SOSLAIA. Beñat Intxausti

Azken maglia arrosa

BERRIA.
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Txirrindularitza profesionala utzi duela jakinarazi zuen atzo Beñat Intxaustik(Muxika, Bizkaia, 1986). Azken lau urteotan hagitz lasterketa gutxi lehiatu ditu, eritasun baten ondorioz. Iaz Euskadi-Murias taldeak fitxatu zuen, garai bateko forma berreskuratzeko helburuz, baina proba gutxi korritu zituen, eta, taldea desagertu ondoren, aurten kontraturik gabe zegoen. «Lasai nago orain; nire azken urtea kirol arloan oso ona izan ez bada ere, saiatu egin naiz, eta horrek pozik utzi nau», adierazi zuen atzo, erretiroa jakinarazteko egin zuen prentsaurrekoan.

Bere belaunaldiko euskal txirrindulari onenetako bat izan da Intxausti. 2007an egin zuen debuta, Nicolas Mateos taldearekin, Saunier Duvalen harrobian, eta 2008an pasatu zuten lehenbiziko taldera. 2010ean Euskaltel-Euskadik fitxatu zuen, eta urte horretan lortu zuen lehen emaitza ona, Euskal Herriko Itzulian bigarren izan baitzen. Profesionaletako lehen garaipena handik aste batzuetara lortu zuen, Asturiasko Itzuliko erlojupekoa irabazita.

Hurrengo urtean Movistarrek fitxatu zuen, eta harekin egin zituen urterik onenak. 2012an Asturiasko Itzulia irabazi zuen, eta Espainiako Vueltan hamargarren izan zen. 2013an lortu zituen emaitzarik onenak. Italiako Giroko etapa bat irabazi zuen, eta zortzigarren bukatu zuen sailkapen nagusian. Baina, horrez gain, etapa batean liderraren elastiko arrosa jantzi zuen, nahiz eta hurrengoan Vincenzo Nibalik kendu zion, eta italiarrak ez zuen azken etapara arte galdu. Maglia arrosa janztea lortu duten lau euskal herritarretako bat da Intxausti —bertzeak dira Paco Galdos (1975ean, hamar egunez), Miguel Indurain (1992an eta 1993an; bi itzuliak irabazi zituen) eta Abraham Olano (1996an, egun batez)—. Intxaustik, 2013a borobiltzeko, Pekingo Itzulia irabazi zuen, World Tourreko proba bat —etapa bat zakuratu zuen—.

Hala ere, ez zuen erregulartasuna mantendu, eta postu onak emaitza apalekin tartekatu zituen. Movistar utzi aitzinetik bere ibilbideko bertze garaipen handi bat lortu zuen, berriz ere Italiako Giroko etapa bat irabazita, 2015ean. 2016an, Skyk fitxatu zuen. Aukera paregabea sortu zitzaion aurrerapauso bat emateko, baina gaitz batek errotik moztu zion garapena. Hiru urtean ia ez zuen lehiatzerik izan, eta Skyk ez zion kontratua berritu. Euskadi-Muriasek fitxatu zuen iaz, baina han ere ez zuen zorterik izan. Madrilgo Erkidegoko Itzulia izan zen bukatzea lortu zuen azken proba, maiatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.