Telesailak

Kriminalei jazartzen, kriminalen erara

'The Shield' telesailak 20 urte bete ditu. Klasiko garaikide honek legearen mugetan jarduten duten polizia agenteen istorioak kontatzen ditu

THE SHIELD.
Mikel Yarza Artola.
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Los Angelesko distritu hau arriskutsuenetako bat izan da tradizionalki, eta berriemaile batzuek gerra gune izendatu izan dute. Baina, nire zuzendaritzapean, hilketak, bortxaketak eta lapurretak nabarmen murriztu dira, bertako familiek aldaketa igarri dute. Seguruago sentitzen dira». The Shield telesaileko lehen hitzak dira, David Aceveda polizia kapitainak prentsaurreko batean egindako adierazpenak, bere aginduetara lan egiten duten lau agentek, kalean droga trafikatzaile bati jazarri, eta hura kolpatu eta umiliatzen duten bitartean.

Strike Team talde bereziko kideak dira. Bost axola die polizia etxeko estilo liburuak, eta lanerako erabiltzen dituzten metodoak ez dira batere ortodoxoak. Hala ere, nagusiek sarritan ez ikusiarena egiten dute, badakitelako zeinen eraginkorra den agente hauen estiloa kriminalak atzemateko eta urteko helburuak betetzeko.

Vick Mackey polizia agentea da taldeko burua eta telesaileko protagonista nagusia. The Sopranos klasikoak hauspotuta, antiheroien inguruko istorioak indarra hartzen hasi ziren duela bi hamarkada, eta Mackey estilo horretako pertsonaia ikonikoetako bat da. Michael Chiklis aktorea maisutasunez aritu zen rol horretan, eta bera da telesailaren arrakastaren erantzule nagusietako bat. Izan ere, ekintzarik ankerrenak egin arren, ikusleentzat maitagarriizatea lortu zuen. Chiklisekgizonezko aktore onenaren Emmy saria eskuratu zuen 2002an, The Shield estreinatu zuten urte berean. Gerora etorri ziren ildo bereko Mad Men eta Breaking Bad, eta aurrea hartu zioten arrakasta komertzialaren alorrean. The Shield harribitxi ahantzien kutxan gordeta geratu zen, eta merezi du hortik berreskuratzea.

Zazpi denboralditan, polizia etxeko galdeketak izan ziren telesail honen ardatz nagusietako bat. Sortzaileek polizia agenteen kontraesanak eta kriminalen gizatasuna esploratu zituzten, eta fikzio garaikideko elkarrizketa onenetako batzuk osatu, xehetasun emozionalez beteriko gidoi bikain batean. Bortitz, sentikor, jostari, polemiko...telesaileko sortzaileek hamaika erregistrotan aritzeko trebezia erakutsi zuten, eta, denboraldiek aurrera egin ahala, geroz eta sakontasun handiagoa eman zieten pertsonaiei eta istorio orokorrari.

Aktore finkoez gain, nabarmentzeko modukoak izan ziren denboraldi bakarreko gonbidatuak: esaterako, Glenn Close eta Forest Whitaker Oscar sariduna. Ustelkeria, gezurrak eta traizioak polizia protagonisten patua belzten hasi ahala, telesailak pantaila txikiaren historian betiko gogoratuko diren eszena mordoa plazaratu zituen. Amaiera duin bat eskaintzea izan ohi da iraupen luzeko telesailen erronka nagusietako bat; bada, zale askorentzat azken txanpa izan zen hain justu The Shield telesailaren gailur nagusia.

Antiheroien bizitza bikoitza, familia harremanak, kaleko gatazka etnikoen soinu banda, umore beltzaren indarra, komisariako dokumental estiloko zoomak eta travelling-ak... The Shield aitzindari izan zen belaunaldi batentzat. Esaterako, Kurt Sutter bertan trebatu zen gidoigile gisa, Sons of Anarchy sortu aurretik.

'THE SHIELD'
Sortzailea: Shawn Ryan.
Aktoreak: Michael Chiklis, Walton Goggins, Catherine Dent, Michael Jace, CCH Pounder.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2002.
Non ikusi: Canal Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Thrillerra. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.