Estetikaren atzeko mezua

Munduko hainbat txokotatik etorritako hogei artistak Baionako zenbait eraikin gris koloreztatu dituzte Points de Vue jaialdiaren haritik; parte hartu duten artistek artea jendearengana hurbiltzeko aukera gisa ikusten dute, baita gizartea aurreratzeko balioak transmititzeko modu gisa ere.
Baionako hainbat hormetan artelanak egin dituzte. Irudian, Youri Cansell <em>Mantra</em> artista frantziarraren lana.
Baionako hainbat hormetan artelanak egin dituzte. Irudian, Youri Cansell Mantra artista frantziarraren lana. AURORE LUCAS

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko urriak 20
Ohi baino garabi gehiago ikusi ahal izan dira egunotan Baionako eraikinetan. Baina ez dira baitezpada eraikuntza lanetarakoak izan. Artea egiteko baliatu dituzte munduko hainbat txokotatik etorritako artistek. Bihar du azken eguna Points de Vue festibalak, baina, aurreko aldian bezala, aurten sortutako lanak ere lekuan berean geldituko dira hainbat urtez.

Bigarren aldiz antolatu du Baionako Spacejunk arte zentroak hiriko muralen jaialdia. «Beti da zaila lehenengo aldia egitea, eta, gainera, kaleko artea ez da gehienek daukagun ezagutza bat. Iazko aldiarekin, urteetan buruan genuena irudietan jartzea lortu genuen, horrek jendea lasaitu zuen, eta artistek hiriko hormetan margo zezaten ahalbidetu zuen nolabait», azaldu du Alban Morlot Baionako Spacejunkeko arduradunak.

Bide horretatik, iazko helburuei segida eman diete aurten ere: «Kaleko artearen presentzia erakutsi nahi dugu, korronte honetan dabilen jendearen aniztasuna eta kalitatea ezagutaraztea eta espero ez den tokietan eskuragarri jartzea. Hori ez da festibalaren aldi bakarrarekin egiten, eta hori da interesgarria kaleko artearen alorrean: teknika eta estetika berriekin garatuz joaten da; beti berritzen ari da». Bigarren aldiak, bestalde, Saison France-Israel 2018 labela jaso du, Morlotek kontatu duenez: «Bi herrialdeen arteko hartu-eman artistikoa babesten du. Hori horrela, Untay Pour artista hartu dugu Baionako Jules Ferry ikastetxeko horma bat margotzeko, eta urriaren bukaeran hemengo bi artista Tel Avivera joanen dira. Label horrek gure proiektu kulturalaren kalitatea bermatzen du, eta nazioarteari begira ikusgarriago izan gaitezen ahalbidetzen du».

Hogei artista

Baionako gero eta horma gehiagok dute kolorea. Aurretik zeuden 23 muralei aurten beste hamazapi gehitu zaizkie. Guztira hogei artistak parte hartu dute aurten; horien artean, hainbat euskal herritarrek. Udane Juaristi Udatxo da horietako bat. Bere horma berezia da, barneko horma bat baita, mota horretako bakarra jaialdian. Interesgarria iruditu zitzaion proposamena: «Normalean, arte urbanoa kalean egiten da, baina tokia proposatu zidatenean gustatu zitzaidan». Askatasunaren plazan dagoen Cafe du Theatren dago Udatxo, herriko etxea dagoen plazan bertan, eta bere lana testuinguru horri lotuta doa: «Argazki zaharrekin jokatzea gustatzen zait, eta tokiko aspaldiko postalak topatu ditut, eta horrekin ari naiz. Plaza honetako argazki zahar bat ere sartu dut, eta gaur egungo irudiekin nahastuko dut, lehengo eta oraingo denboren artean zubi bat egiteko asmoz. Horrez gain, koloreen eta zuri-beltzaren arteko kontrastea sortu nahi dut». Lana gaur bukatzea espero du.

