Idoia Rubial eta Maite Zumarraga. Eskalatzaileak

«'The Nose' bidea generaman buruan, baina ez genekien lortuko genuen»

Jende gehiena baino zaharxeago hasi ziren eskaladan, baina hasi zirenetik ez dira geratu, eta eskalada dute eguneroko pasioa. Neskalatzaileak taldeko kideetako eta bultzatzaileetako batzuk dira. Yosemiteko Capitan hormatzarreko The Nose bide mitikoa eskalatu zuten maiatzean.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Dulantzi
2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Lanetik atera berritan iritsi dira Dulantzira Idoia Rubial (Zumarraga, Gipuzkoa, 1976) eta Maite Zumarraga (Gasteiz, 1982). Udazkena nabari da, haizea fin dabil.

Noiz eta nola hasi zineten eskaladan?

MAITE ZUMARRAGA: Ni, Idoiarekin lanean elkartu nintzenean. Bera ordurako jada eskalatzen ibiltzen zen, eta, arratsalde batean eskalatzera zihoala-eta, berarekin joatera gonbidatu ninduen.Orain dela zazpi edo zortzi urte izango zen. Lehendik zerbaitetan ibilia nintzen; gehienbat, eskalada horman. Banituen katu-oinak eta arnesa, baina ordura arte ez nituen asko erabili; mendian, ordea, asko ibilia nintzen, gurasoak beti izan baitira oso mendizaleak.

IDOIA RUBIAL: Ni futbolean ibili nintzen urte askoan. Hura utzi nuenean, 24 urterekin, anaia mendian ibiltzen hasi zen, Alpeetan, Andeetan, eta orduan hasi nintzen ni ere eskalatzen. Askotan esaten nion: «Eraman nazazu ni ere eskalatzera!». Kosta zitzaion arren, halako batean eraman ninduen. Gero, Gasteizera etorri nintzenean, eskalada hormetan jendea ezagutzen hasi nintzen, eta hortik sortu zen emakume taldetxo bat. Geroztik ez naiz asko gelditu.

Zuen kasua ez da ohikoa. Gazteek eskalada uzten duten adinarekin, zuek hasi egin zineten.

I.R.: Bai. Nik taldeko kirola utzi nuenean ekin nion eskaladari. Zer egin behar nuen ere ez nuen argi. Egia da erraztasuna dudala gauza asko menderatzeko, eta hori gertatu zitzaidan eskaladarekin. Mendiko kutsu horrek asko erakartzen ninduen.

M.Z.: Ni saskibaloian aritutakoa naiz, baina, utzi nuenean, tabernetan ibiltzen hasi nintzen; jatea eta edatea zen gure aisialdia. Eskaladarekin, berriro ere kirolarekin lotura bat izateko aitzakia ikusi nuen, eta uste dut horrek lotu ninduela eskaladara.

Etxean ez al duzue eskalatzailerik izan?

M.Z.: Nik ez dut inor izan etxean.

I.R.: Nik osaba bat banuen, baina inoiz ez genuen elkarrekin eskalatu. Berak utzi zuenean hasi nintzen ni.

Gogoratzen al zarete eskalatzera joan zineten lehen aldiaz?

I.R.: Bai, anaiarekin joan nintzen Eginora [Asparrena, Araba]. Lehenik, haren babesean egin nuen saiakera, eta, ondoren, bidea irekitzeko eskatu nion. Hark baietz, neure burua horretarako prest ikusten banuen, saiatzeko. Lehen aldi horretan, erori egin nintzen. Hala ere, hurrengo astean itzuli egin nintzen.

M.Z.: Ni ere Eginon hasi nintzen. Idoiak gonbidatu ninduen. Eskalatzaile batzuek hitzordua egina zutela eta animatzeko esan zidan. 28 nituen. Beste lagun bati ere hots egin nion nirekin etortzeko. Nik oraindik jarraitzen dut, baina hark utzi egin zuen. Noizbehinka etortzen da oraindik ere ertzen bat egitera, baina oso gutxitan.

