Arrauna

Pinporta koloretsu batzuekin

Kontxako Banderako sailkatze estropadetan 44 traineru ariko dira. Gizonezkoetan 24 ontzi lehiatuko dira; emakumezkoetan, hogei. Bi igandeetan zaleak izango dira: 1.200 lagun

Donostiako Estropadetako antolatzaileak Kontxako bi banderekin, atzoko aurkezpenean, Donostiako udaletxeko atarian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Normaltasun erabatekotik urrun, baina hartara hurbildu nahian. Aurtengo Kontxako Banderaren garailea zaleen aurrean erabakiko da; ez, ordea, Donostiarrako traineruei lehen bi igandeetan zein ontzi batuko zaizkien erabakiko dituzten estropadak.

Atzo egin zuten denboraldiko banderarik entzutetsuenaren aurkezpen ekitaldia, Donostian, eta antolatzaileek han azaldu zuten hartutako erabakia: sailkatze estropadak zalerik gabe jokatuko dira; banderarako lehia, berriz,1.200 zaleren aurrean. Sarrerak aurrez jarriko dituzte salgai.

Horixe izan zen atzoko ekitaldiko berritasun nagusia. Iaz zalerik gabe jokatu ostean, arraunlariek pinporta koloretsuak ikusiko dituzte aurten, bakanak baldin badira ere. Beste urtebetez, jende pilaketarik ez da izango.

Datorren asteazkeneko eta osteguneko sailkatze faseetan parte hartzaileak eta haien klubetako ordezkariak soilik izango dira kaian. Saio horiek publikorik gabe egitea onetsi dute. Irailaren 1ean, hogei traineru ariko dira emakumezkoen sailkatze estropadan, Kontxako Banderan leku bat egin nahian. Biharamunean, hilaren 2an, 24 izango dira gizonezkoen traineruak. Zazpina traineruk egingo dute aurrera.

Andreetan hamar ontzik osatutako bi multzo osatuko dituzte. Parte hartzaileen artean, Euskotren ligakoak izango dira hiru: Orio, Hondarribia eta Arraun Lagunak hirikoa izanagatik, lekua bermatzeko dauka. ETE mailakoak 11 izango dira: Zumaia, Deustu, Pasai Donibane, Zarautz, Ondarroa, Lutxana, Lapurdi, Isuntza, Tolosaldea eta Hibaika, eta Castro. Galiziako ligak sei ordezkari izango ditu: Cabo, Chapela, Mugardos, Riveira, Perillo eta Tiran. Sailkatze estropadan sekula izan den kopururik handiena da.

Gizonezkoetan ohiko traineru kopurua ariko da: 24 ontzi. Hamabina aterako dira multzo bakoitzean. Hautagai nagusiena Eusko Label ligako 11 ontzik Donostiarra ez beste guztiak eta Getaria KAE 1 ligako txapeldunak osatuko dute. Beste multzoan ariko dira KAE 1 ligako Kaiku, Pedreña, San Pedro, San Juan, Arkote, Zumaia, Castro, Deustu, Lapurdi eta Camargo; KAE 2ko Mutrikuk eta Hibaikak ere haiekin batera jokatuko dute. Galiziako ligako ontziak, berriz, ez dituzte gonbidatu.

Lehenik, ligako lanak

Kontxako Banderari zehar begiradaka ari baldin badira ere, arraunlari gehienek ligako estropadak jokatu behar dituzte Donostian lehiatu aurretik. Aste erabakigarria da Eusko Label ligan. Galiziako uretan ariko dira maila goreneko traineruak: gaur, Aresen (18:10, ETB 1), eta bihar, Moañan. Igandeko estropadaren ondorengo sailkapen nagusian azken postuan dagoen ontziak maila galduko du zuzenean.

Gaur-gaurkoz, Zarautz dago hamabigarren, eta zaila du Tiran azken-aurrenari aurrea hartzea: 11 puntuko tartea dago bi ontzi horien artean. Halaber, jaitsiera zuzena saihesten duen taldeak kanporaketak jokatu beharko ditu ziur aski: 24 puntu daude jokoan, eta Isuntzak, hamargarren sailkatuak, hemezortzi puntuko aldea du.

Sailkapena estuago dago goialdean. Liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Santurtzi liderrak lau puntuko tartea ateratzen dio Hondarribia bigarren sailkatuari. Kontuak horrela, gaurko eta biharko estropadek garrantzi handia dute: Kontxak eragindako etena gozo igaro nahi dute Sotera eta Ama Guadalupekoa ontziek. Moreek sailkapeneko aldeak handitu nahi dituzte; berdeek hura murriztea dute xede.

KAE 2 ligan sasoiko azken estropada jokatuko da, baita bigarren eta hirugarren mailen arteko kanporaketa ere. Gaur (19:30), Colindresen (Espainia) KAE 2ko ontzi guztiak ariko dira, baina, estropada berean, maila horretako Portugaletek eta Hondarribia Bk mailen arteko kanporaketa jokatuko dute KAE 1eko Castro eta Camargorekin. Bihar erabakiko da behin-behinean zein ontzi igoko diren KAE 1era. ETE liga, berriz, gaur amaituko da (17:45), eta kanporaketetan Tolosaldeaz gain ariko den beste taldea hautatuko dute: Hibaika edo Deustu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.