HILBERRIA. France Gall

Pop frantsesaren ikurra

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
France Gallen musikaren aztarnaren adierazle izan daiteke Laisse tomber les filles kantuaz April Marchek egin bertsioa. Quentin Tarantinoren Death Proof filmeko indarretako bat. Hortik Gallen 1964ko bertsio originala entzuten jarri, eta originalak ez duela zertan bertsio berriaz ahalketzerik ohartzeko doia dago. Originalak funtzionatzen du. Sacre Charlemagne diskotik hartua, garai hartan bi milioi ale saldu zituzten. Artistaren lehen arrakasta izan zen. Ye-ye urteetako ikonoetako bat bilakatu zen orduan Gall. 70eko hamarkadan eta 80ko hamarkadan ere beste kantu zenbait utzi dizkio pop frantsesari Gallek. Bazuen, haatik, 21 urte taula gainak utziak zituela. Igande honetan zendu da Isabelle France Gall (1947, Paris), 70 urtetan, minbizi baten ondorioz. Beren arrakasten artean, La declaration d'Amour, Si maman si, Il jouait du piano debut, Ella elle a, Resiste edo beste, bere ahots mehea doinu erakargarrietan zalu dabil.

Deigarria da Gallen heriotza iragartzean, bere berezko talentua baino gehiago, «bere biziko gizonak» azpimarraturik ikustea prentsan. Dela kantu idazlea zuen Robert Gall aita, dela Serge Gainsbourg, dela Michel Berger. Kantu idazle izan zituen horiek ere. 70eko hamarkada hasieran bere arrakasta apalduz zihoala, Berger konpositorearen kantuak entzun, eta bilatzen zuen sakontasuna aurkitu zuen haietan Gallek. Eta hark zion Bergerri elkarlana proposatu. Bikote egin ziren, eta bikote gisa elikatu zuten bien irudia, 1992an Berger zendu arte. Gall «alaba, emazte edo inspirazio iturri» gisa aurkeztu dute anitzek, Gall pasibotasun batean sartuz. Alta, harena izan da pop frantsesa elikatu duen talentu hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.