Kore-Edaren film berriak hunkidura sortu du Cannesen

Alejandro Jodorowskyk 'La danza de la realidad' filma aurkeztu du, 23 urtean egin duen aurreneko filma

Agentziak
Cannes
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Aitatasunaren inguruko gaiak hartu zuen erdigunea atzo Cannesko zinema jaialdian. Hirokazu Kore-Eda zinemagile japoniarra trebea da familiaren eta haren inguruko problemen gaia zinemaratzen, sentiberatasunez eta zorroztasunez. Atzo Soshite Chichi Ni Naru (Nolako aita, halako semea) filma aurkeztu zuen, aitatasunari eta umeen trukaketari buruzko lana, eta hunkidura eragin zuen. «Jada ez dut ez amarik, ez aitarik, eta aita bilakatu naiz ni neu. Gizartean dudan egoera aldatu egin zait, seme izateari utzi eta aita bihurtu bainaiz. Asko interesatzen zait gai hori, eta horretaz hitz egiten jarraituko dut», azaldu zuen filma aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Kore-Edaren filmak bi familiaren istorioa kontatzen du. Familia bakoitzeko bi semeak trukatu egin zituzten jaiotzean, ospitalean izandako akats baten ondorioz. Orain, bi haurrek 6 urte dituzte, eta ospitaleak proposatzen die ume bakoitza euren familia biologikoarengana itzul dadin. Cannesko zinema jaialdian ohikoetako bat da Kore-Eda. Hau da parte hartzen duen laugarren aldia.

Aitatasunarekin zerikusia dauka Alejandro Jodorowskyren La danza de la realidad filmak ere. Idazle eta zinemagile txiletarrak 23 urteren ostean aurkeztu du film bat berriro, eta iraganarekin bakeak egiteko ez ezik, bere aitarekin izandako harremana ulertzeko balio izan diola azaldu zuen: «Film hau bonba psikologiko oso indartsua izan da niretzat. Ia negar egin dut ikustean, nire aitarekin adiskidetzeko balio izan baitit». Jodorowskyren zazpigarren filma da: «Filmak egiteak balio behar du buruaren mugak gainditzeko eta harago joateko. Film honekin plazera baino zerbait gehiago eskaini izana espero dut».

Sail ofizialetan hirugarren filma aurkeztu zuten atzo, Arnaud Desplechin frantziarraren Jimmy P., hain zuzen ere. Benicio del Toro aktoreak antzezten du AEBetako indiar baten rola, psikoanalisiaren ikuspegi batetik. Hotz hartu zuten filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.