Ikusi, hausnartu, ikasi, dastatu

'Laborantza elikatzaile baten alde' leloa aldarrikatuko du aurten Lurrama laborantza herrikoiaren azokak. Bihar arte, azoka, hitzaldiak, tailerrak, animazioak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Aurtengo gonbidatuak Frantziako Poitou-Charentes eskualdeko laborariak dira.

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko azaroak 17
Lagun bati aipatu niolarik aurtengo Lurramaren gaia Laborantza Politika Bateratua [LPB] izanen zela, erran zidan laborariei bakarrik interesatuko zitzaiela, herritarrei ez zitzaiela interesatuko. Gaur zuek guztiak hemen izateak frogatzen du ongi tronpatu dela». Hala hasi zuen, atzo, Iñaki Berhokoirigoin Lurramako presidenteak azokako irekiera ofiziala. Jende ugari bildu zen atzo; estreinaldiaren aurretik ere bazen mugimendu Miarritzeko (Lapurdi) Irati erakustazokan. Aurten 13. aldia du laborantza herrikoiaren azokak, eta Laborantza elikatzaile baten alde leloa bihar bitarte aldarrikatuko dute.

Sartu eta berehala, boluntarioak lanean aritzeko mahaia dago. Boluntarioak beharrezkoak dira azoka behar bezala ateratzeko. Aurten, oraingoz, 900 lagun ari dira lanean, baina biharko jendea falta dutela nabarmendu du Patxi Iriart antolaketaz arduratzen denak: «Norbaitek izena eman nahi badu, Lurramaren webgunean sartu eta laguntzaileen atalean sartu besterik ez du. Beharrezkoak ditugu».

Elkarren artean komunikatuta, baina bi areto handitan banatua dago azoka. Lehenengoan, jatetxea, ostatuak, haurren karpa eta bestelakoak daude; eta bestean, kabalak, merkatua eta gai desberdinen inguruko informazio guneak daude, besteak beste. Atzo goizean bigarren areto horrek erakarri zuen arreta handiena. Lehen eguna izaki, eta beste urteetan bezala, ikastetxeetatik joandako 2.500 haur inguru izan ziren azokan. Hamar tailer pedagogiko baino gehiago eta animazioak prest ziren eurentzat. Lehenik eta behin, animaliak ikusi zituzten. «Zer dira horiek?», galdetu zuen irakasle batek; «astoak!», erantzun zioten haur batek baino gehiagok batera. Irakasleei garrantzitsua iruditzen zaie Lurraman haurrei egiten dieten tartea, laborantzaren inguruan egiten diren lanak gertutik ezagutzeko aukera baitute, nahiz eta batzuek etxetik bertatik ezagutu.

Ardiei ilea nola mozten dieten ikusita, haur asko beldurtu ziren, ardiek min hartzen zutelakoan. «Zuek ile apaindegira joaten zaretenean bezala da, ez du minik ematen», lasaitu zituen bertako animatzaileak. Gazta nola egiten den, eztia nola ateratzen den eta artzain txakurrek ardiak nola gobernatzen dituzten ere ikusi zuten.

Bien bitartean, lehenengo aretoan, ofizialki estreinatu zuten aurtengo Lurrama Berhokoirigoinek, Michel Veunac Miarritzeko auzapezak, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak eta Gerard Choplin aurtengo aldiko aitabitxiak. Etxegaraik jakinarazi zuenez, Ipar Euskal Herriarentzat Laborantzaren Erakunde Publiko baten eskaera egin dio Frantziako Gobernuari. Elkargo mailako gobernantza bultzatzea izango luke helburu. Ikusi beharko da eskaera horrek zein bide egiten duen eta zer emanen duen. Ez zuen gehiagorik aurreratu.

Aurten, Poitou-Charentes Frantzia mendebaldeko eskualdea da gonbidatua, eta hango laborarien ekoizpenak ezagutzeko aukera izango da egun hauetan, hala nola haien ekoizpen ezagunenak diren ahuntz gasna, koñaka, ardoak... Atzo, gainera, eskualde horretako jakietan oinarrituta, Miarritzeko ostalaritza lizeoko ikasleek afaria prestatu zuten 550 lagunentzat.

Poitou-Charentes eskualdeko laborantzak ez ditu erronka makalak. Nekazari ofizioa desagertzear dago, eta etxalde handi edo industrializatuek etxalde txikiei lekua hartzeko arriskua dago.

Hausnarketarako lekua ere bada Lurrama. Hala, gaur laborantza eta elikadura politikaz, ZADeko lurren geroari buruz eta lobby-ez hausnartuko dute. Hausnarketa guneari bukaera emateko, Arnaud Brugierren Les petits gars de la campagne (Baserrialdeko mutiko txikiak) filma proiektatuko dute, Laborantza Politika Bateratua hobeto ulertzeko.

Ohiko lehiaketa, kontzertu eta animazioez gain, aurten Lurramak baditu bi berritasun. Lehen aldiz, Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketako finala jokatuko dute. Horrez gain, Euskaraldiak ere presentzia izango du, eta azoka egunak Euskaraldiaren 11 egunetara begirako beroketa saio gisa hartzeko proposamena egin dute. Gainera, gaur goizean prestaketa saio bereziak emango dituzte ahobizi eta belarriprest-entzat, 10:00etatik 12:00etara.

Gaurko egunerako, bestalde, ohar bat egin dute antolatzaileek. Izan ere, gasolinaren prezioaren gorakadaren gaiarengatik mobilizazio bat deitu dute gaurko, eta Baiona-Angelu-Miarritze inguruko bideak blokeatu nahi dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute Lurramako programa ez dutela aldatuko, eta, bidean arazoak baldin badira, beste bide batzuk hartzeko gomendatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna