Koronabirusa

Intzidentzia egonkortu egin da Hegoaldean, baina tasa handia da oraindik

Azken 14 egunetako intzidentzia tasa 228,3koa da Hego Euskal Herrian. Ostiralean 403 positibo atzeman ziren, bezperan baino %35 gutxiago

Abenduaren 27an, txertoak prest jartzeko, Hondarribian. GORKA RUBIO /FOKU.
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Iragan igandetik Hego Euskal Herriko intzidentzia tasa apenas aldatu den, baina, oraindik orain, tasa handia da: azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 228 positibo kasu pilatu ditu, eta, aurreko astean, intzidentzia tasa hori batez beste 224tik 229ra arteko tartean mugitu da. Dena den, tasa kezkagarria da oraindik ere. Alde batetik, bilakaera epidemiologikoan beheranzko jaitsiera geratu egin delako, eta, bestetik, hirugarren olatuari begira, adierazle kezkagarria delako: osasun arduradunen arabera, 250 kasutik gorako intzidentzian koronabirusa hedatzeko arriskua muturrekoa da, eta, hortaz, egoera horretatik gertu daude lau lurraldeak.

Zehazki, Araba eta Gipuzkoa muga horregatik gora daude orain, 100.000 biztanleko 287 eta 253 kasu baitituzte, hurrenez hurren. Bizkaiaren kasuan, intzidentzia tasa egonkortu egin da azken astean, eta azken erreferentzia 203 kasukoa da. Daturik hoberena Nafarroak duen arren, lurralde horretan goranzko joera argia hartu du berriro koronabirusaren hedapenak. Hain zuzen horregatik, Urtezahar gauari begira Nafarroa berriro ixteko eta etxeratzeko agindua 23:00etan uzteko erabakia hartu zuen Nafarroako Gobernuak.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako bilakaera epidemiologikoaren daturik ez dago, baina astero Akitania Berriak Pirinio Atlantikoak departamenduko datuen berri ematen du, eta balio dezake erreferentzia gisa: abenduaren 18an, aurreko zazpi egunetako 100.000 biztanleko 137 kasuko intzidentzia zuen, eta abenduaren 31n, 93,8koa.

Urte berriarekin batera, kasuek behera egin dute Hego Euskal Herrian, baina ikusteko dago behin asteburua iraganda joera bat islatzen duen edo jaiegunetan proba gutxiago egitearen ondorio den. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 5.426 PCR eta antigeno proba egin zituzten urtarrilaren 1ean, bezperan baino %40 gutxiago —aintzat hartu behar da atzo kaleratutako datuak ostiralekoak direla—. Horietatik 405ek eman zuten positibo, urteko azken egunean baino %35 gutxiagok.

Positibo kopurua murriztu egin zen, lurraldez lurralde. Araban, 80 positibo atzeman zituzten ostiralean, aurreko egunean baino bi gutxiago; Bizkaian, 119, bezperan baino 116 gutxiago; Gipuzkoan, 95, aurreko egunean baino 68 gutxiago, eta Nafarroan, 103, 35 gutxiago.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen aurreko egunetan bost hildako izan direla, 87 eta 102 urte bitartekoak. Bizkaiko zahar etxeetako bi egoiliar zendu dira azken orduotan, eta lau Gipuzkoakoetan.

Osakidetzak azaldu zuen 23 pertsona ospitaleratu zituztela atzo, baina orain ospitaleetako solairuetan direnen daturik ez dago. ZIUko oheetan 77 daude, bezperan baino bi gutxiago. Nafarroan, berriz, 130 pertsona daude ospitaleratuta: 20, larrialdietan; 30, etxeko arreta berezian; eta gainerako 70ak, gela arruntetan.

Aiton-Etxe egoitzaz

Atzo jakin zenez, Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritza erabiltzaileei COVID-19aren aurkako txertoa jartzearen kontra agertu da. Zuzendariak, egoiliarren senideei bidalitako mezu batean, arrazoitu zuen txertoa «esperimentazio fasean» dagoela eta «epe laburrean albo ondorio larriak» eragin ditzakeela. Gipuzkoako Aldundiak adierazi du egoitzarekin harremanetan jarriko direla eta, horren ostean, «beharrezko neurriak» hartuko dituztela.

Aldundiak nabarmendu du erabiltzaile guztiei bermatuko zaiela txertoa jasotzeko eskubidea: «Erakundeak hala nahi duten erabiltzaile guztien txertatzeko eskubidea bermatuko du, eskubide bat eta erabaki pertsonal bat baita». Horrez gain, horien senideekin bilduko dela ere gehitu du. Bileran, Osasun Saileko arduradunek hartuko dute parte.

Juan Carlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak harridura azaldu du: «Osasun eta zaintza sistema publiko sendoa da Aiton-Etxekoaren moduko gertaerak eragozteko bermea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.