Ez al dizue penarik ematen eskalatzen lehenago hasi ez izanak?

I.R.: Neure buruari askotan egin izan diodan galdera da hori, baina esan dezaket ezetz. Futboleko garai haiek ere oso politak izan ziren, eta orain eskaladarekin bizitzen ari naizenak ere asko betetzen nau.

M.Z.: Nik ere gauza bera pentsatzen dut. Uste dut oso gazterik hasten direnek alde ona badutela, gradua edo zailtasuna azkar lortzen dutela, eta nik alde horretatik ez dut inongo beharrik. Ni oso gustura ibiltzen naiz 5a zailtasunean, eta agian gazteago hasita 7a edo izango nuke, baina ez dut horren falta nabaritzen.

Ez zarete inoiz aritu txapelketetan?

M.Z.: Bakarren bat egin izan dugu, baina ni, behintzat, ez naiz batere zalea.

I.R.: Maitek esan duen moduan, noizean behin joan izan gara hamabi orduko rallyren batera, baina, bestela, ez. Emakumeen presentzia badela ikusteko gehiago azaldu izan gara, lehiatzeko asmoarekin baino.

Euskal Herrian eskalada zer egoeratan dagoela iruditzen zaizue?

I.R.: Jende askok eskalatzen du, baina egia da eskalada egiteko era ezberdinak badirela, oso zabala da: sokarik gabeko eskalada, luze bakarreko eskalada, luzeak elkartzeko eskalada, horma handiak igotzeko eskalada... Jende askok ezagutzen duen eskalada mugatua da, eta, agian, jende gehienak eskalada txapelketarekin lotzen du, orain gehiago, olinpiar kirol izendatu dutenetik. Guk ez dugu horrekin lotzen. Guk ia ez dugu kirol eskaladarik egiten.

Ez zarete kirol eskaladaren zaleak?

M.Z.: Kontua ez da ez dugula atsegin, baizik eta beste eskalada mota baten aldekoak garela, besterik gabe.

Jende askok lehiaketetan aurkitzen du motibazioa. Zuek non eta nola aurkitzen duzue?

M.Z.: Interneten! Mendiak ikusten dituzu, bideen aipamenak ikusten dituzu... Jende askoren blogetan aritzen naiz begira: zer egin duten, zein bide berri eskalatu duten... Hortik etortzen zait motibazioa eta gauza berriak probatzeko nahia.

I.R.: Egia da Internetek asko laguntzen duela. Gure parean ibiltzen diren askoren ideietatik etortzen zaizkigu asmo berriak. Horma berriak hor daude, ametsak...

Ametsak aipatu dituzu. Hiru urteren ondoren, Yosemitera (Kalifornia, AEB) joateko aukera izan zenuten apirilean.

I.R.: Egia da ez genekiela han zer aurkituko genuen, baina nik aspalditik nuen begiz joa. Txikitan gauza bera pasatu zitzaidan Urriellurekin [Europako mendiak, Asturias, Espainia], igo nuen arte. Nose-rekin ere hori gertatu zitzaidan. Horrelako hormatzarra ezagutzeko gogoa nuen.

Nola konbentzitu zintuen zu, Zumarraga?

M.Z.:Capitan-era joateko gonbita egin zidan, eta nik baietz esan nion, zer zen jakin gabe [barrez]. Izugarrizko horma bat da. Ematen zuen inoiz ezin izango genuela eskalatu, baina, pixkana-pixkana, igotzen hasi ginen.

Ordu batzuk pasatzen omen zenituzten hormari begira.

I.R.: Bai, telebistara begira egoten garen moduan egoten ginen han. Buruan Nose bidea generaman, baina ez genekien lortuko genuen edo ez. Garbi ikusi genuenean ekin genion erronkari. Maitek luze guztiak buruan zituen.

Nose bidea igo zenuten (880 metro, IV. graduko zailtasuna). Nolako esperientzia izan zen?

