Irudia eta poesia, zuri-beltzean

Antton Elizegiren 150 argazki baino gehiago bildu ditu Donostiako San Telmo museoak 'Atzera begirako poesia' erakusketan. Gaurtik martxoaren 10era arte egongo da ikusgai

Antton Elizegi argazkilariak 1978. urtean eta 1974. urtean atera zituen bi irudi. ANTTON ELIZEGI.
Nagore Arin.
Donostia
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Azken bost hamarkadetan Euskal Herriko inguru landatarrean eta hiritarrean jazo diren aldaketen, bilakaeraren eta eraldaketaren lekuko da Antton Elizegi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1938) argazkilaria. Abuztuan iragarri zuen 50 urtez bildutako argazki guztiak Donostiako San Telmo museoaren esku utziko zituela, dohaintza gisa; irudi horien iraupena bermatu eta herritarren eskura uzteko asmoz.

Guztira, 45.000 irudi baino gehiago bildu ditu afizioz egindako ibilbidean, eta, guztiak aztertu ondoren, irudirik adierazgarrienen zerrenda egin du San Telmo museoak. Atzera begirako poetika izena jarri diote erakusketari: gaur inauguratuko dute, 19:30ean, eta maiatzaren 10era arte egongo da ikusgai. Atzo egin zuten aurkezpena, Donostian, eta prentsaurrekoan izan ziren Elizegi, Maria Jose Aranzasti erakusketaren komisarioa, Susana Soto museoko zuzendaria eta Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia.

Elizegiren 150 argazki inguru jaso dituzte erakusketan, eta gaiaren arabera bereizi dituzte. Komisarioaren hitzetan, egileak ibilbidean jorratu dituen tematika adierazgarrien zerrenda bat osatu dute. 150 irudi horiei, gainera, pantailetan agertzen diren beste 80 inguru gehitu dizkiete; beraz, 230 lan baino gehiago jaso dituzte erakusketan. Halaber, orain arte plazaratu ez diren zenbait argazki ere bildu ditu komisarioak; hala nola 1974an Bergaran (Gipuzkoa) antolatu zen egitasmo bati lotutakoak: Urrats Berriak. Artearen arlotik abiatuta euskararen alde antolatu zuten egitasmo hori. Irudiez gain, film bat ere egin zuen argazkilariak egitasmo horretan: Super 8.

Guztiak dira Elizegiren lanaren isla, 50 urteren laburpena, baina argazkilariari kosta egiten zaio urte horietan guztietan egin duen lanaren balioaz ohartzea. Hain justu, aurkezpenaren amaieran hitz egin zuen argazkilariak: «Ez nuen pentsatzen horrelako lanik egin nuenik. Orain, atzetik ikusita, garrantzia izan duela pentsatzen dut. Sekula ez nuen pentsatuko horrelako zerbait antolatuko zutenik; ongi iruditzen zait».

Argi-ilunen maisu

Atalka ikus daitezke Elizegiren argazkiak: Natura; Baserria eta egitura arkitektonikoak; Arantzazueta apostoluen frisoa; 'Harriz harri' eta arte erromanikoa; Esperimentazio artistikoa; Industria arkeologia; Argazki etnografikoak; Argazki dokumentalak; eta, azkenik, Erretratua. Irudiekin batera, gainera, argazki koadernoak, urteetan erabili dituen argazki makina ugari eta argazkigintzarekin loturiko objektuak ere jarri dituzte.

Andoaingo (Gipuzkoa) Laborde Hermanos enpresan jaio zitzaion Elizegiri argazkigintzarako grina: han eman zituen lehen pausoak industriaren, makinen, erreminten eta delineazioaren munduan ere. Lehen pauso horiek baldintzatu zuten argazkilariaren geroa; izan ere, horren ondoren, arkitektura estudio batean delineatzaile gisa lan egin zuen. Hortik datorkio figura geometrikoekiko eta egitura arkitektonikoekiko interesa.

Argazkien estiloari eta nortasunari dagokionez, zuriaren eta beltzaren arteko kontraste bizia da Elizegiren jardunaren bereizgarria: argi-ilunekin jolasten da, motibo nagusia forma izaten da, eta konposizioaren eta egituraren indarra bilatzen du. Oro har, argazkiek lotura hertsia dute naturarekin; ezkutuko paisaia pintoreskoak harrapatzen ditu kameraren bitartez: zuhaitz enbor, adar, belar meta, baserri huts... ugari ageri dira haren artxiboan. Seriek osatzen ditu, eta esperimentazioari bide ematea ere gustuko du.

Sotoren esanetan, «aberastasuna» islatzen duen erakusketa bat da, eta esfortzu handiz osatu dute. «Azkar» egin behar izan dute prozesu guztia; izan ere, erritmo bizia eskatu die denbora gutxian irudi guztien analisia egin eta erakusketa nondik nora bideratu erabakitzeak. Aranzastik ere lan prozesuari egin dio erreferentzia: «Antton Elizegik eta biok aspalditik nahi genuen eguna iritsi da; denbora luzean lan egin dugu elkarrekin». Komisarioaren hitzetan, dastatze bat da erakusketa, Elizegiren ibilbidearen lagin bat besterik ez: «Argazkilariaren obra bereganatzeko aukera paregabea da». Insaustiren aburuz, berriz, «iragana gaurkotasunetik begiratzeko eta ikertzeko» parada Elizegiren ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.