Herri lanek lehentasuna izango dute Bizkaiko aurrekontuetan

Inoizko aurrekonturik handiena izango du aldundiak 2019rako: 1.253,3 milioi eurokoa. Udal finantzaketa handituko dute, eta bizikleta sustatzeko plan bat landuko dute
Unai Rementeria eta Jose Maria Iruarrizaga, atzo.
Unai Rementeria eta Jose Maria Iruarrizaga, atzo. JON URBE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2018ko urriak 31
«Haizea alde dugula aprobetxatu behar dugu, baina zuhurtziarekin». Hala esan zuen atzo Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak datorren urterako aurrekontuak aurkezteko agerraldian. Kudeaketa propiorako 1.253,3 milioi izango ditu aldundiak datorren urtean, aurten baino 58,6 milioi gehiago. Eta horrek guztiak inoizko kopuru handiena egiten du. Hazkunde ekonomikoa aldundiaren kutxak bete dituela aprobetxatuko du Rementeriaren taldeak herri lanetara 96 milioi euro bideratzeko. «Inbertsio produktiboak sustatu behar dira, kalitatezko lanpostuak sortuz». Beste era batera esanda, lan publikoak bultzatuko dituela aldundiak 2019an.

Indarrak zein lanetan jarriko dituzten ere zehaztu zuen Rementeriak. Besteak beste, Portugalete eta Getxo arteko itsasadar azpiko tunela egiten hastea, Bilbo hegoaldeko saihesbidea amaitzea, eta Nagusi Center sortzea. Hala ere, zehaztu zuen «eskualde denetan» egingo dituztela lanak. «Lanpostu hobeak sortuko ditugu horiekin». Lan horiek Ekonomia eta Lurralde Garapenaren Sailak hartuko ditu bere gain, eta egingo den ahalegin ekonomikoa sailaren aurrekontuen hazkundean ikusi daiteke, aurtengo diru kopurua baino %5,4 handiagoa izango duelako. Denetara 283,6 milioi euro izango ditu erabilgarri.

Aurrekontuen lehen zirriborroa aurkeztu zuten atzo, eta azaroaren 7 eta 8an Batzar Nagusietan sail bakoitzak bere aurrekontuak xehatuko ditu. Hala ere, lehen begi kolpean agerian geratzen da Gizarte Ekintzen Sailak izango duen pisua. Aurrekontu denen %43 ordezkatzen du, hau da, 537 milioi euroko ekarpena. Iazko kopuruarekin alderatuta %8 gehiago izango dute gastatzeko, eta sailak inoiz izan duen ekarpenik handiena ere izango da. «Bizkaia hobe baten atzetik goaz, eta horretarako ez dugu inor atzean utzi nahi», esan zuen Rementeriak.

Udalak eta mugikortasuna

Aurrekontu proiektuak hiru oinarri izango ditu. Horietan lehenik herri lanak aipatu zituen, eta hurrengo bi oinarriak udal finantzaketa eta mugikortasuna izango dira. Udalen finantzaketan ahalegina egin dutela azpimarratu zuen ahaldun nagusiak. «Krisi garaian udalek estutasuna pasatu dutela badakigu, eta orain barealdia datorrela esan dezakegu». 896,8 milioi euro bideratuko du aldundiak udaletarako, aurten baino 46 milioi gehiago. «Gaitasun handiagoa izango dute euren zerbitzu publikoak hobetzeko».

Mugikortasunari dagokionez, «iraultza lasai bat» abiatu nahi du aldundiak. Autoaren erabilera txikitu nahi du, eta bizikletaren erabilera bultzatu. Mugikortasun berri horrek izan beharko lituzkeen oinarriak adosteko plan bat egingo du, eta hamar milioi euro bideratuko ditu horretara. Rementeriak ez zuen azaldu nondik nora joango diren bidegorri berriak, aurretik asmoak Batzar Nagusietan aurkeztu nahi dituelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna