Milaka erle hil dira Angelun: «Egun batetik bestera erle metak topatu ditut»

30 erlauntz suntsitu dira Angelun, eta jabeak uste du intoxikatu egin direla. Zer gertatu den aztertzen ari dira departamentuko albaitariak

Jacques Sallesen erlauntzetako bat, hildako erle metarekin. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
Urtebeteko lana galdu du Jacques Sallesek. Ezin zuen ikusitakoa sinetsi orain dela bi aste Angeluko Brindos auzoan (Lapurdi) duen erlategira joan zenean: «Egun batetik bestera, erle metak aurkitu nituen erlauntz kanpoan eta barnean: hilik». Intsektizidek sortutako arazo bat dela dio. «Hotzaren, gosearen edo beste arrazoi baten ondorioz hiltzen direlarik, pixkanaka hiltzen dira. Denak batera hil dira, egun bakarrean», kontatu du, haserre. «Lehen erlauntzean, denak hilak; ondokoan, batzuk dardarka, eta beste batzuk, buruz gora, euliei pozoia botatzen zaienean bezala», azaldu du. Erlauntz bakarra gelditzen zaio bizirik, «irauten badu». 20.000-30.000 erle hil zaizkio guztira.



«Orain dela hamabost urte eraiki genuen erlategi hori, eta berriki konpondua genuen; beraz, biziki egoera onean zen. Guretzat garrantzi berezia zuen, bikoizteko asmoa genuelako». Erlezaina da Salles, eta Baionako Loreztia saltegiaren nagusia. Erreximenta du ekoizpen nagusia, eta, beraz, ez du enpresa arriskuan ikusten, baina «kolpe handia da». Irria ez du galtzen, hala ere, eta baikor gelditu nahi du: «Biologikora pasatzeko asmoa genuenez, urratsa egiteko baliatuko dugu». Ez du salaketa emateko asmorik, baina departamenduko albaitaritza zerbitzuak deitu ditu erleekin zer gertatu den azter dezaten.



Galtzeko arriskuan

Galtzeko arriskuan den espeziea da erleena, eta azken urteetan, Eskualdeko Kontseiluak laguntzak eman izan ditu erlategiak berriz betetzeko. Bestela, herritarrak interpelatzea beste biderik ez du ikusten Sallesek.



«Azken urteetan, neguan, lehen baino erlauntz gehiago galtzen ditugu: lehen, %5-10, eta orain, %30-40 ere bai». Elementu andana bat ikusten du hori esplikatzeko: parasitoak, Asiako liztorra, tenperatura aldaketa, baina baita hainbat lore mota galtzea ere. «Guk ere beti gauza bera janen bagenu, ahulduko ginateke». Gogor mintzo da: «Laborantza munduak eta, orokorrean, eraiki dugun munduak erlea ahultzen dute». Herritarrentzat ere badu mezua: «Kasu egiten duzuenari. Anitzetan, laborariak baino okerragoak dira norbanakoak beren baratzeetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.