Mundu ikusgarria loratu da Plutonen

'New Horizons' misioak igorri dituen lehen irudien arabera, planeta nanoan eta haren ilargi nagusia den Karonen jarduera geologikoa dagoela uste dute ikertzaileek. Ikerketarako ate berri bat ireki dute.

Pluton eta Karon ilargia, berriki NASAk zabaldutako irudi batean. NASA/JHUAPL/SWR.
Juanma Gallego.
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bederatzi urte eta erdiko bidaia luzea lehen sariak eskaintzen hasia da. Teleskopio hoberenetatik ikusita puntu ñimiñoa baino ez zena, esploratzeko dagoen mundu ikusgarria bilakatu da New Horizons misioari esker. Irudiez gain, zientzialarientzat saria askoz oparoagoa izango da ondorengo hilabeteotan. Pluton eta haren ilargietako bat den Karoni buruz informazio ugari eskuratu du zundak, baina, Lurretik bost mila milioi kilometrora dagoenez, datu horiek tantaka-tantaka helduko dira. Guztira 16 hilabete beharko ditu zundak gordeta duen informazio guztia Lurrera igortzeko.

Joan den asteartean igaro zen New Horizons misioa Plutonetik gertu, eta han jasotako lehen irudiek zientzialarien jakin-mina areagotu baino ez dute egin. Planeta horren egitura geologikoak azaldu dira NASAren pantailetan, pixel bakoitzeko 100 metroko bereizmenarekin. Irudiei esker,bat-batean informazio andana eskuratzeko aukera izan dute zientzialariek. Kolore okre gorrixka duen azalean arroilak diruditen egiturak azaldu dira, baita orban ilun handiak ere. Izotzez osatutako 3.500 metroko mendiak eta hainbat krater ere badira, baina krater horiek adituek espero baino kopuru txikiagoan. Hori planetaren lurrazalak 100 miloi urte baino gehiago ez duen seinalea izan daiteke, NASAko ikertzaileen ustez. Horregatik, planetak nolabaiteko jarduera geologikoa duela uste dute, haren ilargirik handien Karonen eraginez.

Ilargi nagusi horretaz gain, beste lau satelite ditu planeta nanoak: Nix, Hidra, Zerbero eta Estix. Pluton eta Karonen tamainen arteko aldea, ordea, ez da oso handia, eta, horregatik, zientzialariek sistema bitartzat jotzen dute bikotea. «Plutonek 2.370 kilometroko diametroa du, gure planetaren %18,5a, eta Karonek, berriz, 1.208 kilometro, Lurraren %9,5a», zehaztu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile Naiara Barradok.

EHUn Zientzia Planetarioen Taldeko partaide eta fisikari da Barrado, eta misioak izango duen beste zeregin bat interesatzen zaio, bereziki: «Planetaren atmosferaren karakterizazioa, eta haren aldaketa 'meteorologikoen' azterketa», hain zuzen ere. Hain urruneko munduak izanda, egun,oso gutxi da horien inguruan dagoen informazioa, eta, orain arte,zeharkako neurketak egin behar izan dira atmosfera horien berri izateko.

Pluton aztertu eta gero, Kuiperren gerrikoan barna murgilduko da misioa. Neptunotik haratago dagoen Eguzki sistemaren eremua da hori, eta 800 objektu inguru topatu dira. «Misioaren beste helburuetako bat da Pluton eta Karonen aztertu nahi diren gauza berdinak Kuiperren objekturen batean ere ikertzea, hala nola haren morfologia, geologia egiturak edota atmosfera», adierazi du Barradok.

Planeta nanoa

Denbora askoz Eguzki sistemaren bederatzigarren planeta izan zen, eta ikastetxeetako arbeletan zein testuliburuetan horrela azaldu zen. Baina Nazioarteko Astronomia Batasunak kategoriaz aldatu zuen 2006an, New Horizons misioa Lurretik atera eta hilabete gutxira: planeta izan beharrean, planeta ipotx edo nanoa izan da ordutik aurrera.

Aldaketa horrek, ordea, ez du aldatu zientzialariek gaiarekiko duten ikusmina. «Arlo horrek agian interes handiagoa du orain, Pluton ez ezik Eris, Makemake, Haumea eta Zeres eta antzeko objektuak ere ezagutzen ditugulako». Zientziaren munduan ez, bainagehienbat kalean dagoen kezka dela kategoriarena. «Hori buruz galdetzen didatenean nik beti gauza berdina erantzuten dut: Pluton ez da aldatu eta lehen zena izaten jarraitzen du».

Misioa 2030. urtera arte martxan egongo dela uste dute ingeniariek, zunda elikatzen duen plutonioa urte horretan agortukobaita. Kasualitatez planeta aurkitu zen mendeurrenean lokartuko da betiko New Horizons misioa. Izan ere, Pluton 1930an aurkitu zuen Clyde Tombaugh astronomoak. Zazpi mila ordu inguru eman zituen izarrez betetako argazkiak alderatuz, horien artean aldaketa txikiren bat topatu asmoz. Ikertzaile temati horren omenez, Plutonen topatu berri den bihotz itxurako eremu bat Tombaugh izenarekin bataiatu dute, baina omenaldirik hunkigarriena ez da amaitu. Zundaren barruan doaz Clyde Tombaughen errautsak, hark aurkitu zuen planetatik gertu igaro eta gero orduko 50.000 kilometroko abiaduran: izarretarako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.