M.Z.: Oso berezia izan da. Niretzat izugarriena hormaren erdian egotea izan zen. Askotan, bakarrik pasatzen genituen orduak, berriro ere elkartu... Gora begiratu, eta horma handi bat besterik ez genuen ikusten. Denera, lau egun egin genituen.

Alex Honnold eta Tommy Caldwell eskalatzaileak ere topatu zenituzten marka egiten saiatzen ari zirela (ordu bat eta 58 minutu).

I.R.: Bai, izugarria izan zen. Guk luze eta erdi egin genuenerako haiek gailurrean ziren. Bide erdian harrapatu gintuzten!

Zer ematen dizue eskaladak?

I.R.: Niri, behintzat, bizipoza ematen dit. Lanera pozik joaten naiz, badakidalako handik irtetean eskalatzera joango naizela.

M.Z.: Lasaitasuna eta poza! Eskalatzen ari naizenean lasaitu egiten naiz, eta asko gozatzen dut.

Noiz arte jarraituko duzue eskalatzen?

I.R.: Gorputzak uzten didan arte! Ilusioa ahalik eta gehien luzatzea da, baina arazoak hasi zaizkigu [barreak]... Lagun asko ditugu 60 urterekin eskalatzen ari direnak, eta askotan pentsatzen dut nik ere hori nahi dudala.

M.Z.: Oraingoz, bide errazak gordetzen ari gara, gure ibilbidea ahalik eta gehien luzatzeko [barreak]. Nik ez dut hainbesteko arazorik oraingoz, eta aurrera jarraitu beharko dugu.

Eskalatzaileak izateaz gain, 2015ean Neskalatzaileak taldea sortu zenuten. Nolatan?

I.R.: Eskalatzeko horman genbiltzala, Ana Ruiz ezagutu nuen. Berak sare moduko bat osatu zuen eskalatzaile batzuekin. Lehen izena Neskaladoras izan zuen. Lan handia egin zuen izen ezberdinak biltzeko. Gerora, beste buelta bat ematea erabaki genuen. Elkarte modura funtzionatzen du, baina ez du leku fisikorik. Emakumeen bultzada areagotu nahi genuen, eta irteerak eta arlo ezberdinak jorratzen hasi ginen; arroila jaitsierak, via ferratak... Emakumeak elkartzea zen helburu nagusia. Hala ere, elkartean badira gizonak ere. Federatuta, 50 inguru izango gara.

Elkartea sortu zenutenean zenituzten lehen helburuak bete al dituzue?

I.R.: Oso zaila da, egia esan. Helburua, lehen esan dudan moduan, jendea elkartzea eta talde ezberdinak osatzea zen. Uste dut, alde horretatik, bete ditugula.

Azkenaldian, arazo handia dago Gasteizen, udalak eskalatzeko hormak itxi dituela eta. Nola ikusten duzue arazoa?

I.R.: Irtenbidea eskalatzeko hormak irekitzea da. Ez da posible Gasteizen edo halako hiri batean eskalatzeko bi hormak itxita egotea. Hirugarrena ezagutu ere ez dugu egin oraindik!

M.Z.: Udalaren eta enpresaren arteko gatazka dago. Badirudi udalak kudeaketa ez diola enpresa bati eman nahi, eta enpresak ez dituela udalaren baldintzak onartzen.

Eskalatzaileen artean ba al dago eztabaidarik?

I.R.: Bai, arazoa jendearen ahotan dabil. Ziur nago futbola balitz beste irtenbide bat izango zuela. Eskaladan lau katu ibiltzen direla dirudi, baina, diotenez, 3.000 eskalatzaile ibilitako hilabeteak ere badira. Irtenbidea izatea espero dugu.

M.Z.: Tristea zera da: eskalatzeko hormak irekitzeko prest daudela begiralerik gabe. Eta argi dago begiralerik gabe segurtasuna ez dagoela bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.