Gernika mailaz igo daiteke gaur, eta Baionak Top14an segitzea ziurtatu

Iñaki Berastegi.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Asteburu bete-betea da hau Euskal Herriko errugbiarentzat. Batetik, gaur jakingo da datorren denboraldian Espainiako Ohorezko Mailan berriro ere bi euskal talde izango diren edo ez. Duela aste batzuk Getxok maila galdu ostean, Ordiziarekin batera aritu daiteke Gernika. Horretarako, gaur, igoerako kanporaketarako bigarren aukeran, Santanderreko Independiente taldea menderatu beharko du. La Vila taldearen aurka lehendabiziko aukera galdu eta gero, bizkaitarrek Ohorezko Mailari eutsi nahi dion Espainiako taldearen aurkako neurketa dute gaur. 18:30ean jokatuko dute norgehiagoka Valladolideko Pepe Rojo zelaian (Espainia). Denboraldiko lan onari ginga jarri nahi dio Gernikak.

Baionak ere garrantzi handiko neurketa jokatuko du gaur, Montpellierren etxean, 17:00etan hasita. Top14 ligako azken aurreko jardunaldiari dagokion partida da. Yannick Bruren taldeak gaur lor dezake matematikoki mailari eustea eta, hala, denboraldi zail baten ostean azken jardunaldira etxeko lanak eginda iritsi. Behin-behinean jaitsierako promoziotik kanpo daude lapurtarrak, eta Paue taldearekin hiru puntuko aldea dute. Beraz, irabazteaz gain, Pauek galtzea behar du Baionak maila ziurtatzeko. Ordutegi bateratuan jokatuko dira partida ia guztiak.

Hain zuzen ere, Miarritzek Frantziako gorengo mailara, Top14ra, igo nahi du berriz ere. Gaur final-laurdenetan Grenoble menderatuz gero, bihar Vannes izango dute arerio finalerdietan. Liga erregularreko bigarren talde onena edukiko dute aurrean lapurtarrek, etxetik kanpo. Beste adarrean, Perpinya eta Oyonax izango dira aurrez aurre.

Datorren asteburuan jokatuko den final handiko irabazlea zuzenean igoko da Top14ra, eta galtzaileak bigarren aukera bat izango du Top14ko azken aurreko sailkatuaren aurka. Beraz, baliteke Top14ko azken postu hori lortzeko Baionak eta Miarritzek elkarren aurka aritu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.