Hauteskundeak Errusian. Putinen garaipena. Vladimir Putin

Haurra zeneko iruditeria gogoan duela

Haren herrialdeak galdutako prestigioa berrezartzeko lanak hartu zituen, eta bi ideiatan oinarritu du bi hamarkadako agintaldia: Errusiaren handitasuna eta abertzaletasuna. Onetik txarrera egin dute Mendebaldearekiko harremanek.

ALEXANDER ZEMLIANITXENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Behin, Vladimir Putinek bi esalditan sintetizatu zuen bere aberriarengana sentitzen duena: «Komunismoa berrezarri nahi duenak ez du bururik, eta faltan sumatzen ez duenak ez du bihotzik». 1952an jaio zen, Leningraden —San Petersburgo, egun—, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren garairik loriatsuenean, Moskuk kontrolpean zituenean Afganistandik Ozeano Artikorainoko lurrak eta Japoniako Itsasotik Elba ibaira artekoak. Aberria gurtzen irakatsi zioten, eta bi ideiatan oinarritu du bere agintaldi ia betierekoa: abertzaletasuna eta Errusiaren handitasuna. Nahikoa eta sobera, ia mende laurden boterean igarotzeko.

Iosiv Stalin hiru hamarkadaz izan zen Alderdi Komunistako idazkari nagusia. Putinek abagunearen arabera kritikatzen eta laudatzen du, eta hala jokatu izan du eta jokatzen du bere jardun politikoan. Oportunista samarra dela esan daiteke. Hain zuzen, Stalin hil baino urtebete lehenago jaio zen. Armada Gorriko ofizialordea zuen aita, eta errusieraz Kommunalka izeneko etxebizitza komunitarioetan hazi zen. Haren esanetan, «gaizkiletxo bat» zen nerabea zenean. Judoa egiten zuen —gerriko beltza du—, eta orduan gertutik ezagutu zutenek esaten dute igandeetan ere joaten zela gimnasiora, eta orduak ematen zituela bakarrik entrenatzen. Izan ere, erabakitasunak goitik behera blaitzen du Putinen nortasuna.

Eta aberriak harentzat ordezkatzen zuenaren aldeko determinazioak eraman zuen KGBko espioi bilakatzera. Kremlineko webguneak dio zerbitzu sekretuetako kide izateko erabakia hartua zuela zuzenbide ikasketak bukatzeke zituenean. Alemaniako Errepublika Demokratikoa zenera bidali zuten, Dresden hirira, 1980ko hamarkadaren hasieran. Han jardun zuen lanean, harik eta 1989ko azaroan Berlingo Harresia eraisten hasi ziren arte. Trasteak jaso, eta atzera jaioterrira, umiliazio sentipenarekin. Autoz egin zituen Dresden eta San Petersburgoren arteko 1.700 kilometroak, eta pentsamendu bakarra zuen buruan gidatzen ari zen bitartean: ez zen posible, SESBek ezin zuen goizetik gauera desagertu. «XX. mendeko katastrofe geopolitikorik handiena», Putinen esanetan. Hala gertatu zen bi urteren buruan.

Orduan, 1991n, Anatoli Sobtxak Putinen irakasle izandakoa zen San Petersburgoko alkatea, eta haren aholkulari izendatu zuen. 1996an alkatetza galdu, eta, beraz, lanik gabe gelditu zen Putin. Taxilari bihurtzea pentsatu zuen: «Bi haurtxo nituen». Baina Moskutik deitu zioten, eta FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federala zuzentzea eskaini. Hiribururantz, beraz. Haren jokabidea gustuko zuten Kremlinen, eta 1999ko uztailean, Miarritzen familiarekin oporrak pasatzen ari zela, Boris Jeltsin Errusiako presidentea ordezkatzea proposatu zioten. Putinek sentitzen zuen nazioarteak Errusia baztertua zuela, eta ez zion muzin egin bere aberriaren prestigioa berrezartzeko zereginari. «Errusia potentzia handi bat izan da mendeetan zehar. (...) Alde horretatik, ezin dugu amore eman, eta ezin diote ezikusia egin gure iritziari».

Txetxenian sarraskia eragin zuen berehala; urte batzuk geroago, 2008an, militarki esku hartu zuen Georgian, eta Mendebaldearen begietan lider kikiltzaile baten gisara aurkeztu zuen bere burua —onetik txarrera egin dute Errusiaren eta Mendebaldearen arteko harremanek Putin boterean dagoenetik—. 2014an, Krimea Errusiara batu zuen, han ere indarrez sartuta. «Haurra nintzela, arau bat ikasi nuen San Petersburgon: borroka bat saihetsezina bada, lehen kolpea eman beharra duzu». Eta hala jokatu du. Okerrik ezean 24 urte egingo ditu boterean. Zin egin du 2024tik aurrera ez duela karguan jarraituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.