Basoko antzinako soilgune borobilak

Maiz oharkabean igarotzen diren arren, Euskal Herriko mendietan Behe Erdi Aroko milaka aztarna daude. Horiek urrunetik ikustea errazagoa da. Abereak bildu ahal izateko sortu ziren saroiak, basoen erdigunean sortutako biribilak, eta gaur egun oraindik asko ikus daitezke.

Hernani. Akola mendiaren magalean dagoen saroia ikus daiteke, barruan baserria eta pinudia landatuta. LUIS MARI ZALDUA ETXABE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Etxetik mugitu ere egin gabe egin daiteke ariketa. Google Maps aplikazioa eskura izanez gero, bertara sartu eta sateliteko ikuspegia jarri ostean, Otxandioren (Bizkaia) bilaketa egin. Zooma apur bat txikitu, eta, herriaren ezkerraldean bila hasiz gero, basoetan zirkulu formako soilguneak topatu ahal izango dira. Antzeko ariketa egin daiteke Alonsotegin (Bizkaia), Aralarren, Gorbeian, Urnietan (Gipuzkoa) eta isurialde atlantikoko edozein menditan. Eta horietan guztietan soilgune borobilak topa daitezke. Iraganeko jarduera ekonomikoaren ondorengoak dira horiek guztiak, gaur eguneraino iritsi diren arrastoak. Saroi esaten zaie Gipuzkoan eta Nafarroan, korta Bizkaian eta Araban, eta ola Zuberoan: idatzizko historia abiatu zenetik dago horien testigantza. Hau da, XI. mendetik. XXI. mendeko teknologiaren bidez, ordea, iraganeko zirkulu horiek bistaratu daitezke.

Uztailaz geroztik saroien inguruko erakusketa bat jarrita dago Gernika-Lumoko (Bizkaia) Euskal Herria Museoan, eta joan den astean egindako jardunaldietan ere gaia landu zuten aditu ugarik. Biribilak mendietan izena du erakusketak, urtarrilera arte dago zabalik, eta Daniel Rementeria komisarioak Urdaibaiko mendietan egindako ikerketa du abiapuntu. «Lurraldea antolatzeko modu bat da, eta espazioa ulertzeko era irudikatzen dutela ere esan daiteke». Funtsean, ganadua babesean edukitzeko soilguneak ziren saroiak, baina horien funtzioa eta izaera ulertzeko hainbat mende egin behar da atzera. Erdi Aroko gizartearen funtzionamendua ulertu behar da saroien beharra ulertzeko.

Luis Mari Zaldua Etxabe Euskal Filologian doktoreak hogei urte daramatza Hego Euskal Herriko saroiak ikertzen, eta 2.000 inguru dauzka dokumentatuta. XI. mendeko garaian kokatu du bere burua: «Erdi Aro berantiarreko lehen gizaldietako ekonomia, neurri handi batean, abeltzaintzan oinarritzen zen; batez ere, behien zaintzan. Jarduera horretarako saroiak sistemaren oinarriak ziren». Orreagako, Iruñeko eta Ziortzako monasterioek azienda handiak zituzten, eta horiek bazka zezaten saroi ugari zeuzkaten euren jabetzan.

Izan ere, garai hartako abeltzaintza eguzki arteko sisteman oinarritzen zen. Hau da, lur komunaletan edonongo abereek bazka ez zezaten hartzen zen neurrian. Sistema horren arabera, aziendak lur horietan egoteko aukera zeukaten eguzkia irten eta sartu arteko denbora tartean, baina iluntzerako ganadua bildu egin behar zen. Eta hain zuzen horretarako ziren saroiak, eguzkia sartu eta atera arteko tartean azienda mendian bertan eduki ahal izateko. Saroi batzuk komunalak ziren, eta beste asko monasterioen eskuduntzakoak ziren.

Finean, mendian bazkatzen zeuden animaliak biltzeko gune horiek «eskubideak» zirela dio Zaldua Etxabek. «Horien balioa ez da hainbeste saroian bazkatzearena, bertatik abiatuta inguru guztira mugitzeko aukera izatea baizik». Hau da, eguzkia atera bezain pronto azienda inguruko larreetara eramateko azkartasunagatik zuen balioa saroiak garai hartako gizartean. Eta horregatik dio Rementeriak lurraldea antolatzeko sistema zaharrenetakoa izan daitekeela.

Monasterio horien jabetzako aziendek, ordea, udako bazkalekuetatik negukoetara mugitu behar zuten, eta bide hori egiteko baliabide egokiak ziren saroiak. «Sare oso bat zeukaten monasterio horiek, eta, horiei esker, Pirinioetatik Gipuzkoara edo Bizkaira transhumantzia egiteko aukera zeukaten». Hala azaldu du Alvaro Aragon EHUko Historian doktoreak. Abereak saroiez saroi eramaten zituzten, eta horrek bide hori errazten ziela dio. Arrazoi horiengatik bakarrik irudika daiteke, beraz, mendiko soilgune biribil horiek zuten garrantzia.

Jabetza eta funtzio aldaketa

Mendeak aurrera joan ahala, ordea, saroi horien funtzioa aldatuz joan zen. «Garaian garaiko gizarteen beharretara egokituz joan ziren saroi horiek», azaldu du Iosu Etxezarraga Historian doktore eta arkeologoak. Hainbat saroitako indusketak egin izan ditu, eta garai ezberdinetako jardueraren araberako aztarnak topatu izan ditu horietan. XV. mendetik aurrera, esaterako, saroiak animalien babestoki baziren ere, horietako askoren izaera aldatzen hasi zen: «Saroiek errentagarritasuna galdu zuten nonbait, eta monasterioek lur horiek saldu edo errentan jarri zituzten; ez hori bakarrik, saroi horietako batzuetan baserriak eraikitzen hasi ziren, eta, horrela, azienda bertan edukitzeaz gain, lurra lantzeko aukera ere bazuten bertako biztanleek». Horrela uler daitezke, beraz, Euskal Herriko mendi urrun batzuetan dauden baserrien kokalekuak.

Baina garai horretan behien abeltzaintzak indarra galdu zuen, eta beste lehengai batek hartu zuen balioa: burdinak. Hala azaldu du Zaldua Etxabek: «Burdingintzak garrantzi handia hartu zuen, eta horrek sekulako egur premia ekarri zuen, ikatz asko behar baitzen burdinoletarako». Eta saroi askotan, horregatik, pagoak edo hariztiak landatu ziren, baina oraindik zirkulu forma horiei eusten. Hala ere, mendeek aurrera egin ahala, pixkanaka saroi horiek herritar arrunten eskuetara igaro ziren, eta ez ziren monasterioen edo jauntxoen eskuetan bakarrik egongo.

Abeltzaintzarako erabilera hori galduz joan zen, eta basoen ustiaketara bideratzen hasi ziren saroiak, baina burdinolen eraginez basogabetze prozesu bat iritsi zen Euskal Herriko mendietara. Horrek ardien abeltzaintza bultzatu zuen, larre gehiago zeudelako, eta, horren eraginez, txabolak eraikitzen hasi ziren saroietan: «eraikin egonkorragoak», Zaldua Etxaberen arabera. Izan ere, iraganeko erabilera behin-behinekoa zen heinean, artaldeekin egonkorragoa zen. Horrela topa daitezke Aralarreko edo Gorbeialdeko saroietan artzainen txabolak.

Ahaztuz doan ondarea

Mendietako borobil formako lursailen historia luzea da Euskal Herrian. Lehen aipamenak XI. mendekoak badira ere, litekeena da lehenagotik ere horiek erabili izana. Etxezarragaren arabera, «saroiak mendiaren ustiapena antolatzeko erabili dira». Garai batean, abeltzainek zituzten beharretara egokitu ziren lursail horiek, eta horren ondorio dira saroiak. Testuinguruak aldatu ahala aldatu dira horien funtzioak, eta gaur egun mendiko beste lursail batzuek bezala funtzionatzen dute; besteak beste, saroi izandako askotan pinuak daude landatuta. Hala ere, oraindik leku batzuetan biribil forma horrek irauten du. «Beste era bateko ondarea sortu dute, eta aztarna bat dela esan daiteke; paisaia bat sortu dute, eta ondare moduan oso esanguratsua da», Etxezarragaren ustez.

Nolanahi ere, Zaldua Etxabek esan du egun oraindik badela saroien kultura bizirik mantentzen den lekurik. «Sistemaren funtsa nahiko ahulduta eta desagertuta dago, baina badaude salbuespenak eta kasuak, biribil forma mantentzen dutenak, eta bertakoek badakitena zergatik duten itxura hori». Zirkuluaren erdian mugarri bat baitago, eta bertatik abiatzen da konpas baten moduan saroiaren kanpoko muga. «Hori badakien jendea baldin badago ere, esango nuke desagertzear dagoen kultura bat dela». Hala ere, gaur egun oraindik forma zirkular horiek airetik ikus daitezke. Mila urte inguru dituzten formak dira, eta mendian jarduera ekonomikoa modu ezberdinetan egin izan dela adierazten duen lekukoak dira lursail horiek. Horregatik dio Etxezarragak ondare ere badirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.