urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kaledonia Berriko beste protagonistak

2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Igandean izanen da Kaledonia Berriko erreferenduma. Bi urte baino gutxiagoan egiten duten bigarren erreferenduma da, horregatik edo pandemiak albiste gehienak bereganatzen dituelako, oihartzun txikia du gaiak Euskal Herrian, baita Frantzian ere.

Hala ere, kezkatuta daudelako-edo, eskuineko alderdiek ezetzaren aldeko botoa eskatu dute Parisetik egunotan. Errepublikanoek lehendabizi, eta Marine Le Pen eskuin muturreko buruak gero. Gatazka armatua amaitzeko eta auzi politikoari konponbidea emateko 1998an sinatutako Noumeako akordioak konstituzionalak direla eta errespetatu behar dituela esan du Le Penek, baita gogor kritikatu ere: «Frantziatik bereizteko aski da behin bakarrik hala erabakitzea, aldiz, frantses izaten jarraitzeko hiru bozketa behar dira». Datorren asteburuan unionismoak irabazita ere, sei hileko epean hirugarren erreferendum bat adostu dezake Kaledonia Berriko Biltzarrak, 2022an egiteko. Biltzarraren herenak bozkatu behar du horren alde, baina gakoa iazko hauteskundeetan egon zen: independentistek aski babes lortu zuten, eta Biltzar bera izanen da, hirugarren galdeketa bati buruz erabaki behar baldin bada. Halakorik ez gertatzeko era bakarra heldu den astean independentziak irabaztea da.

2018ko azaroaren 4an espero zutena baino alde txikiagoz baina era argian gailendu ziren unionistak: 57-43, euren asmoetan 75-25 edo 70-30 zegoen artean. Hemezortzi mila botoko aldea: 60.000 independentista eta 78.000 unionista, eta %81eko parte hartzea. 23 hiletan hori aldatu ote liteke? Gauza asko gertatu dira 2018tik. Pandemia bat, mundu osoari erasan dion izurrite bat. Paristik baino hurbilago dago Noumeatik Wuhan, baina askoz hobeto asmatu diote gaitzari aurre egiten; baita Ozeaniako beste kolektibitate handiarekin alderatuta ere: Polinesiak turismoa besarkatu eta berehala hasi ziren positibo kasuak igotzen. Kaledonia Berriak ezetz, ez zuela aterik zabalduko. Hara doanak aste bi egin behar ditu gutxienez konfinatuta uhartean beste inon ibili aurretik. Halaxe eginarazi zieten metropolitik joandako jendarmeei ere. Horren ondorioz, litekeena da kanpoko medio gutxiago egotea, baina bertakoek eta lehendik egindako kontaktuek azalduko digute. Iturririk ez da falta, jakin nahi duenarentzat.

Ez da pandemia bakarrik gertatu. Betiko bi blokeetatik kanpo dagoen talde batek gero eta garrantzi handiagoa hartu du azken hilabeteotan: kanak biztanleak Kaledonia Berriko %39 dira 2014ko zentsuaren arabera, eta %27 europar zuriak. Beren burua mestizotzat dute edo sinpleki kaledoniartzat dute %17k. Lehenek masiboki independentziaren alde bozkatzen duten era berean bozkatzen dute beste hirurek aurka. Edozelan ere, Noumeako akordioen arabera, zentsuan diren kanak guztiek boto eskubidea duten artean, ez-kanak biztanleen artean baldintza zehatz batzuk bete behar dira. Mugimendu independentistak badaki kanak biztanleen aktibazioa zertxobait gehiago bultza dezakeela (Loyaute irletan 2018an parte hartzea gainontzeko lekuen azpitik ibili zen, esaterako), baina gako nagusia artxipelagoko biztanle guztientzako estatu proiektu erakargarria egitea dela. Ez alferrik, unionismoak frantses eskuin eta eskuin muturraren lelo, ideia eta beldur arrazistekin jokatzen duelarik.

Izan ere, blokeak zurrunak dira, baina bada pitzadurarik eta, batez ere, blokeetatik kanpo dagoenik. Kanak indigenen eta europar jatorrikoa den artean, bere buruaren garrantziaz jabetu eta ahaldunduta ageri den hirugarren taldeak bereganatu du arreta azken aldian: hamar biztanletik bat Ozeaniako beste leku batzuetatik iritsitakoa da. Gehienak, Frantziaren menpe diren Wallis eta Futunatik: polinesiar uharte horietan baino wallistar eta futunar gehiago daude Noumea inguruan eta meatze hirietan. Historikoki alderdi unionisten alde egiten zuten, baina 2018ko erreferendumaren ondoren zuri eskuindarrek gidatutako alderdietatik urrundu ziren asko L'Éveil océanien (Ozeaniako iratzartzea, LEO) alderdia sortzeko. 54tik hiru aulki lortu zituzten Senatuan, aski balantzan eragiteko, independentistek 26 eta unionistek 25 zituztenez. Roch Wamytan independentista da ondorioz Ganberako presidente. Unionistak gailendu diren beste erakunde batzuetan haiekin negoziatzeko gaitasuna izan dute.

«Gure mugimendua ez dugu sortu independentziaren edo Frantziaren alde borroka egiteko. Kaledonia Berriko pobreziaren aurka borroka egiteko egin dugu», esan berri dio Milakulo Tukumuli LEOko buruak Nik Maclellan kazetariari. Tukumuli bera independentziaren aurka dago, Ozeaniako langile migratzaile gehienen antzera. Baina Kaledonia Berrian sorturiko haien seme-alaben belaunaldiak desberdin ikusten ditu gauzak. Aldeko zein aurkako polinesiarrak eroso egon litezkeen mugimendua eratu dute, europar unionismo tradizionaletik bereizita. Independentismoak kanak melanesiar nortasunetik harago doan proposamen inklusiboa egiten asmatzen badu ezustekoa egon liteke igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.