Durangoko 53. Azoka. Ikasle Eguna

Eskola ere baden azokan

'DA! Asko dira' du leloa Durangoko 53. Azokak, eta ikasle askok bete dituzte, lepo, Landakoko korridoreak lehen egunean, beren egunean. Transmisioa lantzeko gunea ere bada azoka
Ikasleen Eguna izanik, gaztetxo andana ibili zen atzo liburu eta disko artean Landakon barrena, Durangoko 53. Azokaren lehen egunean.
Ikasleen Eguna izanik, gaztetxo andana ibili zen atzo liburu eta disko artean Landakon barrena, Durangoko 53. Azokaren lehen egunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko abenduak 6
«Gazteak zarete, baina ezagutzen al duzue Hertzainak taldea?». Ikasleen partetik erantzun borobilik ez zuen jaso Luhartz erromeria taldeko Rafa Iriondo musikariak. Baina Aitormena kantuaren lehen akordeak entzun orduko hasi ziren gazteak kantuan, elkarri sorbaldatik helduta abestiaren erritmoan kulunkatuz bezala gehienak. Kontzertu berezi batez gozatzeko aukera izan zuten atzo goizean Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokira joan ziren ikasleek, haientzat berariaz prestatutako emanaldia izan baitzen. Euskal kantagintza kontzertuan izenburupean, euskarazko hainbat abesti ezagun zuzenean entzun zituzten. Eta eskolan beste era batera ere ikas zezaketen lezioa, beren bizipenen bidez jaso zuten, zuzenean. Durangoko 53. Azokak Ikasleen Eguna izan zuen atzokoa, baita lehen eguna ere, eta haiei begirako askotariko ekitaldiak hartu zituzten Landakok eta beste guneek.

DA! Asko dira du leloa aurtengo azokak, eta asko izan ziren atzo Euskal Herri osoko eskoletatik bertaratutako ikasleak ere. Landakoko ateak 10:30ean puntuan zabaldu zituzten, hainbat ikaslek zabaldu ere, eta kanpoan zain ziren gazteek berehala bete zituzten korridoreak. Erakusmahaietako liburuak eta diskoak begiratzera abiatu ziren hainbat eta hainbat, eta haientzat prestatutako hamaika saioetakoren batean parte hartzera beste asko. Plateruenan, adibidez, Iurretako eta Leioako (Bizkaia) institutuetatik iritsitako 150 ikasle inguru bildu ziren goizean, euskal kantagintzaren nondik norakoak ezagutzeko. «Normalean, musika talde batekin edo beste batekin, urtero egiten da euskal musikagintzaren transmisio tailerra hemen», azaldu zuen Ihintza Orbegozo Plateruenako kulturgintzako arduradunak. Musika taldeak hiru ordu laurdeneko kontzertu bat prestatu ohi du hartarako, euskal kantutegiko hainbat pieza aukeratuta; «kantu klasikoak, zaharrak eta ez hain zaharrak» izan ohi dira, eta haien inguruko hainbat zertzelada aurrez eskolan landu ohi dituzte ikasleek. Bi saio egin zituzten atzo goizean, eta lehenengoan adina ikasle bildu ziren bigarrenean ere, beste eskola batzuetatik iritsitakoak.

Plateruenako kontzertuen aretoko ateak zabaldu zirenerako, Luhartz taldeko kideak oholtzan zain zituzten ikasleek. Bere doinuekin plazak alaitzen badu eskarmenturik erromeria taldeak, eta, gazteek hasieran epel samar ziruditen arren, giroa berotuz joan zen musikariak kantuak aletuz joan ahala. Agurra-rekin hasi, eta egile, garai nahiz estilo ezberdinetako kantuak jo zituzten ondoren, hala nola Xalbadorren heriotzean; Maite ederra; Eperra; Aitormena; Lo egin; Sarri, Sarri; eta Hik lan eta nik jai, horiei buruzko azalpen laburrak tartekatuz. Itoizen beste kantu bat, Lau Teilatu aukeratu zuten kontzertua amaitzeko, ikasleek gogotik kantatu zutena.

Handik ez oso urrun, Saguganbara txikienen gunean, bestelako lanetan zebilen Legutiotik (Araba) iritsitako beste ikasle talde bat. Poemak sortzen jardun zuten 11 urteko dozena bat neska-mutikok, «modu jostagarri batean», Poropopoesia izeneko saioan. Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak sarri eskaintzen dituzte haur eta gaztetxoen irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko tailerrak eskoletan, baina lehen aldia izan zuten atzokoa azokan. «Poesiari daukan aurrejuzgu edo aire aspergarri hori kentzea da asmoa», azaldu zuen Magdalenak. «Tailer honetan, berez hain errazak ez diruditen hainbat genero aurkezten dizkiegu umeei: akrostikoak, haikuak, kaligramak, poema dadaistak... baina jolasen bidez azalduta, askotariko materialekin, eta haiei askatasuna emanez». Haurrek sortzen dituzte poemak, horietariko asko «izugarri ederrak», Magdalenaren ustez, eta ilustrazioak eta koreografiak ere egin ohi dituzte saioetan. Amaieran, egindako poemekin liburutxo bat eramaten dute etxera.

