Saltzeko bide egokien bila

Eskulangileek euren produktua pentsatu, diseinatu eta ekoitzi ondoren dator arazoa: non saldu? Nola? Zein baldintzatan? Modu desberdinak dituzte horretarako: merkatuak, euren berezko dendak, beste artisauekin batera dituztenak... Bakoitzak egokien ikusten duen bezala egiten du, baina ez dute erraza.

Aurore Martin eta Joana Arbeletxe Api Apa dendaren sei bultzatzaileetatik bi dira.
Aurore Martin eta Joana Arbeletxe Api Apa dendaren sei bultzatzaileetatik bi dira. BOB EDME

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko urriak 24

Guk tokiko proiektuak egin nahi ditugu tokiko jendearendako. Gure sorkuntzez bizi nahi dugu, eta eskuragarri izan». Joana Arbeletxeren baieztapen horien atzean proiektu bat, nahi bat eta protesta bat ere badago. Eskulangilea da Arbeletxe, sortzailea eta ekoizlea. Api Apa denda ireki zuen Donibane Garazin, beste sei sortzailerekin batera. Arrazoia? Arbeletxek berak azaldu du: «Sortzaileen merkatuetan aritzen gara, baina gero eta zailagoa da horrelako guneetan saltzea. Bestalde, zure lanak dendetan uzten badituzu, komisio handi bat hartzen dute, %35-40 ingurukoa. Zure prezioari hori gehitu behar badiozu, kasik bikoizten duzu prezioa, eta ez da eskuragarria jendearendako».

Aurore Martin Api Aparen beste kide bat da, eta bat dator Arbeletxek esaten duenean ehuneko horrek «prekaritate handia» sortzen duela: «Gure produktuak ezartzen ditugularik horrelako dendetan, ez dituzte erosten; beraz, biltegi moduko bat da. Ez badira saltzen, guk berriz eskuratzen ditugu. Edo kontsumitzaileak jasaten du prezio igoera hori, edo, ez bada saltzen, guk jasaten dugu. Horrelako dendek ez dute arrisku izpirik hartzen: ez badut saltzen, ez dut saltzen, eta saltzen badut, %40 hartzen dut».

Martinen iritziz, lan bat betetzen dute, eta hori ongi da, baina ez dago konbentzituta artisaua laguntzeko denik.

Denda horietako bat du Adelaide Daraspek: Martxuka. 2013an ireki zuen kafetegi-denda, Urruñan (Lapurdi) —gaur egun, Donibane Lohizunen dago—. Zazpi urtez Quebecen bizi izan zen, eta mota horretako denda asko ikusi zituen han: «Ohitura hartu nuen tokiko gauzak erosteko: jantziak, bitxiak... Euskal Herrian horren eskasa bazela nabaritzen nuen». Hala, Euskal Herrira itzultzean, bere etxe parean zen lokal huts batean zerbait egiteko gogoa sartu zitzaion: «5.000 eurorekin egin nuen dena, eta etxetik gauza anitz ekartzen nituen: katiluak, ura irakinarazteko makina, kafe makina...». Sortzaileekin harremanetan jarri zen gero: «Euren produktuak depositu moduan ezartzea hitz egin nuen sortzaileekin, nik ez nuelako dirurik haien stocka erosteko. Hasieran, %30 hartzen zuen dendak, eta kopuru hori aldatuz joan da dendan dauden kostuengatik. Orain %40 hartzen dugu; batez ere BEZa ordaindu behar dugulako igo behar izan dugu kopurua. Gaur egun, beraz, %60 doa sortzailearendako, eta %40 dendarendako».
Martxuka. Adelaide Daraspek Donibane Lohizunen du dena, eta zati batean sortzaileen produktuak ditu. BOB EDME
Daraspek badaki zenbait artisau ez direla ados kontzeptu horrekin. «Guretzako garrantzitsua da artisauak behar duen prezioa ukaitea eta ez beheititzea. Bi kasu badira: bat, artisauak bolumen aski handiak egiten ditu, antolatua da, bere estruktura ongi muntatua du... Horrelakoek beti kalkulatzen dute jadanik zenbat den bere produktuaren kostua eta zenbat ematen duten salmentarentzat. Bestea, artisau berriak. Horiei zaila egiten zaie hori egitea, eta, beraz, esaten diezunean dendak %40 hartzen duela, batzuetan beldurtzen dira. Nik beti esaten diet horrek esan nahi duela ez duela bere burua ongi pagatzen. Nire ustez, prezio on bat da dendak eta sortzaileak prezio bera atxikitzeko gai direnean. Hau da, dendak saltzen badu dendak irabazten du salmentaren dirua, eta artisauak ere irabazi behar du».

Elodie Lissar eskulangilea Api Aparen parte da, eta Martxukan ere izan ditu bere produktuak: «Ongi da horrelako dendak egotea, bitartekari lana egiten dute, zure izena ezagutarazten dizute... Baina, nire ustez, ez da ona zure produktuak luzaroan egotea horrelako toki batean. Guk gure enpresa izatea da interesgarriena».

Pasai Donibanen (Gipuzkoa), Amua izeneko denda bat ireki dute orain hilabete. Euskal Herriko artisauen eta diseinatzaileen lana ezagutaraztea du helburuetako bat. Halaxe azaldu du dendaren jabe Luzia Tauilek: «Pasai Donibane herri turistikoa da oso, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hemengo produktuak eta hemengo artisauen lanak atzerritarrei ezagutaraztea». Zergatik markan urte luzez lanean ibili eta gero, bere partaidetza saldu, eta beste ibilbide bati ekitea erabaki zuen Tauilek. Ez da diseinatzailea, ezta artisaua ere, baina urteek emandako esperientzia tokiko sortzaileei laguntzeko gai dela erakutsi nahi du. Bere kasuan, dendan dituen produktu ia gehienak erosi ditu: «Dena erostea gustatuko litzaidake, iruditzen baitzait artisauari laguntzeko modurik hoberena dela. Idoia Lizeagak depositu moduan jarri ditu, baina gainontzeko guztia erosi dugu; apustu bat egin dugu».

Denda eta tailerra

Sortzaile askok ikusten dute denda bat izatearen beharra edo, behinik behin, euren produktuak dendaren batean egotearen premia. Api Apako bultzatzaileek, baina, arazo gisa ikusten zuten denda edukitzea eta sortzea uztartzeko garaian. «Salmentan zaudenean horretan zaude, jendearekin zaude, beste gauza batzuetan, eta zaila da denda bat edukitzea eta tarteka zure sorkuntzei tokia egitea. Uste dut proiektu honekin aterabide bat atzeman dugula», adierazi du Martinek. Izan ere, Api Apan sei sortzaile direnez, asteko egun bakoitzean pertsona bat egon da —oraintxe bertan denda itxita dago—. «Kooperazio lana egin dugu artisauen artean. Asteko egun bat salmentari dedikatu diogu, eta horrek ahalbidetu digu produzitzea beste egunetan eta beste eskaera batzuei erantzun ahal izatea», azaldu du.

Arantxa Paskual sortzaileak bestelako ideia du. Berak denda eta produkzioa elkarrekin eramaten ditu Oiartzungo (Gipuzkoa) Mamut merkataritza gunean duen HemenGO dendan. Denda edukitzea interesgarria dela uste badu ere, ez dela erraza dio: «Alokairu bat ordaindu behar da, eta salmentak ez dira izugarrizkoak; badira egunak ez dena inor sartzen». Lehen, Errenteriako (Gipuzkoa) herriko enparantzan zuen denda txiki bat Paskualek. Txiki gelditu zitzaion, saltzeko zein sortzeko, eta, gainera, alokairua oso garestia zen. «Denda uztea erabaki nuen, eta, hasieran, produzitzeko toki baten bila hasi nintzen, baina denda baten bila zebilen beste artisau batekin topo egin nuen, eta lokal hau alokatzea erabaki genuen».

Denda bat izateaz gain, saltzeko beste modu batzuk topatzen ere saiatzen da eskulangilea; sare sozialak, esate baterako. «Nik sare sozialak anitz erabiltzen ditut. Moda arloan nabil, eta biziki lagungarriak dira jendeari erakusteko zer egiten dudan. Argazki saioak egiten ditut, eta sare sozialen bidez hedatzen ditut. Erakusleiho bat dira, baina ez dira aski. Artisautza aipatzen duzularik, jendeak behar du ikusi, hunkitu, entseatu... Harreman zuzena behar da produktuarekin. Gero ezagutza egin duelarik, orduan bai, orduan sare soziala izan ahal da lotura zure bezeroarekin».

Merkatuak ere aski hedatuak dira, baina denek ez dute aurkitzen beren lekua. «Nik, adibidez, merkatuetan ez dut lekurik. Nire jantziak landuak dira, bereziak dira, eta jendeak intimitate bat behar du jantzi horiek probatzeko», azaldu du Arbeletxek. Paskualek, ordea, dendari baino probetxu handiagoa ateratzen dio merkatuari, asko jaitsi direla onartu arren: «Nik koadernoak, giltzatakoak, diru zorroak eta beste saltzen ditut, eta hori azoketan dezente saltzen da. Aitortu behar da, hala ere, salmenta jaitsi egin dela azken urteotan. Merkatu asko egiten dira, edozein ekitalditan jartzen dira, eta, batzuetan, balioa kentzen zaio gure lanari. Beste modu batera ikus gaitzaten nahi dugu, baloratzen da, baina kosta egiten da».

Eskulangileak ez du erronka makala, eta bakoitza bere aterabideak atzematen saiatzen da. Api Apak gaur egun ateak itxiak baditu ere —udan soilik egon da irekita—, ikusi dute salmentarako aterabide egokia dela, eta, etorkizunari begira, segitzeko animatuak dira. Barnealdean, betiere: «Guk hemen nahi dugu bizi, eta gure aktibitatea hemen nahi dugu garatu. Gainera, artisautza ez da bakarrik aberatsentzako zerbait».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna