Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Gure musika taldeak

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Behin entzun nuen gure nerabezaroan eta gaztaroko lehen urteetan entzun genuen musikak gure memoria emozionala osatzen duela, eta horregatik izaten ohi ditugula horrenbesteko eragozpenak gaur egungo nerabe eta gazteek entzuten duten musika baloratzeko. Ohikoa da gure artean esatea gure belaunaldiko musika gaur egungoa baino hobea zela; berdin esaten zuten gure gurasoek eta berdin esaten zieten gure aitona-amonek gure gurasoei, noski. Ohikoa da, horregatik ere, talde baten jarraitzaileen artean, hamarkadetan jarraitzaile amorratuak izan direnen artean, izugarrizko haserreak piztea talde batek musika estiloa aldatzen duenean. Puristak bihurtzen gara urteekin, eta gure oroimen eta sentimenduekiko traizio bat bezala bizi ditugu aldaketa horiek. 12-25 urte bitartean egiten omen ditugu taldeekiko lotura emozional horiek, eta hortik kanpo ateratzen denak zaila du guregan horrenbesteko zirrara piztea. Ez da arraroa beraz nire Spotifyko playzerrenda 1990eko hamarkadako taldez beteta egotea, nire gurasoena 1960-1970eko hamarkadako musikaz betea egonen litzatekeen bezala. Uda honetan nire herriko jaietan, plazako musika amaitutakoan eta txosnan gazteek euren musika jarri zutenean, neure burua ikusi nuen esaten, «baina denak soinu bera du-eta!». Ezin dantzatu edo gozatu entzuten ari nintzen horrekin. Ez nituen letrak ezagutzen,eta erritmoak errepikakorrak egiten zitzaizkidan, nire amonak gaztetxoa nintzenean entzuten nuen musika «zarata hutsa» zela esaten zidanean bezala.

Horregatik agian izaten ari dira gure belaunaldikoen artean horrenbesteko arrakasta 1980ko eta 1990eko hamarkadako taldeen berriro elkartze bira horiek, gure memoria emozionalarekin bat egiten dutelako eta gaztaroko sentimendu horiek guztiak berpizten dizkigutelako. Azken boladan La Pollaren itzulerarekin gertatu den sukarrarekin bezala. Asteartean bertan jarri zituzten salmentan Iruñarockeko eguneko sarrerak, eta berehala amaitu ziren ostegunekoak, Evaristoren taldeak eta Su Ta Garrek (gure nerabezaroko beste talde mitiko bat) jotzen duten egunekoak. Evaristoren taldea ikusi nuen azken aldia Lizarraldeko kiroldegi batean izan zen; ez naiz gai herria zehazki gogoratzeko, eta urtea, oker ez banago, 1998-1999 urteen bueltan izan zen,16-17 urte nituela.

Eta, gaur, nire memoria emozionala osatzen duen beste talde batek iragarri du bere amaiera, Extremodurok. Ez dakit marketin estrategia bat izanen den, agian Espainiako estatu maila osoan berriro beste elkartze bira horietako bat aurreikusten dutelako, baina zahar sentiarazi nau iragarkiak. Zahar eta nostalgiko, noski. Neure burua ikusi dut Jarautako Viana tabernan Ama, ama y ensancha el alma, So payaso edo Golfa abesten. Egia da ere emakumez osatutako musika talde gutxi entzuten nituela, eta entzuten nuen musikaren letra perspektiba feministatik aztertzeko gai ez nintzela ere aitortu behar dut. Garai horretan klase eta nazio identitate kontzientzia banuela esanen nuke; kontzientzia feminista beste kontu bat litzateke. Garai horretarako nire kontzientzia feminista zorrotzagoa izan balitz, agian beste musika errepertorio bat aukeratuko nukeen, edo agian ez!

Dena dela, Iruñarockeko larunbateko kontzerturako sarrerak lortu ditut, El Drogas gustura entzunen dut, eta Barricadaren abestiak jotzen dituenean biziki disfrutatuko dudala ere argi daukat. Hori bai, hurrengo abuztuan, herriko jaietan, txosnetako gazteei Extremoduro, Barricada edo Su Ta Garren abestiren bat eskatzeaz gain, belarriak ongi ireki eta gazteek entzuten dutenari arreta handiagoz eta juiziorik gabe entzutea, baita dantzatzea ere, promesten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.