Libururik ez, baina hainbat irakasgai bai eraman zituzten etxera beste hainbat gaztek Telmo Trenorrek emandako ikastaroari esker. Eibartik (Gipuzkoa) iritsitako hogei bat gaztek musika elektronikoaren ekoizpenaren nondik norakoak ezagutu zituzten haren eskutik, Ahotseneko solasaldien gunean. Leku berean, apur bat lehenago, testugintzari buruzko tailerra eskaini zien Yurre Ugarte idazleak beste hainbat gazteri. Eta ikasleentzat prestatutako beste hamaika ekitaldi ere izan ziren azokako guneetan zehar.

Sinadurak, argazkiak

Landakotik eta beste guneetatik kanpora ere gazte andana zebilen atzo hara eta hona. Baina geldirik gutxi. Eta lanean ere bazebiltzan batzuk. Lurrean borobilean eserita zeuden neska gazte batzuk kasurako, Balmasedako (Bizkaia) eskola bateko DBHko 2. mailakoak. Galderaz betetako orrialde bana zuten eskuetan —azokaren aurtengo leloa zein den, Plateruenan zein kontzertu egongo diren, argitaletxe jakin bateko mahaian zein liburu dauden eta beste galdetzen zitzaien, besteak beste—, eta haiek erantzuteko lanetan jardun zuten. Galdera ezberdinekin, baina ariketa bera zuten esku artean beste ikasle askok eta askok. Horretan zebiltzan Muskizko (Bizkaia) beste ikastetxe batekoak ere; haien irakaslearen esanetan, ginkana moduko bat da, ikasleek azoka ezagutzeko tresna bat.

Bien bitartean, Landakon barrena zebiltzan beste gazte asko eta asko. Goizean lepo bete zituzten korridoreak, eta bazkalordura arte halaxe egon ziren —arratsaldean, ordea, jende gutxiago joan zen azokara, eta ikaslerik apenas ikus zitekeen ordurako—. Erakusmahai batetik bestera ibili ziren, galderak eginez, liburuak eta diskoak begiratuz, erosiz ere hainbatek... Baina beren musikari gogokoenaren argazki bat edo sinadura bat lortzea zuten desio askok. Horren erakusgarri, Gatibu taldearen erakusmahaiaren alboan sortu zen ilara luzea. Pozik zegoen horregatik Haimar Arejita taldeko gitarrista: «Gazte asko etorri dira, Euskal Herriko toki guztietatik, eta haiekin barre batzuk egiteko eta kontaktuan egoteko ilusioz gaude». Askok sinadura edo argazkia eskatu zieten, baina beste askok taldearen disko berria erosi zuten, Azken indioak, taldeak berak ekoitzi duena. «Guretzat garrantzitsua da kontaktua, gazteekin batez ere, zeren eta azkenean beraiek dira gure kulturaren etorkizuna; gure publikoa eta etorkizuneko sortzaile, kantari eta idazleak. Kontaktua izatea eta transmisioa egitea oso garrantzitsua iruditzen zait».

Handik metro gutxira, Hasiera (Baga-Biga) disko berriko aleak sinatzen eta zaleekin argazkiak ateratzen zebilen Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria. Gazteek atsedenerako tarterik ia ez zioten utzi, baina irribarre batekin hartu zituen guztiak. Korridorean aurrerago, pozik ere Huntza taldeko kideak. Haiek ere Xilema (Mauka) disko berriko aleak sinatzen eta saltzen ibili ziren, Peru Altube bateria jotzailea tartean: «Hasiera-hasieratik etorri dira galdezka, eta bazekiten disko berria atera genuela; ondo informatuta daude». Haiei ere sinadura ugari eskatu zizkieten gazteek.

Liburu artean ibili ziren beste batzuk, eta haientzat liburuak sinatzen beste hainbat eta hainbat sortzaile. Gazteekin hizketan eta haientzat Eskularru beltzak bildumako aleetan eskaintzak idazten zein marrazten jardun zuten Jasone Osoro idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky marrazkilariak, Elkar argitaletxeko erakusmahaian. Osorok lehen aldia zuen azokan Ikasle Egun batez, eta «berezia» egin zitzaion. «Harrituta eta pozik nago, zentzu guztietan; liburuak ukitzen eta aztertzen dabiltza, eta oso giro polita dago». Bildumako liburu jakin baten bila joan zitzaizkion batzuk, sinadura edo argazkia eskatzera beste hainbat. «Sentsazio arraro xamarra da, baina maitatua bezala sentitzen zara, eta hori mundu guztiak du gogoko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna