Reala eta Osasuna prestatzen hasi dira

Sasoi-aurrea hasi dute gipuzkoarrek eta nafarrek. Taldearen bizkarrezurrari eutsi diote

Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Hasi da baloia mugitzen: euskal taldeek denboraldi-aurrea prestatzeari ekin diote. Alaves izan zen lehena, herenegun Athletic, eta atzo Realak eta Osasunak ekin zioten 2021-2022ko sasoiari. Realak, oraingoz, ez du fitxaketarik egin. Osasunak, berriz, hiru egin ditu: Kike Garcia, Jose Angel Valdes Cote eta Jesus Areso. Hala ere, biek ala biek taldearen bizkarrezurra mantendu dute.

Imanol Aguacilek 23 jokalarirekin hasi zuen entrenamendua Zubietan. Azaldu ez zen bakarra David Silva izan zen, kontu pertsonalak zirela medio. Bestalde, Orioko entrenatzaileak Unai Marrero deitu zuen azken orduan. Atezain gazteak hirukotea osatuko du Alex Remiro eta Gaizka Ayesarekin batera, Miguel Angel Moyaren ordezkoa iritsi artean. Entrenamendua osatu zutenen artean, William Jose, Aihen eta Kevin Rodrigues dira etorkizuna urrun izan dezaketenak. Izan ere, brasildarra Wolverhamptonera joan zen urtarrilean, Realak utzita. Ingalaterrako taldeak William Jose erosteko aukera du, baina, dirudienez, ez du aukera hori baliatuko. Brasildarra talde bila dabil. Baionakoa eta Etxaurikoa, berriz, beren lekua egiten saiatuko dira. Ezker hegalean jokatzen dute biek, eta, Monrealerekin batera, hiru daude postu berean. Beraz, litekeena da bietako bat edo biak beste talde batera joatea. Berrikuntzen artean, harrobiko Robert Navarro eta Jon Pacheco daude. Erdilariak eta atzelariak lehenengo taldean jokatuko dute. Bestalde, Merinok, Oiarzabalek, Zubimendik eta Sagnanek Olinpiar Jokoetan parte hartuko dute. Hori amaitzean batuko dira taldera. Isakek ere beranduago hasiko du denboraldi-aurrea, Eurokopa jokatu zuelako.

Osasuna, bi taldetan

Gorritxoek ere hasi zuten prestakuntza, baina bi taldetan banatu ziren: batzuk goizean, eta beste batzuk arratsaldean. Guztira, hemezortzijokalari egon ziren Jagoba Arrasateren esanetan. Kike Garcia izan zen horietako bat. Espainiarra atzo aurkeztu zuen Osasunak, prentsaurrekoan. Eibarreko jokalari ohiak adierazi zuen «guztia> emango duela entrenamenduetan eta partidetan. Bestalde, Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendariak Coteren aurkezpenean aitortu zuen «%99an itxita» dagoela taldea. Beraz, dirudienez, talde gorritxoak ez du jokalari gehiago ekarriko. Harrobitik, berriz, alea jartzeko prest egongo dira Aimar Oroz, Herrando, Diego Moreno, Pablo Ibañez, Iker Benito, Pablo Valencia eta Yoel. Jokalariek aukera edukiko dute Arrasate aho bete hortz uzteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.