Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Negozioak agintzen du

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehenengo sagardotegiak, udaberria gertuago dagoela sinetsarazten duen eguzki tranpatia (behingoz), maila eta klase guztietako kirol emankizunak, igande ajetsuak eta eguraldiaren aitzakian azken ordurako utzitako lanen zama. Lehen begiratuan, otsaileko azken bi hauek beste edozein astebururen tankera dute. Baina —besteak beste— AEBek telebistaren bidez euren agenda eta iruditegia mundu osora zabaltzeko duten gaitasunaren erakusle dira. Hiriburu mediatikoen erakuslehio. Amuari kosk egin, zein ez.

NBAko jokalari onenak jaialdi berean biltzen dituen All Star ekimena izan da pasa den asteburuan Charlotten. Milaka miloi euro ordaintzen dituzte han eta hemengo telebistek gizonezkoen saskibaloiaren izarrek jokatzen dituzten lehiak eta partidak erakusteko. Larunbat gauez —berariaz, kasualitatez edo insomnioa arintzeko— abilezia txapelketa, mateena edo hirukoena ikusi duenik bada, badaki: espektakuluaren zerbitzura diseinatutako asteburua da, arreta mantentzeko ezintasuna dutenen neurrira egindakoa. Zuzeneko emisioa izanda ere, gerora editatutako laburpena dirudi: zientoka kamera tartekatzen dira; atal bat amaitu orduko, hasten da hurrengoa; eta jokalekua prestatzen duten bitartean, bestelako emankizunak—dantzak, antzerkiak...— erakusten dituzte, segundo bat bera galdu gabe. Zirragarria da. Edo itogarria. Nondik begiratzen den.

Ez da alferrik NBA kirol profesionalean diruak agintzen duela agerikoena den kirol txapelketa. Ondo dakite hori zein taldetara joango diren erabakitzerik ez duten jokalariek: «Negozioa da hau».

Datorren asteburuan, mundu zabaleko miloika begi izango dira berriro AEBetara beha. Zinemaren Oscar sariak banatuko dira Los Angelesen. Hiru ordu pasa irauten duen emankizuna luzeegia omen da, ordea; ez ei da nahikoa erakargarria eskubideak prezio nahi bezain puztuan saltzeko. Pentsa: sarietako lau —argazkigintza, makillaje, jantzi-diseinu eta animaziozko labur onenari dagozkionak— iragarkien tartean banatzea erabaki dute. Multi-pantaila garaiotan, garesti dago arreta. Negozioak agintzen du. Baina itxuraz, negozioak bakarrik ez. Sektoreko profesionalen kexa nabariak entzun ostean, atzera egin eta sari guztiak zuzenean eskainiko direla iragarri du Akademiak. Aurten, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.