Euskararen gailurrera

Euskal Herriko hamabi gazte Himalaian izan dira hilabetez Felipe Uriarte mendizalearen gidaritzapean. Euskararen erabileran eragiteko egitasmoa da 'Euskarari oxigenoa 6.000 metrora ere', eta, euskara sustatzeaz gainera, xerpen kulturarekin zubiak eraikitzeko ere balio izan du. Kontent itzuli dira etxera.

Espedizioan parte hartu duten gazte xerpa eta euskaldunak, Thame bailaran, 3.900 metrora. FELIPE URIARTE.
Iker Tubia.
2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Mendira hobe da etxeko lanak eginda joatea. Batez ere, goi mendietara joanez gero. Ongi pentsatu behar da zein izanen den ibilbidea, zer arrisku egon daitezkeen, zein tresna beharko diren tontorreraino ailegatzeko. «Etxean lantzen dira mendiak, aurretik hartu behar dira erabakiak», esan du Felipe Uriarte mendigoizaleak. Bada, euskararen egoera goi mendi baten gisan ikusten du hark: malkartsua da, eta oxigenoaren beharra du. Hor ere, aldapan gora abiatu aurretik, ongi planifikatu behar da ibilbidea tontorreraino —erabateko normalizaziora— ailegatzeko.

Bada, metafora zena literalki egin dute Uriartek eta harekin batera Himalaiara espedizioa egin duten nerabeek. Euskarari oxigenoa 6.000 metroan ere da egitasmo horren izena, eta, Nepalen hilabete eman ondotik, Euskal Herrian kontatu dituzte espedizioan bizitakoak. Gogoan iltzaturik geratu zaizkie hango bizipenak, eta xerpa kulturarekin zubi lana egin dute.

Hamabi gaztek parte hartu dute egitasmoan; tartean, Besaide Astobiza bizkaitarra, Malen Osa gipuzkoarra, Gexan Garate lapurtarra eta Eneko Arretxe nafarra. Laurak bat datoz: esperientzia «itzela» eta «ahaztezina» izan dute, eta «familia» bat dira orduz geroztik. Ez zuten inondik inora espero 18 urte bete gabe Himalaiara joaterik izanen zutenik, baina egin dute, eta aurretik diseinaturiko ibilbidea bete dute. Garate itzultzeko gogoz geratu da: «Niretzat biziki ongi pasatu da bidaia osoa, eta biziki kontent naiz lortu dugunaz. Xantza ukan dugu horrelako espedizio bat gure adinarekin egiteaz».

Osak dio «uste baino hobeto» joan dela, harreman estua egin dutela euskaldunen artean zein xerpekin, eta paisaia «izugarria» dela. Inguruak harritu ditu batzuk, bestelakoa espero zuten Himalaia; batik bat, elurrez estalitako guneetara ailegatu aurrekoa. Lehenbiziko metroetan landaredia ugaria bada ere, gora egitearekin batera, hauts bihurtzen da lurra, elurtutako tontorrez inguraturiko basamortu bat balitz bezala. Gainetan, harria eta elurra. «Biziki idorra atzeman dut, eta, ibiltzen ginelarik, hautsa ateratzen zen», esan du Garatek.

Himalaian 24 egunez

Sei orduko ibilbideak egin dituzte egunero, 24 egunez, eta 4.000 metrotik gora izan dira egun horietatik 15etan. Gehienek diote ez zaiela sobera gogorra iruditu. «Esango nuke, hilabete bat denez mendian, gogorra baino gehiago luzea dela. Egunez egun nekea pilatzen duzu: ez duzula ondo lo egiten, altuera aldaketak direla...», esan du Osak. Hotza ekarri du gogora Garatek: «Lau gauez oihal etxolan egin genuen lo, eta dena hormatzen zen, ilea eta guzi. Niretzat, hori izan zen gogorrena».

Fisikoki baino, psikologikoki egin zitzaion gogorrago Arretxeri: «Altuerarengatik, ezin zenuen lasterka ibili, adibidez». Astobizak ere aipatu du alde psikologikoa: «Momentu onak eta momentu txarrak izan ditugu. Altuerak eragina dauka, eta etxetik hain urruti egonda, baxuago zaudenean, gauzak okerrago ikusten dira, ez duzulako etxekoen babesa». Hala ere, uste baino hobeki moldatu dela dio. Hori bai, 6.000 metrokoak gogorrago egin zitzaizkiela onartu du Arretxek.

Baina, egin, egin dute. 6.000 metroko bi mendi igo dituzte: Imja Tse eta Lobu Je. Haietako batean bizitakoa gogora ekarri du nafarrak: «Izugarria izan zen. Iritsi ginenean glaziarrera, kranpoiak jarri, pioleta eskuan eta sokari lotuta, hor hasi zen benetakoa. Tontorrera iritsi ginenean, negarrez hasi ginen, denak oso pozik, helburua lortu genuelako».

Noski, nerabeak ziren espedizioan, eta hori kontuan izan zuten proiektua antolatzerakoan. Uriartek eman ditu azalpenak: «Egitaraua prestatu dugu jende gazteak egingo zuela pentsatuta. Erosoa izan da, altuerara egokitzeko lana lasai egin dugu, eta aukera izan dute atsedenak hartzeko. Fisikoki ondo moldatu dira». Egokitua bai, baina Himalaia da, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Hori ere horrela nahi zuen Uriartek: «Ibilaldi zorrotza izan da, baina helburuak eskatzen zuen hori, irudikatzeko, batetik, euskararen gaiak eskarmentua eta indarra behar duela, eta, bestetik, irudikatzeko euskararen aldapa latza dela».