Baiona Handia atzean utzi, eta Baiona Ttipira murgiltzean, Patxa plazan beste bi artista dabiltza lanean. Kataluniako Reskate Studioko Maria Lopez donostiarra eta Javier de Riba bartzelonarra dira. Balea bat egiten ari dira. «Beti tokiaren ikerketa lan bat egiten dugu aldez aurretik, bere berezitasunak ikertzen ditugu, muralak inguruko identitatea adieraz dezan. Patxa plazako horma bat eskaini ziguten, euskal kultura bertako jendearentzat eta kanpokoentzat sustatzen duen tokia. Hori oso interesgarria iruditzen zaigu: kulturen arteko topaketa eta horrek dakarren aberastasuna», azaldu du Lopezek. Balearen irudia hartzearen arrazoiak azaldu ditu: «Euskal baleontzien gaia landu genuen, nola Eubalena glacialis balearen desagertzearekin toki berrietara nabigatu zuten eta elkarrekin komunikatzeko hizkuntza berriak sortu zituzten. Bestalde, euskal kostan balearen arrantza dokumentatzen duen lehen dokumentazioa Baionak balearengandik datozen produktuak saltzeko pribilegioa lortu zuenetik dator».

Horma berean, baina, bi artelan margotu dituzte. Nola? Margo fotoluminiszentearekin eta argi instalazio batekin. Interpretazio bikoitzeko murala deitzen diote: argia itzaltzean, ilustrazio berri bat azaltzen da. Orain urte batzuk lantzen ari diren Harreman deituriko proiektu baten parte da.

Baiona Ttipitik Santizpiritu auzora doan zubia pasatu, eta Habas La Pleine egoitzan Fermin Moreno artista bilbotarra dago. Garabia hondatua du, eta teknikariaren zain dago. Jaialdiak baliabide guztiak jartzen dizkie artistei: garabia, pinturak, hotela, janaria... «Ez da beti horrela izaten. Artistek normalean baldintza batzuk dituzte lan egiteko: batzuek materiala eskatzen dute, besteek makinak... Festibal hau, alde horretatik, oso ondo dago», esan du Morenok. Teknikaria datorren bitartean beheko zatia margotzen hasia da aldez aurretik egindako zirriborroari begiratuz. Irudi abstraktu bat egingo du, horrek ezaugarritzen baitu artista bilbotarra. Ez zekien horma non zegoen, eta uste du hori garrantzitsua dela: «Ez da gauza bera Baiona erdian egitea edo hemen». Beste kazetari bat etorri zaio jarraian, ez zuen espero, «baina noiz lan egingo dut?», galdetu du erdi txantxetan erdi serio.

Horrelako festibalei garrantzia ematen diete laurek, «ate asko» irekitzen dituztela iritzita. «Jende asko mugitzen da mundu honetan, eta Baionakoa nahiko ezaguna egin da. Zure lana zabaltzeko aukera ematen du, eta sare sozialen bidez zabalkunde handia izaten du», adierazi du Juaristik. Reskate Studiokoen iritziz, arte murala «baztertu» egin da, eta publizitateari lekua egin: «Festibalek lan handia egiten dute administrazioekin zein bizilagunekin espazio publikoa produktuen eskaintza soilik ez izateko». Nabarmendu dute artista gisa asko ikasten dutela margotzen duten tokitik aldez aurretik egiten duten ikerketa lanari esker, besteak beste. «Oso aberasgarria da bizilagunen erreakzioak ikustea. Arte publikoa denez, ikusgai zaude, onerako zein txarrerako. Horrez gain, ez dugu alboratu behar hau dela gure lanbidea eta ordaindua izan behar duela. Askotan, ikusgarritasunaren truke lan egitea proposatzen digute. Nori bururatuko zitzaion tratu hau paisajista bati, adibidez?». Lan publikoa izanik, ardura «handiarekin» hartzen dute Reskate Studioko Lopezek eta De Ribak: «Gizartea modu justuan eta demokratikoan aurreratzen laguntzeko balioak transmititzeko betebeharra sentitzen dugu. Espero dugu, gutxienez, gure aletxoa jarri ahal izatea, ez bakarrik estetikaren aldetik, baita mezuaren aldetik ere».

Arte urbanoak hiri bati mugimendu asko eta aberastasuna ematen diola pentsatzen du Juaristik: «Hiria koloreztatzeaz gain, jendeak artea beste modu batera ulertzeko aukera ematen du, gertutasuna ematen du. Askotan, artea gauza abstraktu baten moduan edo beste maila bateko zerbaiten moduan ikusten da, eta hori hautsi egiten da horrelako jaialdiekin». Morenok bat egiten du iritzi horrekin: «Gaur egungo hiriak edertzen ditu, ez bakarrik arte arloan, baita sozialki ere. Hirian dena oso monotonoa da, eta honekin begirada aldatzen duzu, arkitektura aldatzen da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna