Sormenaren mapa saretzen

Liberoamerica argitaletxe sortu berriak nazioarteko 120 andre gazteren olerki bilduma bat argitaratuko du; Euskal Herriko bost sortzailek parte hartu dute.
Azaroan argitaratuko dute <em>Liberoamericanas</em> liburua. Bost hizkuntzatan idatzitako poemak jasoko ditu: euskaraz, galegoz, katalanez, gaztelaniaz eta portugesez sortutakoak.
Azaroan argitaratuko dute Liberoamericanas liburua. Bost hizkuntzatan idatzitako poemak jasoko ditu: euskaraz, galegoz, katalanez, gaztelaniaz eta portugesez sortutakoak. LIBEROAMERICA ARGITALETXEA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 15
Ezetza izan zen abiaburua. Argentinako Liberoamerica aldizkari digitalak hainbat editorialetan aurkeztu zuen iaz nazioarteko emakume gazteen antologia feminista bat publikatzeko proposamena. Erantzuna, berehalakoa: ezetz. Ez zuten berehalakoan etsi. Inon aurkitu ez zuten editoriala sortzea erabaki, eta aldizkari digitala izatetik argitaletxe izatera pasa da Liberoamerica. Iazko azaroan egin zuen urratsa, eta nazioarteko 24 herrialdetako 800 emakume sortzaile inguru saretu ditu jada, tartean euskal herritarrak. Editorialek ukatutako egitasmoa ere badute esku artean: 120 andreren poemak bilduko dituen antologia bat kaleratuko dute azaroan: Liberoamericanas. Uruguai eta Argentinan publikatu zuten lehen edizioa, eta, herrialde gehiagoko sortzaileak gehituta, bigarrena osatu dute orain. Bost hizkuntzatan idatzitako olerkiak jasoko ditu liburuak —euskaraz, katalanez, galegoz, gaztelaniaz eta portugesez sortutakoak—, eta egitasmoa bultzatzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute martxan. Hilaren 17ra bitarte egingo dute diru bilketa.

Egitasmoak Ozeano Atlantikoaren bi aldeetako zenbait sortzaile lotu ditu; izan ere, Erdialdeko Amerikako zein Latinoamerikako herrialdeetako emakume gazteen poemak eta Portugal, Espainia, Galizia, Katalunia eta Euskal Herrikoenak jaso dituzte antologian. Bost euskal idazleren testuak jasoko ditu: Leire Alonso (Burlata, Nafarroa, 1994), Irati Majuelo (Iruñea, 1993), Ane Zubeldia (Hondarribia, Gipuzkoa,1994), Jule Goikoetxea (Donostia, 1981) eta Iosune Goñirenak (Burlata, Nafarroa, 1993).

«Proiektuaren helburu nagusia oraindik oso ezagunak ez diren emakume idazle gazteen testuak argitaratzea da. Ezagutzen nituen hainbat idazlerekin hitz egin dut horretarako, eta, gehienek ezagutzen ez zuten arren, gogoz gehitu dira egitasmora». Goñik izan du ardura euskal sortzaileen editore lana egiteko antologiarako; hamabi editore dira guztira. «Ez da erraza denak ados jartzea, baina beste herrialde batzuetako emakumeekin lan egitea oso aberasgarria da, bakoitzak ikuspuntu berri bat gehitzen baitu». Literatura eta feminismoari buruzko eztabaidak partekatzeko foroa ere bada.

Generoa eta adina, muga

Goñik azpimarratu du proiektua kolektiboa dela. «Euskal literatura ez da askotan Euskal Herritik ateratzen, eta antologia honek itsasoaren beste aldeko idazleekin elkarrizketa literario bat sortzeko aukera ematen digu. Liburuak garrantzia handia ematen dio pluraltasunari, eta, abiapuntu hori aintzat hartuta, euskarari tokia egitea beharrezkoa iruditu zitzaigun». Bada aipatu duen beste onura bat ere. «Euskal Herrian zein nazioartean gure lana ezagutarazteko aukera emango digu».

Emakume eta gazte izatearen mugak izan ditu. «Literaturaren eremuan gure lana zabaltzeko bi arazo ditugu: emakume izatea, batetik; eta, gaztea izatea, bestetik. Uste orokorra da poesia idaztea emakumeen gauza dela, sentimenduen adierazpenekin lotzen baita. Baina, datu errealei erreparatuz gero, nabarmena da emaitza: poesia argitaratzen duten idazle gehienak adin nagusiko gizonak dira, Latinoamerikan, Espainian edota Euskal Herrian».

Arazoa egiturazkoa da, idazlearen iritziz. «Ezin dugu esan esparru artistikoan berdinak garela emakumeok dugun ordezkaritzak gizonen mendekoa izaten jarraitzen badu. Eta desoreka hori ez da ematen gizonek bezainbeste sortzen ez dugulako, oztopo gehiago ditugulako baizik». Errealitate hori irauli nahi du, besteak beste, esku artean duten poema bildumak. «Emakume idazle eta editoreen presentzia aldarrikatu nahi du egitasmoak. Munduari existitzen garela gogorarazi; hemen gaudela eta sortzen ari garela esan».

Espazio berriak

Generoaz gain, sarritan adina ere traba bihurtzen dela nabarmendu du. «Oraindik libururik argitaratu ez dugun autoreok oztopo ugari izaten ditugu egitasmoak garatzeko». Dioenez, literaturaren kalitateari erreparatu bainoago, editore zein argitaletxe askok publikatutako aleetan jartzen dute begirada. «Libururik idatzi ez baduzu, ez zara inor».

Belaunaldi berriak espazio berriak sortzen ari direla uste du; tartean aipatu ditu azken urteetan hainbat sortzailek Euskal Herri osoan antolatutako errezital ala ikuskizunak. Hala, Liberoamericak argitaletxeen eremuan eragingo du; «espazio berriak sortzeko behar bat dagoela nabari dugu, eta horietako bat izaten saiatuko da».

Emakume gazteen sorkariak ikusarazteko saioa da iaz sortu zen argitaletxearen xedea. Baina abiapuntua besterik ez da, aurrerantzean bestelako egitasmo batzuk bultzatzen arituko baitira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna