Elkarte batez, lau sor-marka

Ipar Euskal Herriko Lau Sormarkak elkarteak Ossau-Irati, Ezpeletako biperra, Kintoa zerri saila eta Irulegiko arnoa sor-markak biltzen ditu. Apirilaren 17an ospatuko du bere sortzea, Itsasun.

Ossau-Irati sor-markak berrogei urteak ospatu zituen duela bi aste Ligi-Atherein (Zuberoa), Manex Buru Beltza elkartearen transhumantziaren besta kari. OSSAU-IRATI.
Ainize Madariaga
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko lau Jatorri Izen Gerizatuak (JIG)bat egitea deliberatu dute. Lauez bat, Ipar Euskal Herriko Lau Sormarkak elkartea sortu dute. Ossau-Irati gasnaren, Irulegiko arnoaren eta Ezpeletako biperraren sindikatuak, eta Kintoa euskal zerria sailak.

Harri batez lau txori, 2019ko Lurrama azokan hasi zituzten elkartearen muntaketa lanak. Izan ere, iazko urteari so ziren jada, 2020. urtea urte borobila baitzen: Irulegiko arnoaren sor-markak 50 urte bete baititu; Ossau-Iratirenak, berrogei; Ezpeletako biperrarenak, hogei, eta, azkenik, Kintoa zerrikia sailak, lau. Iazko urtea estakuru ezin hobea zen, beraz, elkarte jaioberriaren lehenbiziko orrien idazteko. «Aberastasuna da guretzat lau sor-marka izatea; laborarientzat, nola euskal ekonomiarentzat», xehatu du Beñat Saint Esteben, Ossau-Irati sindikatuko laborariak. Lau adarrak bakoitzak bere bidea egin beharrean, indarrak batu nahi izan dituztela azpimarratu du: «Lekuan berean lau sor-markak ukaitea indar bat da; domaia litzateke ez elkarrekin komunikatzea. Helburua da sor-marken arteko elkartasuna atxikitzea».

Elkartasuna aipatu du, sor-marka kausitzeko bidea malkartsua baita. Izan ere, Ossau-Irati sindikatuak Jatorri Izen Gerizaturen zigilua eskuratzeko «bide luzea» egin duela oroitu da Saint Esteben; laborari, gasnategi eta kontsumitzaileen historia «handia» dagoela sor-marka horren barnean. Berak Makean (Lapurdi) du etxaldea, eta ardi burugorrien esnea Makeako gasnategiari saltzen dio, zeinak Onetik gasna ekoizten baitu bildu esneari esker. Makeako gasnategia bera Ossau Irati sor-markaren barne da, hogei bat kooperatiba edo enpresa bezala, eta bertze 1.300 esne ekoizle eta 140 laborari-gasna egilerekin batera. Izenak berak salatzen duen gisan, Ipar Euskal Herriaz gain, Biarnoko ekoizleak ere badaude bertan. Lantalde zabal horrek 1.400 tona Ossau-Irati jatorri izeneko mozkin baino gehiago ekoizten du urte guziez.

Baina ez nolanahika. Ardi esne edo ardi gasna egile batek Ossau-Irati Jatorri Izen Gerizatua eskuratu nahiko balu, arau zorrotzak bete beharko zituzkeen mozkinaren kalitate onaren bermatzeko. Ekoizleak hautu garbia egin beharra du horretarako, lan moldea baldintzatuko baitio. Konparazione, ezin da urte osoan esnerik ekoitzi, axuriei utzi behar zaielako. Ororen buru, «lehengo egiteko manerak atxikitzen ditu sor-markaren araudiak. Baitezpadakoa da gasna tokiko ardi arrazen esnez egina izan dadin, bertan transformatua eta ondua. Bertze hiru sor-markendako ere balio du tokikoa izan beharrak».

Gainera, ongailu sintetiko eta pestiziden erabilera zorrozki mugatua dute, eta transgenikoena, debekatua. Horiek hola, arauen ordainez, esnearen prezioa «bermatua» duela ohartarazi du Saint Estebenek, hau da, salmenta baldintza onetan eginen dela: «Sor-marka babes bat da ekoizlearentzat ere. Esnearen prezioa ezagutzen dugu, merkatukoa ez bezala. Hura noiznahi eror baitaiteke peko errekarat. Sor-marka arrunt preziatua da, eta bere tokia arrunt egina du. Arauak anitz dira, bai, baina horiek dute egiten sor-marken indarra».

Boz bakarra diru iturri

Boz bakarra eman nahi izan diote,beraz, lau sor-markei, komunikazioari begira, baina baita diru laguntzei so ere: «Kolektibitateentzat aiseago da elkarte bakarrari ematea, batzuei baino», erran du Saint Estebenek.

Berez, elkar laguntzen diote jada: Makeako gasnategian, adibidez, Ossau-Irati gasnez gain, bertze elkarteko gainerako mozkinak ere salgai ezarriak baitituzte.

Orain, COVID-19ak galarazi zienaz gozatuko dute: sor-marka bakoitzak bere urtebetetzea ospatzea elkarrekin. Eguna arrastatua dute jada: apirilaren 17a, Itsasun (Lapurdi). Mozkin bakoitza nola egiten den erakusteko tailerrak izanen dira, goizetik arrats.

Hala ere, iragan maiatzean Hazparneko (Lapurdi) Armand David ikastetxeko ikasleentzako elkarlanean aritu dira: Michelin izarra duen Clement Guillemotsukaldariak elkarteko lau sor-marketako mozkinekilako bazkaria prestatu baitzien.

Eta otsailaren 7an profesionalentzako eguna antolatua du elkarte berriak, Angelun (Lapurdi), jatetxeetan haien mozkinek «toki gehiago» har dezaten.

Alta, duela bi aste Ossau-Irati sor-markak berrogei urteak ospatu ditu, Ligi-Atherein (Zuberoa), Manex Buru Beltza elkartearen trashumantziaren bestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.