Marra gorriak eta etorkizun beltzak

Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldearen zeregina «berriro aztertu» behar dela esan ostean, PSEren azken mugimenduek kolokan jarri dute batzordea. Lantaldeari eustearen alde dago Jaurlaritza.

Mendia, Goirizelaia eta Romero, hizketan, lantaldearen bilera batean. J. R. / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Joan den abenduaren 17an, PSE-EEk ezustea eman zuen Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Lantaldean, esan zuenean batzorde horren zeregina «birpentsatu» egin behar zela. 2017ko martxoan egin zuen lehenengo bilera lantaldeak; hortaz, ia bi urteko lana —urtebete eta bederatzi hilabetekoa, zehazki— zalantzan jarri zuten sozialistek adierazpen horrekin, eta batzordearen beraren etorkizuna ere kolokan gelditu zen. Urte berriarekin batera, susmoak baieztatu direla dirudi.

Urtarrilaren 10ean agiri bat aurkeztu zioten Memoria eta Bizikidetza Lantaldeari PSE-EEk han dituen bi ordezkariek, Rafaela Romerok eta Jose Antonio Pastorrek. Sintesi dokumentuari egindako ekarpenak agertzen ziren sozialisten idazki hartan. Orain arteko lanak aintzat hartuta, alderdi bakoitzaren jarrera eta jarrera horien artean egon daitezkeen adostasun puntuak biltzen ditu sintesi dokumentu horrek, eta lantaldeko buru Ana Oregik (EAJ) egin du. Batzordearen lana erraztu eta «diskrezioa» gordetzearren, sintesi dokumentu hori ez dute ezagutarazi, ezta gainerako alderdiek egin dituzten ekarpenak ere, baina euren agiria aurkeztu eta hurrengo egunean, prentsa agerraldia egin zuen PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak, horren berri emateko.

Mendiak esan zuenez, PSE-EEren agiriak bazuen xede argi bat: ezker abertzalea behartzea «ETAren biolentzia bidegabea» izan zela esatera. «Aldarrikapen hori ezinbestekoa da Alderdi Sozialistentzat», esan zuen Mendiak. «Inork inoiz ez zuela erail, bahitu, mehatxatu edo torturatu behar izan proiektu politiko baten defentsan, ezta estatu arrazoiengatik ere».

Sei puntu ditu PSE-EEren proposamenak, sozialisten «marra gorriak» batzordearen lana ontzat emateko: onartzea indarkeria erabiltzeko «inoiz» ez zela arrazoirik izan, aniztasunaren errespetua, biktima guztiak aintzat hartzea «gatazkaren teoria elikatu gabe», «zuzenbide estatuaren eta legeen errespetua», presoen gizarteratzea «konstituzioak eta espetxe legeek ezartzen dituzten terminoetan», eta hilketaren eta «zilegi ez den edozein indarkeria motaren» deslegitimazioa.

Mendiak uste du parte hartzen duten alderdi guztiek gutxieneko puntu horiek onartu ezean, Memoria eta Bizikidetza Lantaldeak ez lukeela zentzurik. «Orain arteko adostasunak zabalduko ez baditugu, pentsatu beharko dugu zer nahi dugun lantaldeari dagokionez», esan zuen joan den astelehenean Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean.

PSE-EEk badaki beste zenbait arlotan badagoela zer egin, baina arlo horietan kontuak nahikoa bideraturik ikusten ditu. Esaterako, presoei dagokienez, PSE-EEk uste du PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenetik «espetxe politikaren kudeatze desberdin, legezko eta adostua» egiten ari direla. Eta torturaren aferan ere, «adostasunerako formulak» badaudela uste dute, PSE-EEk gogor kritikatu zuen arren Eusko Jaurlaritzak eskatuta EHUko adituek egindako txostena.

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Etxebizitza eta Ingurumen sailburuak Mendia alderdikidearen antzera mintzatu zen atzo, Noticias taldeak argitaratutako elkarrizketa batean, baina alde batera utzita PSE-EE Memoria eta Bizikidetza Lantaldetik joateko aukera. Arriolaren hitzetan, sozialistek ez dute horretarako «asmorik», baina euren nahia da «guztiek zoru etikoa» onartzea; hots, «aitortzea indarkeria oro gaizki egon zela».

«Irteteko atea»

Egoera zaildu bada ere, lantaldeari eustearen aldekoa da Eusko Jaurlaritza. Vocento taldeak atzo Jaurlaritzako lehendakaritzako iturriak aipatuz zabaldu zuenez, Iñigo Urkulluren gobernua prest dago «elkarlanean» aritzeko eta «puntu komun bat» topatzeko lantaldea osatzen duten lau indar politikoen artean, «garrantzitsua» iruditzen baitzaio batzorde horrek memoriaren eta bizikidetzaren alorrean akordio bat lortzea. Iturri horien arabera, Urkullu bera ezustean harrapatu zuen PSEren mugimenduak.

Bestalde, EH Bilduk uste du PSE-EEk azken asteetan egindako mugimendu horiek guztiek xede bakarra dutela: Memoria eta Bizikidetza Lantaldetik «ateratzeko atea» bilatzea. EAJk,EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk osatzen dute batzordea, PPk hasieratik uko egin baitzion horretan partaide izateari, eta PP beti saiatu da sozialistak estutzen batzordetik alde egin dezaten —joan den astean Alfonso Alonso ere horretan aritu zen—.

Urtarrilaren 14an, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak esan zuen beldur zela PSE-EE lantaldetik joateko bere burua prestatzen ari ote zen. Hala balitz, lantaldearen etorkizuna beltz samarra izan liteke. Agian hurrengo bilerak zerbait argituko du horren inguruan, datarik ez badu ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.