KRITIKA. Opera

Opera gau bat zer den

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun

'I Puritani'

Zuzendariak: Giacomo Sagripanti (musika), Emilio Sagi (eszena). Abeslariak: Jessica Pratt (Elvira), Xavier Anduaga (Arturo), Andrzej Filonczuk (Riccardo), Manuel Fuentes (Giorgio), Alejandro Lopez (Gualtiero), Josu Cabrero (Bruno), Laura Vila (Enrichetta).Egitaraua: V. Belliniren I Puritani. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urriak 21.

Giuseppe Verdiri eskainitako kontzertuaren ondoren, OLBE Bilbao Opera elkarteak bere denboraldiko lehen opera taularatu du, beti legez, Bilboko Euskalduna jauregian: Vicenzo Belliniren I Puritani melodrama. Egiaz, Carlo Pepoliren libretoak opera esparruan ohikoa den egoera aurkezten du, estuardoen eta puritanoen arteko gatazka historikoak ez baitigu egia transzendenteak edota sentimendu konplexuak atzitzeko biderik irekitzen. Ekoizpen honetan, zorionez, beste lurretan loratzen dira edertasuna eta zirrara, hala nola bakarlari zerrenda paregabean, Emilio Sagiren eszenaratze dotore eta burutsuan, Giacomo Sagripantiren musika gidaritza zuhurrean.

Guztiz justifikatuta daude egunotan hirukote protagonistari zuzendu izan zaizkien loriak, hitzez, txaloz zein bravo! ozenez. Jessica Pratt sopranoak, une gutxi batzuetan desorekaren zorian zegoela bazirudien ere, bere erregistro zabal eta garbiaren erakustaldia eman zuen, bereziki berealdiko koloratura paleta den Ah sì, son vergin vezzosa aria finean. Xabier Anduagak, berriz, emanaldi ikusgarria oparitu zuen, bere ahotsaren malgutasun distiratsua beti presente, pianissimo goxo sinestezinetatik pasarte sendoenetara, luzimendu zalantzagabea lortuz Credeasi, misera! arian. Andrzej Filonczyk ere kantu-lerro ederra marraztu zuen bere parte hartze guztietan, haragia eta arintasuna batzen dituen tinbre argiaz. Gainontzeko bakarlariak ere zuzen, Sagripantiren batuta zabal eta doiak ezartzen zituen ñabardurei sostengua eta zentzua eman zioten. Azken honek erakutsi zuen bel canto-a gidatzea zer den ongi dakiela.

Musika borobiltzeko, Sagik asmatutako eszenografia eta mugimenduak libretoak faltan duen sakontasuna espaziora darama. Sabai amaigabetik zintzilik, 28 argi-armiarmek pertsonaien aldarteak zein narrazioaren joan-etorriak modu eraginkorrean indartzen dituzte.

Atzo ere izan zen beste aukera bat opera gau bikain bat nolakoa izan daitekeen bizitzeko, edertasunaren soiltasunaz ohartu eta gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.