Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sinkronizatzeko ordua

2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Garai historiko bakoitzak bere baloreen egitura propioa eratzen du, eta horren baitan antolatzen ditu oinarrizko giza emozioak eta azturak, gertakariei eusten dieten aldamioak balira bezala. Garaiz kanpokotzat jotzen ditugun gizarte ohiturak edo pentsamoldeak ulergaitzak zaizkigu egitura horretatik kanpo gaudenoi, eta berdin gertatuko zaie gure hainbesteekin belaunaldi berriei. Niri gaixotasunak sendatzeko gurtzak edo odolusteak egitea bezain harrigarri egingo zaie gure ondorengoei plastikoekiko gure morrontza, adibidez.

Aspalditxotik sumatzen genuen gure aldamioak ahulak direla garai berrietako eraikuntzari eusteko, baina lurrikara gertatu den arte ez diogu tamaina hartu. Egokitze fase honetan sufrituko duguna gutxiesteko batere asmorik ez dut, baina esango nuke egokiera aproposa dela gure balioen eta gizarte azturen sistema aurrez aurre ditugun erronkekin sinkronizatzeko. Birusa mendean hartuta ere —eta hori, oraingoz, ikuskizun da— enegarren fasea gainditu eta gero etorriko den dena delakoak aldatu egingo gaitu epe labur edo ertainera, eta gaitz erdi horrekin batera munduan egoteko modua ere, zertxobait behintzat, aldatzen badugu.

Ebidentziak oso agerikoak ziren birus hau gabe, eta oso atzean geratzen ari ginen. Klima aldaketak koronabirusak baino hilgarritasun askoz handiagoa duela badakigu, baina orain arte ez gara gauza izan hitzarmen eta paperezko adostasunetik harago ganorazkorik egiteko. Aurreikuspenak argiak ziren; zientziaren ebidentziak, irmoak; baina arriskua lausoegia zitzaigun, kili-kolo bada ere, eusteko modukoa. Gure bizitza halakoxea dela esaten genuen, xahutzailea berez, gutxi batzuen ongizateari eusteko nahitaezkoa zela beste askoren galera. Orain ikusi dugu ez dela egundo posible izango, norberaren zaintza eta etxe bakarra dugun planetarena lotuta daudelako.

Hauxe da unea; nekez izango dugu aproposagorik geure ardurekin sinkronizatzeko.

Euskal Herriko zientzia komunitatean deia egin du ikertzaile-talde batek, «aurrera begira zer» galdetzen dugunean zerbait desberdina eta munduarekiko jasangarria bila dezagula eskatzeko.

Ezinezkoa zela uste genuena egingarri dela ikusi dugu, eta elkarren zaintza, osasuna, elkartasuna eta elkarrekiko erantzukizuna ezinbestekoak zaizkigula nabarmen geratu da. Birusari eusteko etxean geratu behar dugula esan digute, eta egin egin dugu, nahiz eta autoa edo plastikoa ordezkatu behar ditugula esaten zaigunean ezinezkoa iruditzen zaigun. Egun batetik bestera antolatu gara lanaren munduari etxetik eutsi ahal izateko, egoera normalean kontziliazio neurririk oinarrizkoenak adosteko gauza izan ez bagara ere.

Zantzu ugari dago pentsatzeko jauzi handi baten aurrean gaudela eta gure iruditeria bera ere aldatzeko gauza izan gaitezkeela. Sinesten duguna eta egiten duguna sinkronizatzea dagokigu. Hilabete hauetan denok sakrifikatu dugu zerbait ondokoek sufritu ez dezaten, etxean geratu gara gaur bihar edo udazkenean denok kalera atera ahal izan dezagun. Etorkizuna eta komunitatea kontuan hartuta erantzun diogu.

Gure belaunaldiari lehen aldiz gertatu zaio gisa honetako jazoera baten protagonista izatea, eta krisi perfektua da: gutako bakoitzari eta guztioi eragiten digu, hemen eta mundu osoan, ekonomiari, kulturari, biologiari eta gizarte eraketari. Aurre egingo badiogu, denok batera aldatu beharko dugu eta hori historikoa da.

Albait azkarren, seguru eta eroso itzuli nahiko genuke martxoaren erdialdean eten zitzaigun bizitza normalera, ezinezkoa dela jakin arren. Normaltasun berria deitu diogu datorrenari, eta, izatekotan, egunerokoa izango da, baina ez normala, Ruper Ordorikak aspaldi kantatu zuen bezala, ikatza bezalako labezomorroak isurtzen ari baita etorkizun aurreikuspen ororen gainean. Oñatikoaren kanta ezagunaren izenburua Berandu dabiltza da,baina nik pentsatu nahi dut garaiz gaudela datorren hori alferrik iragartzen saiatzeko baino, zer gertatzea nahi dugun elkarrekin landu eta adosteko.

Orain ez bada, noiz? Garai berriko eraikuntzarako aldamio egokiagorik ez zait niri bururatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.