Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Lantokiko sarrailan giltza

Publizitatea

Politika

Lantokiko sarrailan giltza

Euskal presoak «etxeratzearen» alde, dinamika berri bat da abian: Ireki. Enpresetan sinadurak biltzen ari dira, langileen «inplikazioa» lortzeko. Inoizko sinadura gehien bildu nahi dute.
Eibarko ABC lantokiko langileak, Ireki plataformari babesa ematen.
Argazkia: BERRIA

2017-03-05 / Jokin Sagarzazu

Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketarik handiena». Erronka hori bota dute Ireki plataformako kideek: langileen artean 150.000 atxikimendu biltzea, ekainera arte, euskal presoen eta iheslarien «etxeratzea» eskatzeko. Kezka bat dute denek: uste dute urteotan langile mugimenduan «nahiko ahaztuta» egon dela preso eta iheslarien gaia. Horri buelta emateko abiatu dute Ireki. Lantokietan ariko dira sinadurak biltzen; baina, bereziki, «kontzientzietan» eragin nahi dute: «Giltza da elkartasunetik konpromisora pasatzea».

Durangaldeko (Bizkaia) industria kimiko bateko langilea da Aitzol Agirre. Presoen auziaz LAB sindikatuak eginiko batzar batean izan zuen egitasmoaren berri. «Interesgarria iruditu zitzaidan, eta esan nien nire enpresara zabaldu nezakeela, baita Durangaldeko beste batzuetara ere». Bi hilabetez aritu da errolda bat osatzen, ordezkarien telefonoak biltzen eta plangintza azaltzen. «Uzta biltzen orain hasiko gara».

Agirrek azaldu du enpresa bakoitza «mundu bat» dela eta norberak jakin behar duela nola antolatu ahal den sinadura gehien lortzeko. «Nirean banan-banan joan naiz; lehenengo jo dut konfiantza daukadan lankide eta afiliatuengana». Aitortu du «errazena» egin duela berak; ez dela joan «ezezkoa eman dezakeen jendearengana». «Baina saiatuko naiz. Orain arte, ezezko bakar bat ere ez dut jaso». Dozena bat sinadura bildu ditu, adin guztietako pertsonenak; 97 langile ditu haren enpresak.

Beste era batera ari da Elena Llanes, Iruñerrikoa (Nafarroa). Aparkalekuak kudeatzen dituen enpresa batean egiten du lan. Han ez ezik, beste lantoki batzuetako ordezkariekin ari da harremanetan, hiriburuan eta Pirinio aldean: jantokietako langileekin, merkatuetan, ostatuetan... «Lan gogorra da, enpresa txikiak dira, langile gutxikoak; autoa hartu eta enpresaz enpresa joan behar dut». Oro har, «oso ona» da erantzuna.

Tolosaldeko (Gipuzkoa) paper fabrikako langilea da Joseba Egues. 170 bat kide ditu, eta jada 100 sinadura inguru lortu ditu. Pozik dago orain arteko emaitzarekin. «Langileen aldetik oso ona izaten ari da». Eguesen arabera, sinatzaileen artean «kolore eta adin guztietakoak» daude.

Datorren ekainera arte 150.000 atxikimendu biltzeko helburua dute Ireki plataformako kideek, eta «egingarria» dela uste dute hiru lagunek. Dagoeneko, 20.000 dituzte. Dena den, azpimarratu dute lana ez dela lantokietara mugatu behar; kalera irten behar dela diote. «Gutxieneko inplikazio bat eskatzen du egitasmoak, baina ezin gara mugatu sinadurak biltzera eta kito. Lehen urratsa izan behar du honek», azaldu du Agirrek.

«Begiak ireki behar ditugu»

Orain arte topatu dituzten zailtasunak ere ez dituzte ezkutatzen. «Gaur egungo lan egiteko moduagatik, askotan ez dugu elkar ezagutzen ere. Sindikatutik saiatzen gara haiengana iristen lan munduko gaiekin, eta ez dugu lortzen; beraz, pentsa honekin», adierazi du Durangaldeko langileak. «Presoen egoera gertutik bizi dugunok egin behar dugu esfortzu handiena. Eta normala da: guk egiten ez badu, nork egingo du?», gaineratu du Tolosaldeko Eguesek. Bera bezala, bere enpresan badaude senide edo lagunen bat preso dutenak. Lankideen elkartasuna azpimarratu du. «Ezagutzen dute gure egoera zein den. Bisitetara-eta joan behar dudanean, ez dute arazorik izaten nik uzten dudan zuloa betetzeko».

Dena den, lanetik kanpo bai, nabari du hutsunerik jendearen inplikazioan. «Seinalatuta bezala sentitzen naiz: badirudi betikoak gaudela betikoa egiten. Amaitu beharra dago hori; lortu behar dugu jende berria, eta, horretarako, denok —baita guk ere— ireki behar ditugu begiak».

Beste egoera batean daude Agirre eta Llanes euren enpresetan. Haiek lankide askori azaldu behar diete zein den presoen eta haien senide eta lagunen egoera. Agirreren lantokian, bera da gertukoren bat preso duen bakarra. «Badakite, neurri batean, zein den gure egoera, baina harrituta geratzen dira egin behar izaten ditugun kilometroekin, bisitetarako baldintzekin, eta, oro har, presoen egoerarekin». Llanes ere kezkatuta azaldu da «gizartearen zati handi baten» jarrerarekin. «Zerbait entzun dute, gaia hor dago, baina lehen, errepresio gehiago zegoelako-edo, handiagoa zen aktibazioa. Nire pertzepzioa da gazteek hobeto ulertzen dutela egoera; agian, haiek jarraitzen dutelako bizitzen errepresioa: kalean, lan munduan...».

Agirreren ustez, ez da erraza izaten gai politikoak eta lan gaiak uztartzea, baina hala izan behar duela uste du. Ados dago horrekin Egues. «Gertatzen dena da eragile asko gaudela honen bueltan, eta batzuetan ez dela oso ondo ulertzen zertan. Inertziak daude, aurreiritziak... Gainera, krisialdiagatik gai pilo bat sartzen ari dira agendan, eta zaila da langileen lehentasunen artean jartzea presoena». «Baina hori herri honetako gai bat da», azpimarratu du Agirrek. «Esaten da bakea funtsezkoa dela beste hainbat gaietarako; haiek etxera itzuli arte, ez dugu bake osoa izango».

Llanesentzat, helburu hori lortzeko gakoa da mobilizazioa: «Elkartasunetik inplikaziora pasatzea». «Hau ezin dugu mugatu sinadurak biltzera. Gai politiko bat da, noski; baina baita gizatasun kontu bat ere. Hori dugu kontzientziak pizteko sua. Bost urte daramagu ETAk amaitu zuenetik, eta presoen eskubideak urratzen jarraitzen dute».

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak