Telesailak

Emakumeen eskubideei aurre egin zien emakumea

Eskubide Berdintasunaren Emendakina bultzatu eta baztertu zutenen arteko lehia islatu du 'Mrs. America' telesailak

BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
«Ez dut sekula diskriminaziorik jasan. Emakume batzuek nahiago dute euren porrotak sexismoari egotzi, nahikoa indarrez saiatu ez direla onartu baino». Phyllis Schlaflyren hitzak dira, 1970eko hamarkadan AEBetan Eskubide Berdintasunaren Emendakina bertan behera uztea lortu zuen mugimenduaren gidariarenak. Dibortzioan, jabetzan, lanean eta beste alorretan gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak amaitzea zuen xede emendakin horrek, baina hainbat emakumek ez zuten begi onez ikusi, eta kontraerasoa antolatu zuten.

Garai hori biltzen du Mrs. America telesailak, mugimendu feminista eta etxekoandre kontserbadoreak aurrez aurre jarri zituen garai historikoa. Izan ere, lehia kultural horren ondotik sortu zen Moral Majority izenez ezaguna den eskuineko antolakunde erlijioso giltzarria.

Cate Blanchett aktoreak jokatu du Schlaflyren rola, eta telesailak hasieratik erakutsi du gizonek menderaturiko mundu batean emakumezko protagonistak nonahi topatu zituela matxismoaren mugak: telebistako elkarrizketetan, etxeko arduretan eta senarrarekin zuen harremanean, besteak beste. Nolabait, Schlaflyk baimena eskatu behar zuen bizitzako hainbat alorretan burujabe izateko. Baina emakume indartsua zen, eta Stop ERA kanpainaren eskutik lortu zuen oihartzuna eta onarpen publikoa.

Beste aldean, Emakumeen Askapenerako Mugimenduaren bigarren olatua. 1968ko iraultza politiko, sozial eta kulturalak bultzatuta, eraldaketa esparru instituzionalera eramaten ahalegindu zen. Fikzioan islatu dituzten figura esanguratsuenen artean daude Shirley Chisholm, AEBetako Kongresuan eserleku bat eskuratu zuen lehen emakume beltza, eta Gloria Steinem, erreferentziazko lider feminista.

Emakumezkoen bi mugimendu horien arteko norgehiagoka kontatzen du telesailak, eta islatzen du zelako lan politiko eta mediatikoa egin zuten batak zein besteak itzalean, euren mezuak herrialde osoan zehar hedatu eta Eskubide Berdintasunaren Emendakinaren lehian gailendu zitezen. Bozketa, diskurtso eta manifestazio artean, telesailak boterearen jokoari eta instituzioen funtzionamenduari erreparatzen die arreta handiz, eta erakusten ditu aldarriak kaletik erakundeetara eramatearen abantailak eta albo kateak.

Mugimendu bakoitzeko emakumeek sutsuki defendatu zituzten euren idealak, baina azpimarratzekoa da bi eredu bateraezin horien artean egon zela gris eskalan mugitu zen emakumerik ere. Fronte bietan azaleratu ziren pitzadurak eta korronte ezberdinak, eta telesailak horiei atera die zuku gehien, kontraesanen ozeanoan igeri egiteko.

Alde horretatik, tentsio dramatikoa da nagusi, ez thriller batek eragiten duena, baizik eta dilema moralek dakartena. Pertsonaiak bidegurutzean harrapatuta geratzen dira, eta une horietan loratzen da alor formalean egindako lana. Telesailaren zuzendariek adimen handiz jorratu dituzte eszena bakoitzean narrazioa, giroa eta hautaketa musikala. Goi mailako aktoreen distira ere apartekoa da. Cate Blanchetten telebistako estreinaldia da, eta harekin batera aritu dira The Sopranos, Mad Men, American Horror Story eta Orange is the New Black telesailetako aktoreak.

'MRS. AMERICA'
Sortzailea: Dahvi Waller.
Aktoreak: Cate Blanchett, Rose Byrne, Uzo Aduvba, Sarah Paulson, John Slattery.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.