martxelo otamendi
ANALISIA

Plazer ezkutaezina katalanentzat

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Apirilaren 5a zen, 1990ean. Belgikako errege Balduinok, katoliko sutsua bera, nazio horretan abortua legeztatuko zuen legea sinatu beharra zeukan, legea indarrean sartuko bazen. Kristau kontzientziak ez omen zion uzten lege horri bidea ematen, eta Belgikako Konstituzioak erregeari onartzen dion Ā«aldi baterako ezgaitasunarenĀ» kontzeptuan babestu eta errege izateari utzi zion 36 orduz. Legea ofiziala egin zen,udako oporrak Fabiola erreginarekin Zarautzen igarotzea maite zuen errege iaioaren sinadurarik gabe. Bizkorra.

Kataluniako prozesuko preso politikoen indultuaren erabakiaren azken urratsa Felipe Borboikoaren sinadura da, ezinbestez. Ataka estuan jarriko du Pedro Sanchez presidenteak Espainiako erregea, indultuaren erabakia jasotzen duen dokumentua mahai gainean uzten dionean.

Katalan independentziazaleei, ezta Espainiako demokrata askori ere, ez zaie erraz ahaztuko 2017ko urriaren 3an Borboikoak telebistetan eman zuen kuartel estiloko mintzaldia; erabat babestu zuen Espainiako Gobernuaren aginduz bi egun lehenago urriaren 1 gogor hartan poliziek botoa ematera hurbildu ziren herritarrei emandako jipoi eskandalagarria. Keinurik txikiena ere ez zaurituekin.

Orain, lau urte igaro ez direla, mintzaldi haietan hizpide eduki zituen buruzagi haien aldeko indultua sinatu beharko du, nahi edo ez. Historiaren patua. Beti egin lezake Belgikako Balduinok egin zuena, ordu batzuetarako errege izateari utzi eta bere sinadura gabe bide ematea preso katalanen indultuari.

Erraza da irudikatzea katalan independentziazale askoren poz eta mendeku txiki aurpegi irribarretsuak. Albiste on gutxi jaso dituzte azkenaldian katalan horiek, eta Zarzuelako maizterra sinadura ematen ikusteak bi aldiz leunduko die pairatutakoa: preso politikoak kalera irtengo dira Borboikoaren derrigorrezko sinadurarekin.

Prezio garestia ordainduko du Sanchezek indultu hori emateagatik, hori izango baita eskuineko oposizioak sozialistak urratzeko hauteskunde bitartean erabiliko duen leloa. Sanchezek ez zuen egoerak eskatzen zuen bezala kritikatu urriaren 1eko gehiegikeria, eta erabateko babesa eman zion 155. artikuluaren aplikazioari. Oso jarrera akritikoa eduki zuen, eta bat egin zuen erabat estatu arrazoiarekin, ondoren iritsi zen Auzitegi Goreneko prozedurari, epaiketari eta zigorrari aurrebabesa emanez.

Egoera berean egongo zatekeen orain orduan babes hura eman ez balu, horrenbesteko zigorra emango zukeen Auzitegi Gorenak hasieratik oposizioko alderdi nagusia aurka egon balitz? Ezin jakin.

Indultuen garaia denez, komeni da gurean eman zen bat gogoratzea. ETAk Joseba Goikoetxea Ertzaintzaren sarjentua oso larri zauritu zuenburuan emandako tiro batekin, 1993ko azaroaren 22an, astelehenarekin. Goikoetxeak sei urteko inhabilitazio bereziko zigorra zeukan urte batzuk lehenago Carlos Garaikoetxea lehendakariari, lehendakari zenean, entzuketa telefonikoak egiteagatik.

Hilaren 25ean, ostegunarekin, jakin zen klinikoki hila zegoela, eta biharamunean Espainiako Gobernuak indultua eman zion ofizialki hil baino hiru ordu lehenago. Ezinezkoa baita hildakoak indultatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.