Herri lanek lehentasuna izango dute Bizkaiko aurrekontuetan

Inoizko aurrekonturik handiena izango du aldundiak 2019rako: 1.253,3 milioi eurokoa. Udal finantzaketa handituko dute, eta bizikleta sustatzeko plan bat landuko dute

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko urriaren 31
00:00
Entzun
«Haizea alde dugula aprobetxatu behar dugu, baina zuhurtziarekin». Hala esan zuen atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak datorren urterako aurrekontuak aurkezteko agerraldian. Kudeaketa propiorako 1.253,3 milioi izango ditu aldundiak datorren urtean, aurten baino 58,6 milioi gehiago. Eta horrek guztiak inoizko kopuru handiena egiten du. Hazkunde ekonomikoa aldundiaren kutxak bete dituela aprobetxatuko du Rementeriaren taldeak herri lanetara96 milioi euro bideratzeko. «Inbertsio produktiboak sustatu behar dira, kalitatezko lanpostuak sortuz». Beste era batera esanda, lan publikoak bultzatuko dituela aldundiak 2019an.

Indarrak zein lanetan jarriko dituzten ere zehaztu zuen Rementeriak. Besteak beste, Portugalete eta Getxo arteko itsasadar azpiko tunela egiten hastea, Bilbo hegoaldeko saihesbidea amaitzea, eta Nagusi Center sortzea. Hala ere, zehaztu zuen «eskualde denetan» egingo dituztela lanak. «Lanpostu hobeak sortuko ditugu horiekin». Lan horiek Ekonomia eta Lurralde Garapenaren Sailak hartuko ditu bere gain, eta egingo den ahalegin ekonomikoa sailaren aurrekontuen hazkundean ikusi daiteke, aurtengo diru kopurua baino %5,4 handiagoa izango duelako. Denetara 283,6 milioi euro izango ditu erabilgarri.

Aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztu zuten atzo, eta azaroaren 7 eta 8an Batzar Nagusietan sail bakoitzak bere aurrekontuak xehatuko ditu. Hala ere, lehen begi kolpean agerian geratzen da Gizarte Ekintzen Sailak izango duen pisua. Aurrekontu denen %43 ordezkatzen du, hau da, 537 milioi euroko ekarpena. Iazko kopuruarekin alderatuta %8 gehiago izango dute gastatzeko, eta sailak inoiz izan duen ekarpenik handiena ere izango da. «Bizkaia hobe baten atzetik goaz, eta horretarako ez dugu inor atzean utzi nahi», esan zuen Rementeriak.

Udalak eta mugikortasuna

Aurrekontu proiektuak hiru oinarri izango ditu. Horietan lehenik herri lanak aipatu zituen, eta hurrengo bi oinarriak udal finantzaketa eta mugikortasuna izango dira. Udalen finantzaketan ahalegina egin dutela azpimarratu zuen ahaldun nagusiak. «Krisi garaian udalek estutasuna pasatu dutela badakigu, eta orain barealdia datorrela esan dezakegu». 896,8 milioi euro bideratuko du aldundiak udaletarako, aurten baino 46 milioi gehiago. «Gaitasun handiagoa izango dute euren zerbitzu publikoak hobetzeko».

Mugikortasunari dagokionez, «iraultza lasai bat» abiatu nahi du aldundiak. Autoaren erabilera txikitu nahi du, eta bizikletaren erabilera bultzatu. Mugikortasun berri horrek izan beharko lituzkeen oinarriak adosteko plan bat egingo du, eta hamar milioi euro bideratuko ditu horretara. Rementeriak ez zuen azaldu nondik nora joango diren bidegorri berriak, aurretik asmoak Batzar Nagusietan aurkeztu nahi dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.