Larhungo kremaileraren omenaldia

Larhun mendiko kremailera trenak duela 95 urte egin zuen lehen bidaia. Ordutik, bidaiari ugari igaro da handik. Urtemuga ospatzeko ekintzak antolatu dituzte bihar, sortzaileak eta mendia omentzeko.

1908. urtean hasi ziren eraikitzen, baina Larhungo trenak 1924an egin zuen lehen bidaia, obrak geldirik egon baitziren urte batzuetan, I. Mundu Gerraren ondorioz. JEAN-MARC DECOMPTE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Lapurdi eta Nafarroaren artean dago Larhun mendia (905 metro). Tontorrak inguruko hainbat txokoren 360 graduko ikuspegia eskaintzen du; horrez gain, hango faunaz eta floraz gozatzeko aukera ere badago. Hara igotzeko bi aukera daude: mendian ibiltzea gustuko dutenentzat, bada motxila sorbalda gainean hartu eta laster batean oinez igotzeko aukera; bestela, kremailera trenean eseri eta paisaiaz gozatu ahala tontorreraino iristeko aukera ere badago. Hain zuzen ere, trenaren 95. urteurrena ospatuko dute bihar, eta egun osorako ekintzak antolatu dituzte.

Jenofa Zubiri Larhungo treneko kideetako bat eta urteurrenaren antolatzaileetako bat da. Hark azaldu du, batetik, ospakizunak helburu duela trena eraikitzearen ideia hura gogoan izan zutenak omentzea: «Garai horietan ideia hori izan zutenak zorotzat hartuko zituzten zenbaitek, baina nehork ez zuen espero hain ongi ibiliko zenik proiektua». 1908. urtean izan zuten trena eraikitzeko lehenbiziko ideia Alexander Giros eta Louis Loucheur enpresariek. Hala ere, I. Mundu Gerraren ondorioz, obrak geldirik egon ziren 1919. urtera arte. Azkenean, lanei berrekin, eta, bost urte geroago, kremailerako trenak lehen bidaia egin zuen tontorreraino, 1924an.

Bihar ere, trenak bidaia ugari egingo ditu; izan ere, trena 40 minutuan behin irtengo da, 09:30etik 16:00etara. «Normalean geldialdi bat eginen dugu eguerdi partean, baina egun hau berezia da», gaineratu du Zubirik. Hark jakinarazi duenez, goizean goizetik egongo dira haur eta helduentzako ekintzak, urririk izango direnak. Ekintza horien bitartez, omenaldia egiteaz gain, antolatzaileek helburu dute euskal kultura eta ondarea ezagutzera ematea. Hala, hamar ataletan banatuta egongo den egitarau bat antolatu dute. Antolatzaileak adierazi duenez, hainbat gairi buruzko ekintzak izango dira, «denentzako» interesgarria izan daitekeen animazioa oinarri.

Besteak beste, tailerrak, antzerkiak eta erakustaldiak izango dira eguneko protagonista nagusiak. Esate baterako, antzerki batekin ekingo diote egunari. «Antzerki talde ttipi bat etorriko da; justuki trenaren eraikuntza antzezten dute, umore puntu batekin», esan du Zubirik. Eta gaineratu du «garrantzitsua» iruditzen zaiola haren gaineko historia jakitea. Horrez gain, eta antzerkiarekin lotuta, mitologia oinarri duen ekintza bat ere egongo da: pista jokoa. «Lau pertsonaia mitologiko egongo dira jolasean; izan ere, nahi genuen erakutsi Euskal Herrian nola gauden mitologiari dagokionez», nabarmendu du Larhuneko treneko kideak.

Antzerkiaz ez ezik, bertako ingurumenaz eta pasaiaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek. Besteak beste, Larhungo mendiak eskaintzen dituen faunaz eta floraz jabetzeko, bertan aurkitutako elementuekin marrazki erraldoi bat egingo dute. «Eginen ditu bost metro luzetara eta bi altuerara», nabarmendu du Zubirik. Harriak eta loreak izango dira marrazkirako elementuak. Animaliak ere presente egongo dira. «Pottoken inguruko tailer bat egingo da, eta, horrez gain, hegaztiak antzematen dituzten lagun batzuk ere etorriko dira», gaineratu du antolatzaileak. Finean, inguruko kideak izango dituzte ospakizunean bidelagun.

Elkarlana eta garrantzia

Azkaineko, Uztaritzeko (Lapurdi) eta Zugarramurdiko (Nafarroa) norbanako eta kolektiboak arduratuko dira ekintzetako batzuk aurrera eramateaz. «Eguna antolatzeko, hainbat elkarterekin elkartu gara, batez ere hemengoekin; azken finean, horiek ezagutzen dute hobekien hemengo ingurua», esan du Zubirik.

Horrez gain, antolatzaileak azaldu du «garrantzitsua» iruditzen zaiola horrelako egitasmoak egitea, jendeak inguruan duena ezagutzeko eta ideiak barneratzeko: «Ospakizunean ekintza interesgarriak egiten saiatu gara, euskal kultur ondarearen mezua helarazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.