Kooperatibismoaren musika

Ez da makina hotsik entzuten 'Humanity at Music' lanean, ezta enpresen urteko balantze ekonomikorik ere. Esperientzia kooperatiboaren kontakizuna osatu du Mondragon korporazioak, hitzez eta musikaz.
Maite Mutuberria ilustratzaileak Mondragon korporazioaren <em>Humanity at Music</em> proiekturako sortutako lan bat.
Maite Mutuberria ilustratzaileak Mondragon korporazioaren Humanity at Music proiekturako sortutako lan bat. HUMANITY AT MUSIC

Andoni Imaz -

2018ko abenduak 8
Arrasateko (Gipuzkoa) Mondragon korporazioak liburu lodi bat argitaratu du urte amaiera honetan; baina barruan ez da ageri zenbakirik, balantzerik, ezta inolako aldagai ekonomikorik ere. Zortzi hamarkadatan herriak bizitako kooperatibismoaren esperientzia jaso du korporazioak elkarlan handi batean. Idazleen narrazio laburrak, bertsoak, ilustrazioak eta soinu banda sinfonikoa biltzen ditu lanak, bestelako historia bat kontatzeko eta kantatzeko.

«Interkooperazio ariketa bat» da, Javier Marcos Mondragon korporazioko komunikazio buruaren hitzetan. Enpresen artean ohikoa da interkooperazioa, elkarlana, negoziorako, batez ere. Baina elkarlan hori beste esparru batzuetara eramateko jaio zen Humanity at Music proiektua. Euskarri berri bat erabili du enpresa taldeak horretarako. Elkarlanaren fruitu liburu bat, sinfonia bat eta ikuskizun bat izan dira.

Dagoeneko, 75 urte ditu Arrasateko esperientzia kooperatiboak, eta, lanean jarraitzeaz gain, «kontatu ere, kontatu behar da», Marcosen ustean.

Hainbat sortzaile elkartu dituzte lanerako. Sinfoniaren hitzak idazteko, etxera jo dute, eta Jon Sarasua aritu da lan horretan. Gertutik ezagutzen du korporazioa: irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta ikertzaile ere aritu da Lanki ikertegian.

Planteamendu berriak erakarri zuen Sarasua proiektura: «Kooperatibismoa, herritar masa bat... Badira osagai batzuk koktel berezi batentzat». Gertutik ezagutzen du Arrasateko kooperatiben esperientzia, eta kantei hitzak jartzen ere badu eskarmentua. Baina Humanity at Music proiektuak bazeukan berezitasun bat: «Lan sinfoniko bat, masa batek kantatua izateko, Arrasateko errealitate konplexu bat kontatuz. Bada desafiotxoa».

Sortzaile lanetan, «barne borroka bat» izan du Sarasuak, hiru frontetan. Lehena, konplexutasunaren eta sinpletasunaren artekoa. Toki askotan ibilia da, eta, azkenean, garatu zaio «begirada konplexu bat» kooperatiben istorioaren inguruan. Baina sinpletasuna ere behar zuen, 400 pertsonako abesbatza batek kantatzeko hitzek bete behar dituztelako baldintza batzuk: fonetikoki ezin dira zailak izan, eta hitz gutxitan esan behar da dena.

Bigarren tentsioa: «Hitzak nireak dira, baina ahotsa ez. Ahotsa da kooperatibista masa zabal batek kantatu eta bere egitekoa». Eta, hirugarrena, sinfoniaren konpositorearen eta beraren artean sortu den harreman eta sinbiosia. Fernando Velazquezek egin du musika. «Harrapatu du oso ondo zer nahi nuen azpimarratu».

Getxoko (Bizkaia) musikagile eta orkestra zuzendaria da Velazquez, eta bereziki ezagun egin dute zenbait filmetarako sortu dituen musikek: Juan Antonio Bayonaren Lo imposible (2012) eta A Monster Calls (2016) lanetakoak, batez ere. «Oso esperientzia ederra» izan da Sarasuarentzat harekin elkarlanean aritzea.

Zortzi zati ditu sinfoniak, eta gai bana lantzen dute. «Nahi izan ditugu destilatu esperientzia kooperatiboaren ibilbideko gakoak, ekarpenak eta kezkak». Badaki dena ez dela ona, eta gogoetarako bidea ere ematen dute hitzek: «Ez da apologia bat, baina bada kantatze bat. Egin duguna eta egiten ari garena, bere argi eta ilunekin, bada kantatzeko moduko zerbait».

Elkarlanerako tresna

Soinu banda bat baino gehiago da, halere, Humanity at Music. Liburua ere atera dute, eta hainbat sortzailek hartu du parte bertan. Ilustrazioak eta diseinuak Maite Mutuberriarenak dira: «Sorpresa izan zen niretzat, Mondragon kooperatiba nolabait ezagutzen nuelako, baina ez nekielako zein zen bere historia». Proiektu «berezia» izan da ilustratzailearentzat, liburua diseinatu ere egin duelako; beraz, bere eskuetatik igaro da material guztia, eta hari forma emateko ardura izan du.

Hasieratik zuen argi collage teknika erabili nahi zuela: «Mondragonek zeuzkan argazki zaharrak berreskuratzea zen parte hartu dutenei nolabaiteko omenaldia egitea, eta gaur egungo eta orduko irudiak bateratzea lortzen zuen collageak». Forma geometrikoekin ere jolastu da, Errusiako konstruktibismoan jarrita gogoa: «Iruditzen zitzaidan fabrikaren, lanaren eta musikaren erritmoa iradoki nezakeela».

Testu laburrak ageri dira ilustrazioekin batera, Katixa Agirrek, Leire Bilbaok, Irati Jimenezek, Pilar Kaltzadak eta Gloria Totorikaguenak idatziak. Zenbait bertsolari ere aritu dira lanean: Amets eta Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Xabi Igoa, Oihana Iguaran, Julio Soto eta Jone Uria.

2019ko irailaren 14an, ekitaldi handi bat egingo dute, Gasteizko Buesa Arenan, kantatzeko eta dantzatzeko, Kukai taldearekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna