BERRIA Taldeko akziodunen batzarra

Hamabosgarrenean, indarberritzeko asmoz

Indarberritzeko bideak jarri ditu abian BERRIA Taldeak, hamabost urte betetzeko atarian: akziodunen batzarrean aztergai izan dituzte. Iazko urtea galerarik gabe itxi zuen taldeak, eta babes handiagoz

BERRIA Taldeko akziodunen batzarra egin zuten atzo Martin Ugalde kultur parkean, Andoainen. JON URBE / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Andoain
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Hilabete honetan bertan, ekainaren 20an, hamabost urte beteko ditu BERRIAk. Urteurrenaren bueltan, aurrera begirako egitasmoa aztertzen ari da, euskarazko komunikazio esparruan beste pauso bat eman nahian. Hiru ardatz nagusitan ari da lanean. Batetik, gogoeta bat hasi du BERRIAren etorkizuna aztertzeko eta produktuetan aurrerapauso bat emateko. Bigarrenik, aztertzen ari dira euskarazko hedabideek nolako babes publikoa eduki behar duten; mahai bat osatua dute Hekimen hedabide elkarteak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hirugarrenik, komunitatea indartzea: ia 14.000 BERRIAlagun ziren iazko urte amaieran, eta beste koska bat egin da gora aurten. Hiru ardatz, hamabosgarren urteurrena bultzagarri izan dadin.

BERRIA Taldeko akziodunen batzarra egin zuten atzo, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde kultur parkean. 2017ko balantzea aztertu zuten. Galerarik gabe bukatu zuen urtea taldeak: 66.000 euroren irabaziarekin. Egunkariak berak galerak eduki zituen (136.000 euro), eta taldeko beste enpresek estali dute hori. Izandako mugimenduak esplikatu zituen Iban Arregi kontseilari ordezkariak: publizitatean igoera bat ageri da aspaldiko partez, eta BERRIAlagunen ekarpena ere handitzen ari da. Ordea, babes publikoaren pisua gero eta txikiagoa da, Jaurlaritzak aurreko agintaldian egindako ebazpenaren ondorioz. Gastuei dagokienez, kontuan izatekoa da langileen ahalegin ekonomikoa, urteetan baitaude soldatak eguneratu gabe. 2017ko irabazien herenak beharginen artean banatu dituzte.

Arlo ekonomikoari dagokionez, «urte zaila» izan zen iazkoa ere, baina joera positiboak ere badirela nabarmendu du Arregik: bai BERRIAlagunetan izaten ari den hazkundea, bai BERRIAren edukiek duten hedapen handiagoa.

Zabalkundea eta etekina

Bi aldeko txanpona ageri da orain ere. Herritarrengana iristeari dagokionez, inoizko zabalkunderik handiena daukate BERRIAren edukiek, paperekoak eta Internetekoak aintzat hartuta. Baina horri etekin ekonomikoa nola atera, hor dago hutsunea, kontuan hartuta hedapena Interneten bidez datorrela. BERRIAlagunen bidea jorratzen ari dira, eta azken urtean bereziki sarean egin da deia: babesle izateko eskatu diete BERRIAren edukietara jotzen dutenei.

Geroa zugan leloarekin ari dira mezu hori zabaltzen. BERRIA Berri taldea osatu dute horretarako. Euskal kulturan eta gizartean pisu handia duten hamazazpi lagunek osatu dute taldea, eta beste ehun lagun ezagun ere batu dira.

Herritarrei egin diete deia, eta erakundeei ere bai, BERRIA babestu dezaten. Ari dira pauso batzuk ematen. Aurreko agintaldian Jaurlaritzak hartutako erabakiek oso estu utzi dute BERRIA urteotan, Beatriz Zabalondo lehendakariak azaldu duenez: «Gure jardunarekin ozta-ozta jarraitzera kondenatu gintuen ebazpen hark». Euskararen normalizazio bideari egindako kalteaz ohartarazi du: «Zer zentzu dauka hedabideak itota mantentzeak? Norentzat da onuragarria?». Egoera hori aldatzea espero dute orain, hala ere. «Uste dugu gauzak aldatzeko bidean daudela datozen urteetarako, beste haize batek joko duela. Agertoki berri baterantz goaz».

Beste urrats bat

Egoera zaila izanda ere, pausoak ematen jarraitu du BERRIAk urteotan. 2017ko urratsen berri eman zuten bileran: webgunea nola eraberritu duten, estilo liburua sakelako telefonoetara nola egokitu duten, berriemaile bereziak zer lekutara bidali dituzten... Zabalondo: «Zailtasun eta guzti aurrera egin dugu. Egunkari ona eta oso duina egiten jarraitu dugu, munduko estandarretan neurtzeko moduko egunkari bat».

Aurrerapauso bat eman nahi dute norabide horretan, hala ere. «Ez dugu bertan goxo egin nahi, eta garai berrietarako prestatu behar dugu». Gogoeta estrategiko bat abian da BERRIAn: zer izan behar duen euskarazko egunkariak. Azterketa ugari ari dira egiten: edukiak, merkatua, teknologia berriak, finantzaketa egoera eta aukerak... 2019tik aurrerako BERRIAren zimenduak jarri nahi dituzte gogoeta prozesu horren bitartez. Etxe barruan ari dira azterketak egiten, «baina ateak irekita kanpoko begiraleei eta eragileei».

Otsailean gogoratu zuten Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hamabosgarren urteurrena. Beste urteurren bat izango da hilaren 20an, ospakizun girokoa: BERRIAren hamabosgarrena. Duela hamabost urte egindako urratsa goraipatuko dute: «Hilurren utzi gintuen kolpe hark, baina errautsetatik abiatuta sortu genuen BERRIA». Hilaren 20an bertan, iluntzean, ekitaldi bat egingo dute urteurrena gogoan hartuta.

BERRIA Taldeko administrazio kontseiluan aldaketak egin dituzte. Ohitura da karguan bost urte egin eta gero lekukoa pasatzea, eta, beraz, agintaldia amaitu dute Gartzen Garaiok, Pilar Kaltzadak eta Idurre Maortuak. Oroigarri bat eman zieten atzoko batzarrean, urteotan egindako lana eskertze aldera. Beste hiru lagun sartu dira administrazio kontseiluan: Erika Lagoma, Txema Ramirez de la Piscina eta Idoia Torregarai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.