Lasterka, ondarea ezagutarazteko

Arruazutik Izabarako bidea korrika eginen du Aritz Ganboa artzainak, Idiazabal eta Erronkari sor-markak lotzeko. Dokumental batean bildu nahi du esperientzia, eta finantzaketa kolektiboa hasi du dirua biltzeko. Bideoa albistearen amaieran.

Aritz Ganboa, Aralarko mendilerroan dagoen Albi trikuharrian, berak egindako gazta eskuan duela. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Arruazu
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Arruazutik Izabaraino (Nafarroa) korrika, Sakanatik Erronkariraino. Artzaintzarekin estuki lotuta dauden bi herri horiek lotu nahi ditu Aritz Ganboa Arruazun Idiazabal gazta egiten duen artzainak.

Arruazun bizi da, baina Izaban ditu amaren sustraiak. Izabako birraitona artzaina zuen, baita aitaren Arruazuko lehengusua ere. Bi herrien artean distantzia handia egonagatik, elkar ezagutzen zuten biek, eta euskaraz mintzatzen ziren elkarrekin zirelarik. Gerora, Ganboaren aitonak egurrezko koilara batean bildu zuen bi artzainen arteko harremana, eta harreman hori gogoratzeko eta ezagutarazteko gogoa piztu zitzaion Ganboari. Bere buruari erronka jarri zion horretarako: Arruazu eta Izaba korrika lotzea.

Aurtengo urri bukaeran lotuko ditu bi herriak lasterka. Ibilbidea egun batean egitea da asmoa, eta, horretarako, ondoan izango ditu, bertzeak bertze, kirolean aritutako profesionalak. Korrika zer bide egingo duen zehazteko dago oraindik, baina asmoa da udarako prest izatea, eta bertan lasterka entrenatzen hastea. Bidea prestatzeko orduan, altuera metatua eta kilometroak kontuan hartu beharko dituzte, lasterketa egingarria izan dadin. Erronka, ordea, korrika egitea baino zabalagoa izanen da.

Bidean ikusitakoarekin eta bizitakoarekin dokumental bat egin nahi dute. Dokumentalean, bideaz gain, bidean aurkitutako historiak ere jasoko dituzte. Artzainak agertuko dira, baina baita bertzelako protagonistak ere. Artzaintzaren inguruko balioak ezagutaraztea izanen da finean dokumentalaren helburua. Ondare materiala eta ez-materiala, biak jasoko dituzte 60 minutuko dokumentalean.

Artzaina izaki, gazta izango da bideko bertze protagonista nagusietako bat. Ganboak berak Arruazun egindako Idiazabal gazta bat eramanen du Izabaraino, eta, bertan, Marengo Bordan, hango artzainak egindako Erronkariko gazta batekin trukatuko du. Gazta berezia da Izabako Marengo Bordakoa: aurreko jabea erretiratu ondotik, Kataluniatik etorritako andre gazte batek ustiatzen du orain gaztandegia. «Azkenean, gazta bat bertzearekin trukatu, eta Nafarroako bi sor-marketako gaztei garrantzia eman nahi diegu», kontatu du Ganboak.

Urrian izanen da erronka, baina dena bilduko duen dokumentala grabatzen hasiak dira jada. «Gidoia egina dugu, eta hasi gara grabaketak egiten. Hala ere, edukiak baldintzatuta egonen dira esperientzian zerekin eta norekin saretzen garen», azaldu du Ganboak. Erronka izanen da dokumentalaren haria, eta bideko esperientziaz eta istorioz osatuko dute.

Erronka handia da Ganboak egin asmo duena, eta prestakuntza gogorra eskatzen du. Hainbat profesionalek lagunduko dute erronka bete dezan, eta horietako bakoitzak ere erronka bat izanen du. Finean, erronka handitik bertze txikiago batzuk ere sortuko dira. Dokumentalaz gain, erronkarako prestakuntza ere bideoan jasoko dute, eta sarean zabalduko dituzte bideo horiek, bideakdokumentala.eus helbidean.

Dokumentalerako dirua lortzeko, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat ere abiatuko dute hemendik gutxira. «Erronka, egin, eginen dugu, baina oraindik ez daukagu bermatuta proiektu osoa izateko beharrezkoa den ekarpen ekonomikoa», kontatu du. Finantzaketa kolektiboan norbanako gisa edo talde gisa parte hartu ahalko da. Hala ere, Ganboak nabarmendu du inoren diru ekarpenak ez duela dokumentaleko edukia baldintzatuko.

Bakarrik ez, taldean bai

Izan zirelako gara, garelako izango dira. Dokumentalaren teaser-ean agertzen diren hitzak dira, eta, Ganboaren ustez, proiektuaren funtsa: «Banaka ezin dugu ezer egin; gure aurretik beti egon da norbait zerbait egiten, guk abiapuntu hori hartu eta zerbait berria sortzeko». Ganboak artzaintzarekin lotutako ondarea hartuko du abiapuntutzat ondare berria sortzeko.

[youtube]https://youtu.be/A9wqc7_QZH0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.