Osasunak lider jartzeko aukera dauka gaur, Gijonen irabazita

enaut agirrebengoa
2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Osasuna hamabigarren postuan eta lidergotik hamabi puntura zegoen ligako lehen 11 jardunaldiak jokatuta. Hiru hilabete igaro dira geroztik, eta gorritxoen egoera goitik behera aldatu da: goiko postuetan finkatu dira azken hamahiru partidetatik hamar irabazita. Gaur beste urrats bat nahi dute, Gijonen (Espainia) irabaziz gero lider izango liratekeelako behin-behinean.

Erronka handia da Nafarroako taldearentzat, ligan ia 33 urte baitaramatza Molinonen garaipenik lortu gabe; 1986ko otsailaren 23an irabazi zuen bertan azkenekoz. Geroztik, hamazazpi aldiz egin dio bisita Sportingi, eta beldurgarriak dira estatistikak: sei partida berdindu eta 11 galdu ditu. Edonola, oroitzapen gozorik ere badu Sportingen zelaiaz; hala nola 1999-2000ko denboraldian urrats handia egin zuen Lehen Mailara igotzeko bidean, azken-aurreko jardunaldian puntu bat urratuta.

Irabazita ere, gaur ezingo du halako pauso erabakigarririk eman, oraindik urrun baitago sasoi amaiera. Dena den, behin-behineko lidergoa ere ez da edonolako saria. Jagoba Arrasaterentzat, «azterketa» izango da gaurko lehia: «Benetan nola gauden ikusteko balioko digu. Golik ez dugu jaso azken hiru partidetan, baina bihar [gaur] Sportingek lanak emango dizkigu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.