Izan ere, hori zen helburu nagusia: euskara 6.000 metrora igota euskaraz edozer egin daitekeela erakutsi eta euskaraz bizitzeko deia egitea. Azken finean, mendizaletasuna tresna izan da euskararekin lan egiteko, eta hori da gakoa, Uriarteren arabera: gazteei tresnak ematea euskaraz bizi daitezen. Helburu hori bete dute: «Iruditzen zaigu gazteak euskarari atxiki direla, eta fundamentuz egin dute, modu naturalean».

Gazteak ere kontent dira lortutakoarekin, eta uste dute egindakoak eragina izan dezakeela euskal gizartean. Astobizak dio gazteen artean euskara zabaltzea «oso garrantzitsua» dela: «Gure esku dago euskararen etorkizuna: guk ez badugu erabiltzen ez du inork erabiliko». Euskaraz bizi izan da hilabete batez, euskaraz bakarrik, eta horrek ematen du zer pentsa. «Euskal Herritik milaka kilometrora euskaraz bizi ahal bada, zelan ezingo da bizi Euskal Herrian euskaraz?». Gogoeta egin du Arretxek ere: «Honek erakutsi digu euskaraz bizi daitekeela, eta horrelako erokeriak egin daitezkeela euskara hutsez».

Xerpak eta euskara

Euskararen egoera. Horixe da Uriarteren kezka nagusietako bat, eta horrek bultzatu du hamabi nerabe Himalaiara eramatera. Nabarmendu du euskararen erabileran hautua dagoela oinarrian, eta ez ohitura. Egunero-egunero, pertsonek hamaika hautu egin behar dituztela, eta haietako bat dela erabiliko duten hizkuntzarena. Bide horretan sakontzeko deia zabaldu du.

Bestalde, txangoa ez da bukatu. Igo dituzte mendi tontorrak, baina oraindik bada biderik egiteko: egitasmoaren ondorioak gizarteratzea da oraingo erronka. Bideo bat muntatzen hasi dira Mikel Fernandez eta Uriarte bera, eta gazteek zenbait hitzaldi eman dituzte han-hemen. Espedizioaren antolatzaileak dioenez, ez diote atea itxiko antzeko beste egitasmo bat egiteari. Goiz da oraindik horretaz mintzatzeko, baina, esperientzia ikusirik, ez litzateke harritzekoa mendia eta euskara uztartuko dituen beste jarduera bat martxan jartzea.

Euskara ez da ibilaldiko mintzo bakarra izan, aitzitik: xerpen hizkuntza ere erdigunean jarri dute. Goizean egiten zituzten ibilaldiak, eta arratsaldean eskolak zituzten xerpekin. Bi kulturen arteko zubia eraiki dute hango eta hemengo gazteek, eta elkarren hitzak ikasi dituzte. Xerpen hizkuntzako eleekin oinarrizko hiztegi txiki bat eginen dute orain gazte euskaldunek. Mendian ere ibiltzen zituzten bi hizkuntzetako hitzak beren artean mintzatzean, espedizioan xerpa gazteak ere bazirelako.

Xerpen hizkuntza ahoz transmititzen denez gero, hitz horiek idazteko zailtasunak izan dituzte tarteka. Euskara bezala, arriskuan dago xerpen mintzoa, eta elkarrekin bizitakoak indarra eman die hiztunei beren hizkuntzari eusteko. Harreman sendoa egin dute haiekin. Astobizak inoiz ez du ahantziko han egindako lagun batekin bizitakoa: «18 urte bete nituen bertan. Xerpa kulturan ez dituzte urtebetetzeak ospatzen, baina lagun on bat egin nuen bertan, eta etorri zitzaidan, eta belarrira 'zorionak' esan zidan. Oso berezia izan zen».

Gazte guziak bat datoz xerpei buruzko iritziarekin: «Eskuzabalak» eta «zintzoak» dira. Batzuek sei orduz ibili behar dute eskolara joateko, eta, hala ere, egiten dute. «Zenbat balio dituzten, eta zer gutxirekin zer pozik bizi diren. Benetan aberatsak haiek dira», esan du Astobizak. «Gogo handiz egiten dute dena. Harrigarria da ikasteko grina hori».

Hizkuntza ez da muga izan espedizioan. Are, zubiak sendo eraikitzeko balio izan du. Ingelesa erabili dute elkar ulertzeko, eta bestearen hizkuntzako hitzak ezagutu dituzte. Hori ere irakasbide handia da hizkuntzak oztopo gisa ikusten dituztenentzat. Osak kontatu duenez, 60 urteko gizon gor-mutu batek bide osoa egin zuen berekin. Harriturik gelditu zen xerpa harekin: «Batetik, zelako pozik bizi zen, eta, bestetik, zer erraz komunikatzen ginen berarekin». Gogoa aski izaten baita komunikatu nahi duenarentzat. Eta gogoko aldapan, nekerik ez. 6.000 metro igo behar badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.