Etorkinen adina jakiteko metodoak salatu ditu Cimade elkarteak Baionan

Departamenduko zerbitzu sozialek 27 gazteri «azterketa» pasatu zien azaroaren 22an, eta horietako 11 adingabeak zirela ukatu zuen

Alain Larrea eta Laurence Hardouin abokatuak, prentsaurrekoan, atzo. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Arrazakeria instituzionalaren zantzuak». Hitz gogorrak izan zituen Alain Larrea abokatuak atzo goizean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak etorkin adingabeekin duen jarrera salatzeko antolatutako prentsaurrekoan. Joan den ostegunean, azaroaren 22an, beren burua adingabe gisa deklaratu duten 27 etorkin eraman zituzten Baionako aterpetze zentrotik departamenduko Elkartasun Egoitzara, haien adina definitzeko. «Adingabeak katean aztertu zituzten, bakoitzari oren erdi bat-edo eskainita. Ez zuten errespetatu pertsona horien duintasuna», salatu du Laurence Hardouin abokatuak. Aztertutako 11 etorkinek 18 urte baino gehiago zituztela ondorioztatu zuten zerbitzu sozialek, eta, beraz, ez dituztela babestuko.

Hori baita aferaren muina. Laguntzailerik gabeko adingabeei babesa eskaini behar diete departamenduko zerbitzu sozialek. ASE Haurrentzako Gizarte Laguntza arduratzen da horietaz: harrera familia aurkitu, eskolatu... Beren kargu hartu behar dituzte adingabeak, edozein nazionalitate edo jatorri izanik ere. Horregatik, erabakigarria da etorkin gisa datozenen adina definitzea. «Frantziak izenpetuak ditu nazioarteko akordioak. Ezin du oren bateko azterketa batekin definitu etorkin bat adingabea den ala ez», adierazi du Larreak.

Adina definitzeko erabilitako azterketak ere salatu dituzte bi abokatuek. «Hezurrak neurtzen dizkiete, eta horren arabera definitzen dute adina, besteak beste. 1940ko ikerketa batean oinarritzen da azterketa mota hori. Pentsa daiteke garai hartan eta gaur egun gazteen gorputzak ez direla berdinak, eta, gainera, ikerketa hori mendebaldeko pertsona zurietan oinarrituz egin zuten. Medikuen Ordenak behin baino gehiagotan salatu du egiteko manera hori», esplikatu du Hardouinek. Gaur egun debekatua da hortzen azterketa egitea.

Azterketa fisikoaz gain, azterketa psikologikoa ere egiten diete. «Heldutasun moral bat badute, adin heldutasuna ebazteko froga gisa hartzen dute, kontuan hartu gabe iritsi den lekura iristeko gazteak iragan duen guzia». Horretan ikusten du arrazakeria instituzionala Larreak. «Familia arazoak izan dituen haur zuri bat aztertzen dutenean, haren heldutasuna bizi izanikoaren ondorio dela kontsideratzen dute. Etorkin baten kasuan, adinez heldua dela errateko froga da».

Beste arazo bat ere bada: Espainiara iristean, azterketa egiten diete etorkinei. Batzuk heldu gisa identifikatzen dituzte, eta beste batzuek hautuz izenpetzen dute helduak direla dioen ziurtagiri bat, pentsaturik horrek Frantziara iristen lagunduko dituela. Baina behin Frantziara iritsita, administrazioak froga gisa hartu ohi du ziurtagiria, eta laguntza jasotzeko oztopo bat izan ohi da.

Bost abokatu, helegite bat

Azaroaren 22an aztertu ondotik, adingabeak izatea ukatu zieten 11 gazteak errefusatze gutun banarekin atera ziren departamenduaren egoitzatik, baina ez zieten egindako azterketa indibidualaren dokumenturik eman. «Legalki, bakoitzari berea eman behar diote», azaldu du Larreak. Bost abokatu elkartu dira kasua hartzeko, eta departamenduko kontseiluari 11 gazteen dokumentuak emateko eskatu diote, helegitea ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.