharko banu, urtean bizpahiru esango nuke.

Egutegi berezirik antolatzen al duzue urte hasieran?

E.P.: Ez dugu egutegi finkorik, eta ez dugu ezer antolatzen. Oso zaila da gu ibiltzen garen moduan zerbait zehaztea. Askok esaten digute agian antolakuntza hobe bat beharko genukeela, baina ia ezinezkoa da. Zurekin, adibidez, bi egun lehenago besterik ez gara gelditu, eta, hala ere, ordua pixka bat atzeratzen saiatu gara. Oso txarrak gara antolatzen, baina oso onak inprobisatzen!

I.P.: Egia da Euskal Herrian gaudenean beti zerbait badugula! Enekok atzo esan zidan gaur elkarrizketa genuela. Geldituta nengoen eskalatzera joateko, eta oraindik ere oso garrantzitsua da guretzat egunero entrenatzea. Bestalde, gure gauza guztiak guk antolatzen ditugu: bidaiak, entrenamenduak, babesleekin batzarrak, fakturak, sare sozialen kontua...

Ia bizitza guztia daramazue eskaladan. Oraindik gogoratzen al zarete hastapenez?

E.P.: 1991n hasi ginen eskalatzen. Ordura arte, mendian ibiltzen ginen, mendiko bizikletarekin ere bai, eskian... Ordurako igoak ginen 3.000 metroko 60 gailurretara Pirinioetan.

I.P.: Oporretan, gurasoekin gehienetan mendian izaten ginen, eta oporrak aprobetxatzen genituen eskalatzera joateko. Handik itzultzen ginenean, utzi egiten genuen, ez zegoelako eskalada hormarik.

Zer aurkitu zenuten eskaladan?

I.P.: Ni 15 urterekin hasi nintzen. Gaur egun esan dezaket berandu dela hasteko, kontuan izanda zein goiz hasten diren. Hasieratik kateatu gintuen eskaladak: egunero erronka ezberdin bat zen. Araba inguruan ibiltzen ginen. Murgira, Eginora... Trenean edo auto-stopean mugitzen ginen. Eskola ordu batzuk ere galdutakoak gara eskalatzera joateagatik.

Gaztetan, txapelketetan-edo ibiltzen al zineten?

I.P.: Nik pare bat jokatu nituen; gehienbat, lagunak joaten zirelako, baina ez nuen batere gozatzen. Oso urduri jartzen nintzen, eta, gainera,pentsatzen nuen egun guztia galtzen nuela. Hasieratik argi izan nuen nirea arroka izango zela.

E.P.:Ni ez naiz inoiz txapelketa batean izan. Ez eskaladan bakarrik, inoiz ez naiz ezertan lehiatu. Gaztetan alpinismo eta eski asko egindakoa naiz. Gaztetan erraztasun handiagoa nuen eskiatzen, eskalatzen baino. Ez gara lehiakorrak izan, ez kirolean bakarrik, bizitzan ere ez. Agian horregatik esaten digu jendeak oso ondo gordetzen ditugula mendiaren balioak. Lehia ez zaigu batere interesatzen. Berez, mendia nahiko gogorra da beste inorekin lehian ibiltzeko.

Noiz egin zenuten jauzi profesionaltasunera?

I.P.: Administrari ikasketak egin nituen arren, inoiz ez naiz horretan jardun. Ikasketak amaitzean, bost edo sei urtez Gasteizko eskalada hormetan aritu nintzen irakasle moduan. 2000n, Al Filo de lo Imposible saioarekin grabazioetan ibili eta gero hasi ginen pentsatzen hori zela gurea. 2003an, 7 pareta 7 kontinente proiektua abian jarri genuenean hasi ginen aurreko lan guztiak uzten.

E.P.: Guretzako urte garrantzitsua izan zen 1999a. Heziketa fisikoko ikasketak amaitu nituen, eta zer egin behar genuen pentsatzen jartzeko ordua zen. Jendea lanean hasi zen, eta ni orduan hasi nintzen ETBrako lan batzuk egiten. Aldi berean, Espainiako alpinismo taldean sartu nintzen. Ez genuen babeslerik, baina, denbora gutxian, asko lortu genituen. A, eta Juanito Oiarzabalen azken zortzimilakoan ere izan nintzen, Annapurnan. Azken kanpalekuan gelditu nintzen, 7.400 metroan.

Zuen lehen proiektu handia 7 pareta 7 kontinente izan zen.

E.P.: Orduan,pentsatzen genuen ez genuela zorterik. Diru asko mugitzen zen orduan zortzimilakoetarako, baina eskaladan ez zen dirurik. Asko borrokatu behar izan genuen proiektua aurrera ateratzeko. 2007an amaitu genuen, eta, orduan izan zen krisiarekin, ondoren etorri direnek askoz ere zailago izan dute. Pentsatzen dut zortea izan genuela.

Zenbateko kostua izan zuen proiektuak?

I.P.: Ez zen diru asko, baina irauteko balio zigun. Espedizio bakoitza 6.000 euro inguru izan zen, Himalaiakoa eta Antartikakoa kenduta. Ordurako bagenituen babesle batzuk, eta gu pozik bizi ginen horrekin. Gauza bat da kanpora begira zabaltzen dugun irudia, eta bestea, oso ezberdina, errealitatea.

Eskaladarako urterik onenak pasatu ondoren etorri zaizue zuei fama eta sasoia.

E.P.: Bai, zalantzarik gabe. Baina egia da oraindik ere urteroko lana izaten dela babesleei eustea. Ez dugu ezer ziurtaturik, eta urtero espedizio bat ateratzeko lan handia egin behar dugu oraindik laguntza bat izateko.

Laguntzaz hitz egiten duzunean, zertaz ari zara?

E.P.: Nahiz eta euskaldunak izan, hamar urte dira ez dugula laguntzarik jasotzen Euskal Herrian, ez erakunde publikoetatik, eta ez enpresa pribatuetatik. Orain arte jasotako laguntza guztia atzerritik etorri zaigu. Gaur egun, nazioarteko enpresentzat egiten dugu lan, eta gure lehen hizkuntza ingelesa da, argi eta garbi.

Dena ez da dirudien bezain polita orduan.

I.P.: Askok esaten digute sare sozialetan askotan ez dugula ezer idazten euskaraz, baina, egun, gure publikoa atzerrikoa da. Ez dugu ezer jaso ez federazioetatik, ez enpresetatik... Orain arte dugun babesle indartsuena The North Face da, eta, agian, besteren baten bila hasi beharko dugu, badaezpada.

E.P.: Egia da, era berean, Euskal Herrian krisia hasi zenean guk erabaki genuela diru laguntza publikorik ez eskatzea. Ikusten genuen nola zegoen giroa, ikusten genituen langileak Gasteizen... Baina geroztik ia 11 urte pasatu dira, eta inondik ez zaigu ezer iritsi.

Oraindik ere bizi al daiteke eskaladatik?

I.P.: Oso zaila da. Jendeak alde onak ikusten ditu, baina gu maleta batekin bakarrik bizi gara. 40 urte ditugu, eta askotan ez dakigu hurrengo hilabetean non izango garen ere. Bizitza bizitzen ari gara, baina hemendik urte batzuetara ez dugu ezer ziurrik.

E.P.: Munduan oso jende gutxi bizi da eskaladatik, eta 40 urtetik gorako inor ez.

Alpinismoan oso garrantzitsua izaten da sokalaguna. Eskaladan ere horrela al da?

E.P.: Bai, guk egiten dugun eskalada motan, bai. Gure eskaladak asko du alpinismotik ere, eta guk ere horrela deitzen diogu: arrokako alpinismoa. Leku ikaragarrietan sartzen gara, eta hor ezinbestekoa da konfiantza. Lagunekin bakarrik eskalatzen dugu.

I.P.: Neure burua ez dut ikusten besteren batekin. Proiektu handietarako ezinbestekoa da sokalagunaren konfiantza, eta urteak joaten dira bestea ondo ezagutzeko.

Lehen ere bai, baina, egun, alpinista on bat derrigortuta al dago eskalada ondo menderatzera?

E.P.: Nik uste dut lehengoak ere eskalatzaile onak zirela. Esaterako, Everestera joandako lehen euskaldun haiek Euskal Herriko onenak ziren. Egia da urteekin, zortzimilakoetan gehienbat, gero eta soka finko gehiago jarri direla, eta alpinismo gutxiago egin dela. Guk argi dugu gaur egun zortzimilakoak bide arruntetatik egitea ez dela alpinismoa. Atleta batek alpinista batek baino hobeto egin badezake, agian ez da alpinismoa, beste kontu bat da.

Zuen eskalatzeko eragatik beldur asko pasatutakoak al zarete?

I.P.: Oro har, ez, baina askotan pentsatzen dugu: baina zer demontre egiten dut hemen? Egia da bidea oso garbi ikusten ez badugu jaitsi egiten garela. Errespetua izan behar zaie gauzei, baina beldurrik ez. Beldurrarekin oso zaila da guk egiten duguna egitea.

E.P.: Beldurra baino gehiago, tentsioa izaten da. Beldurra iristen bada, jada gaizki zaudelako da. Txikitatik ari gara hau egiten, baina, azken finean, mendian gaude, eta han edozer gauza pasa daiteke kontrolatu ezin daitekeena.

Enekok duen zein ezaugarri izatea gustatuko litzaizuke zuri, Iker?

I.P.: Gauzei buruz gogoeta egiteko duen erraztasuna. Ni askoz ere oldartsuagoa naiz, askotan ez dut pentsatu ere egiten, zirt edo zart egiten dut. Bera askoz ere antolatuagoa da, nik baino askoz ere pazientzia handiagoa du.

Eta zuri, Eneko?

E.P.: Bere ezaugarriak, bere indarra... Balioaniztasuna kontuan hartuta, esango nuke munduko eskalatzailerik onena dela, eta agian historian egon den onena. Oso zaila da 41 urterekin, eta daramagun erritmoarekin, hain ondo aritzea oraindik ere. Ezin dut ezer aurreratu, baina oraindik ere, urtea amaitzerako, izugarrizko ezustea emango du. Ikusiko duzue hemendik gutxira.

Eta, zuen artean, zein da osoagoa?

I.P.: Nik uste dut bera dela. Kirol gehiago kontrolatzen ditu, diziplina gehiago. Esaterako, izotzean ni baino erraztasun handiagoa du.

E.P.: Osoagoa, agian, bai, baina bere gaitasunik ez dut nik eskaladan, ezta gutxiagorik ere. Askotan hitz egin dugu honetaz, eta esan dezakegu goi mailako alpinismoa dela egon daitekeen kirolik gogorrena. Gauza asko menperatu behar dira, diziplina asko, bizia gal dezakezu, fisikoki oso indartsua izan behar duzu...

Udan, zuen azken proiektuko hirugarren erronka osatu zenuten Afrikan, Cao Handia eskalatuta. Nolako egunak izan ziren?

I.P.: Azkenean, uste baino gogorragoa egin zitzaigun. Eguraldi hobea espero genuen, horma bustita zegoen beti, ia egunero euria, lo egiteko garaian animalia arriskutsu asko inguruan... Horman baino beldur handiagoa pasatu genuen animaliekin.

E.P.: Oso proiektu interesgarria izan da. Oso leku polita da, estetikoa. Oso gustura itzuli ginen handik.

Proiektua osatzeko, beste bat gelditzen zaizue. Ba al duzue zerbait pentsatua dagoeneko?

I.P.: Zerbait bitxia egin nahi dugu. Irudimena baliatu nahi dugu azken erronkan, eta lur azpitik hasteko ideia dugu buruan. Ez da erraza horrelako zerbait aurkitzea.

E.P.: Guretzat, oso garrantzitsua da gauzak aldatzea, abangoardistak izatea, hori odolean daramagu. Gure kirola beste norabide batera eraman nahi dugu. Ez dugu inolako presarik, garaia iristen denean aurrera egingo dugu.

Eskalada librean munduko onenen pare zaudete askorentzat. Zer diozue?

E.P.: Nork dio hori? [barrez]. Egia da urte hau oso ona izan dela, agian gure onena, baina jende asko ari da gauza ikaragarriak egiten. Nik, hala ere, balio handiagoa ematen diot hainbeste urtean goi mailan ibiltzeari.

I.P.: Egia da soka talde ona osatzen dugula, baina munduan badira beste asko oso onak direnak; tartean, baita anaiak ere. Nik uste dutgaitasuna badugula, baina zaila da onena nor den neurtzea.

Biok 40 urtetik pasatuta zaudete. Gero eta gehiago kostatzen al da sasoian egotea?

I.P.: Indarberritzea kostatzen da gehiago. Egun on asko izaten ditugu, baina indarberritzeko denbora gehiago behar izaten dugu.

E.P.: Hala da, baina nik uste dut inoiz baino indartsuago gaudela. Helburuak kontuan hartzen baditugu, esan dezakegu 2018a izan dela onena, eta 41 eta 44 urte ditugu.

Hurrengo Olinpiar Jokoetan eskalada olinpiar kirola izango da. Zer emango eta kenduko dio eskaladari?

I.P.: Gauza ona, jendearentzat kirol ezagunagoa izango dela; txarra, lehia handiagoa ekarriko duela, eta askok mendia ere lehia moduan ikusiko dutela.

E.P.: Dirua sartuko da eskaladan, eta horrek jendea espezializatzera eramango du. Kirola ezagunagoa izango da;uste dut eskalatzaile hobeak etorriko direla, entrenatzaile hobeak... Baina alde txarrak ere baditu, eta okerrena zera ikusten diot: balioak gal ditzakegula lehiaren mesedetan. Horrek guri beldur handiagoa ematen digu.

Olinpiar Jokoetan sartzearen aldekoak edo kontrakoak zarete?

I.P.: Ni kontra.

E.P.: Aurkakoak gehiago. Dirua sartzen bada, dopina ere azalduko da, ziur.

Zein izango da zuen hurrengo proiektua?

I.P.: Gabonetan Patagoniara joango gara. Ahal dugun guztia eskalatzen saiatuko gara, eguraldiaren arabera.

E.P.: Negua pasatuta, azken proiektuko laugarren erronka egiten saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.