Ekaitza lehorreratu da Venezian

Harrera ona egin diote Oskar Alegria zinemagilearen 'Zumiriki' lan berriari Veneziako 76. Zinemaldian. Filmatu bitarteko lau hilabeteetan egileak bizi izandako esperientziak sortu die miresmen handiena ikusleei.

Oskar Alegria zinemagileak (erdian), ostiralean aurkeztu zuen Zumiriki bere bigarren film luzea Veneziako 76. Zinemaldian. ANDONI MAKAZAGA CONDE.
Ander Makazaga Conde
Venezia
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Glamourraren erreinura, Lidora, itsasontziz baino ezin dairitsi. Excelsior hotela izan dute Sail Ofizialeko gonbidatuek jarraitzaile eta zaleen argazkien babesleku, eta harrera jendetsua egin diote aurten inoiz baino gehiago etorri diren Hollywoodeko izarrei. Gorabehera handirik gabe igaro dira lehen egunak Venezian: egin duen bero izugarriak izerditan blai utzi ditu 76. Zinemaldira bildu direnak, hondartzara joan denik ere bada, sakelakoen kamerekin selfy-ak ateratzen aritu dira akreditazio koloretsuen jabe izan diren turistak eta zinemazaleak, eta, nola ez, kafea eskuetan dutela igaro dituzte askok egunak.

Asteburua iristearekin batera, baina, normaltasuna eten egin da. Iragarpenak hala zioen, eta ez du hutsik egin. Klima mediterraneoak alde egin du, eta lehen euri tantak erori dira. Ekaitza egingo zuela jakina zen, eta goiz-goizetik zeru ilunak mehatxua zekarren. Haize bolada zakarrek itsasoa oldartu dute, eta giroa goibeldu. Sari banaketako ekitaldiaren aurreko eguna izan da ostirala —irailak 6— uhartean, baina oraindik ere aurtengo ekitaldiari bukaera emateko eta, batez ere, aurreko egunetako lasaitasuna ahazteko azken pizgarriak heldu behar zuen. Eta pizgarri hori etxekoa dugu.

Oskar Alegria eta haren taldea diskrezioz lehorreratu dira Lidon, foku mediatikoetatik urrun. Zumiriki bigarren film luzea aurkeztera etorri da jaialdira, eta Orizzonti sailean lehiatu da, nazioarteko beste hainbat lanekin batera. Alberto Barberak 2011n zuzendari kargua hartu zuenean Veneziako Zinemaldiak jazo zuen norabide aldaketak, hau da, izar handi eta ekoizpen industrialen apustuak, Orizzonti sailera bideratu zituen ohiko akademizismotik at dauden lan ausartak eta joera zein adierazpen zinematografiko askeagoen alde egiten dituztenak.

Eta patuak hala aginduta, filmak zein sailetan kokatzearen eztabaida programatiko eta identitario horri estuki lotuta dago Zumiriki; Barberak zinemaldian ikusgai egongo ziren lanen zerrenda ezagutarazi zuenean egin zituen adierazpenek argi diote: «Jaialdian sailkatzen zailena den filma da».

Unibertso poetikoa

Sail Ofizialeko emanaldi goiztiarrak noiz hasi itxaron bitartean, euripean, zurrumurruak entzuten dira, bolo-bolo; iragan gauean ikusitako filmei buruzko iritziak dira asko, baina hitz jakin bat izan da gehien errepikatu dena iragan ostiralean. «Zumiriki». Katalogoa eskuetan dutela, «basco, spagnolo» hizkuntzan emango duten dokumental deigarri bat omen dagoela komentatzen ari da emakume italiar talde bat ilaran. Ezagutzen dute spagnolo hori, hurbilekoa zaie, baina baita basco-a ere, arrazoi politiko eta kulturalengatik bada ere. Arratsaldean filmaren emanaldira joango direla erabaki dute.

Eta bazkalordua igarota, Darsena aretoko argiak itzali eta bozgorailuetatik «Signore e signori con tutti voi il regista... Oskar Alegria» entzutearekin batera, txalo zaparrada artean eta Alberto Barbera Veneziako Zinemaldiko zuzendaria aldamenean duela sartu da zinemagile nafarra aretora. Bi ordu geroago, argiak piztu, eta, ustekabean, eguraldiak egin bezala, Zumiriki-k Veneziako Zinemaldia astindu du.

Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa da, Oskar Alegriak berak interpretatua. Naturan barrena, memoriaren bitartez, haurtzarora egindako bidaia poetikoa da nafarraren esperimentu zinematografikoa. Aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duena. Emaitza? Identitateari, iraganari eta lengoaiari buruzko hausnarketa metalinguistiko existentziala.

Jaialdian lanean ari diren kazetari eta zinema adituak harritu ditu Zumiriki-k, eta hala jakinarazi diote zuzendariari filmaren aurkezpen publikoan bertan. Barberaren hitzak berretsi dituzte, «estilo imitaezina» duela gaineratuz. Alegriak, ordea, gogoratu du kategorizazio horrek bere ekoizpena sailkatu besterik ez duela egiten. Kritikariak bat datoz planoz plano azaltzen diren ekintza guztiek dutela bere gain «poesia», eta ikusleek ere zuzendariaren pelikulak transmititzen duen «edertasuna» azpimarratu nahi izan diote,zuzen-zuzenean. Filmatze prozesuan egileak bizi izan duen esperientziak sortu die miresmen handien, eta hala helarazi diote etengabe.

«Lau hilabetez bakar bakarrik egon naiz, nire kamerekin. Ahotsa ere galdu dut». Aitak super8 kamerarekin hartutako irudiak osatzeko asmoz, zuhaitzei izen bat esleitzeko asmoz, bidaia iniziatiko bat proposatzen du zuzendariak, non desagertzear dagoen paisaia batek, hizkuntza batek, memoria batek bizitasuna berreskuratzen duen zinemaren bitartez: «Zinemak bizitza bikoitza izateko aukera ematen digu». Ibaiaren erdian dagoen uhartea, Zumiriki, aldarrikatzeko lan espirituala egin du Alegriak, eta horretarako plangintza zehatz bati bete duela onartu du zinemagileak: «Pentsatu gabe filmatu dut, denbora kontuan izan gabe. Eta hala baino ez dut lortu ikusezinak diren oroitzapenetan murgildu ahal izatea».

Alegriaren Zumiriki filma Veneziako Zinemaldian hautatua izateak eta harrera ona jasotzeak baieztatzen du Euskal Herriko industria zinematografikoak indarra hartu duela urteak igaro ahala. Etxeko mugak zeharkatzeko gai dela erakutsi du, eta agerikoa da atzerrian ikusmin jakin bat ere pizten ari dela. Urrezko aroa bizi izan du gure zinemagintzak, eta, neurri handi batean, horretan badu eraginik egun gutxi barru 67 urte beteko dituen Donostiako Zinemaldiak. Euskal Herriko zinemagile askok bertan aurkeztu dituzte datozen hilabeteetan nazioarteko jaialdietan eta zinema aretoetan ikusgai egongo diren ekoizpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.