Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Legorretako bat Netflixen

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Mariano GarmendiaLegorretakoa da (Gipuzkoa). AVITE talidomidaren biktimen elkarteko kidea da, eta elkartea ordezkatzen ibili izan da urteetan zehar. Horregatik ezagutzen dut nik, eta baita beste askok ere. Pare bat aldiz elkarrizketatu ahal izan dut, eta gustatzen zait tipoa. Baina tira, Legorreta eta legorretarrak horrelakoak dira. Hori beste gai bat da, ordea.

Nik dakidanagatik, ez da sekula antzerki talde batean egon. Eskolan, agian? Hori gutxi balitz bezala, sare sozialetan elkar jarraitzen dugu, eta ez diot sekula film edo telesail baten inguruko iruzkinik irakurri. Hori dela eta, arraroa egin zitzaidan duela hilabete inguru Netflixen telesail berri baten trailerra bere horman jarri izana: White Lines izena zuen ekoizpenak.

White Lines Alex Pina La casa de papel arrakastatsuaren sortzailearen lan berria da. Netflixek haren aldeko apustua egin, eta aurrekontu handiko telesail bat aurrera ateratzeko aukera eskaini dio. Eivissan (Herrialde Katalanak) kokatzen da, eta gaztelania eta ingelesa modu naturalean uztartzen ditu —behin, eta gehiago agertzen ez den neskame baten ahotik, entzuten dugun katalana ez bezala—. Bertan, duela 20 urte desagertu zen DJ ingeles famatu baten bizitza eta misterioan murgilduko gara, gorputza agertu, eta haren arreba Eivissara joango da, anaiarekin zer gertatu zen ikertzera. Istorio horretan, irla bera eta bertako gaua pertsonaia bat gehiago izango dira.

Ez dizuet gezurrik esango, guilty pleasure moduan gozatu dut telesaila, eta hiru egunetan irentsi. Ikusten hasi bezain pronto, akats ezberdinak identifikatzen joan nintzen gidoi, pertsonaia, egitura zein akting aldetik. Hala ere, inongo unean ez zitzaidan burutik pasa, ikusteari uztea. Erabat kateatu ninduen eta bai, nik ere Nuno Gomes portugaldarrak gorpuzten duen Boxerri besarkatuta igaro nahi ditut hurrengo oporrak. White Lines-ek itogin ugari ditu, etengabe eta leku guztietan, baina, hala ere, amaitu egin nahi duzu. Nire kasuan, oso gutxitan gertatzen zaizkit halakoak, eta, horregatik, bere balioa eman nahiko nioke. Baina, noski, Legorretako Mariano Garmendiak bertan paper txiki bat izateak ere izango du eragina. Legorreta eta legorretarrak ere horrelakoak baitira: ez dakizu zergatik oso ondo, baina ezin diezu eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.