Deabruago izan daiteke

Manchester Unitedek zerbaiten bila ari den talde bat ematen du baloiaren jabe denean, osatu gabeko zerbait oraindik. Baloia galtzean, presioak huts eginez gero, zulo asko uzten ditu. Defentsan da ahulena, kontraerasoan zitalena.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Izan zuenaren eta orain ez duenaren bila ari da Manchester United 2013tik. Sir Alex Fergusonek zulo handia utzi zuen aulkian. Entrenatzaile kopurua hainbeste estilo ezagutu ditu jokatzeko moduan ordutik. Ole Gunnar Solskjaer entrenatzaile denetik, bi jokatzeko molde ezartzen saiatu da: aurrenekoak defentsako lan sendoa zuen oinarri, kontraerasoan bizi ateratzeko; bigarrengoak, oraingoak, aurrekoa osatzea du helburu, baloiaren jabetzarekin eta posizio jokoarekin. Lau kolpetan, horixe da Realak bihar eta datorren asteko ostegunean parean izango duen United. Europa ligako final-hamaseirenetan. Estiloak nahastuz, osatzeko bidean baita oraindik, eta, lortzen badu bilatzen ari dena fintzea, deabruago izan daiteke luze baino lehen. Baina osatu gabe edo biribildu gabe egoteak ez du esan nahi aurkari zaila ez denik.

SISTEMA(K)

Solksjaer aldagelan edota hoteleko aretoetan arbelean idazten hasten denean zein jokalarik eta zein lekutan jokatu behar duten, egitura edo marrazki bera jartzen du beti: 1- 4-2-3-1. Atezaina, lau atzelari, bi euskarri, hiru erdi-punta eta aurrelari bat. Horixe du abiapuntua Uniteden jokoak. Beste egitura bat ere erabiltzen du, hala ere. Baloiaren irteeran, jokoa De Gea atezainak abiatzen duenean atzelariekin jokatuz, erdiko hiru atzelari azaltzen dira: McTominay euskarria (Fred ere bai, baina gutxiagotan) Lindelof eta Maguire erdiko atzelarien parera joaten da.

ESTILOA(K)

Joko landua eta bertikala uztartzen ari da, baina, gehienetan, landuaren alde egiten du (polikiegi ia beti), erosoago bestean moldatzen bada ere. Baina aurkariek badakite hori, eta ez diote erraztasunik ematen kontraerasoan ateratzeko. De Geak ateratzen duenean aurkariak lerroak atzeratuta badauzka, jokoa lantzearen alde egiten du, baina ñabardura honekin: aurkariak goian estutzen badu, baloia luze jotzen du —Maguire abila da—, baina ez jotzeagatik joz: erasoko hegaletara bidaltzen du baloia, edo beste taldearen erdiko atzelarien bizkarrera.

ERASOAN

Joko landuarekin, bada jokalari bat funtsezkoa: Bruno Fernandes portugaldarra. Erdi-punta batera eta bestera mugitzen da, lerro artean baloia bakarrik jaso nahian. Hori lortzean, ederki aktibatzen ditu Martial eta Rashford hegalekoak —Greenwood da beste aukera—, eta Cavani aurrelaria.

Hegaletako bi atzelariak, Luke Shaw eta Wan-Bissaka, asko igotzen dira, eta, zabalduta badaude, haien aurreko biak, Martial eta Rashford edo Greenwood barrura sartzen dira; alderantziz ere gertatzen da: atzelariek barrutik puskatzen dute, besteak zabalik badaude. McTominay ere zalea da metroak aurrera egiten, jokoaren sorreran hirugarren erdiko atzelari lanetan hasten ez denean. Beste baliabide bat Lindelofen eta Maguireren baloi eramateak dira; oso gora ere joaten dira horrela. Azkenean, baloia dagoen tokitik aurrera jokalari asko izaten ditu.

Hegaletatik jotzen du erasora gehienetan, eta, area parera iristean, ia beti erdiratu egiten du, hegaletako jokalarien bitartez askotan (Shaw eta Win-Bissaka).

DEFENTSAN

Goian presioa egiten saiatzen da, aurkariaren atzelariak estutuz. Bi bide erabiltzen ditu: hegalekoa ateratzen da erdiko atzelari baten bila, edo, bestela, Bruno Fernandes da Cavanirekin batera erdiko bi atzelariak estutzen dituena. Aurreneko aukerak ondorio batzuk sortzen dizkio: hegaleko atzelariaren bila Shaw edo Win-Bissaka ateratzen dira, eta, ondorioz, Lindelofek eta Maguirek hegaletara joan behar dute aurkariaren hegaleko erasoko jokalariaren bila. Ondorioz, asko estutzen da taldea, baloia ez dagoen aldean sekulako zuloa uzten duelako Unitedek —ez da jaisten beste aldeko erasoko hegalekoa—.

Lerroak atzeratzen dituenean ere, hegaletan uzten du zuloa, Martial eta Rashford ez direlako lagundu zaleak atzeko lanean.

ERASOTIK DEFENTSARA

Baloia aurkariaren zelaian galtzen duenean, presioa bertan egiten du hainbat jokalarirekin, gertuen dauden hiruzpalau joaten baitira baloia berreskuratzera. Lortzen badu, ondo. Baina, ez badu erdiesten, sekulako zuloak uzten ditu hainbat tokitan. Deigarria da nola atzelarien lerroa dagoen lekuan geratzen den ia beti, lerroan, aurkariak presioa gainditu duenean ere. Kontuan izanik Maguire, adibidez, makala dela, hautu arriskutsua ematen du. Realaren kaltetan dator arlo honetan Carlos Fernandezen lesioa biharko, egokia izan zitekeelako zulo horiek baliatzeko.

DEFENTSATIK ERASORA

Hemen da zitala, eta erosoen honetan aritzen da. Kontraerasoan txikitu egiten du aurkaria. Oso azkarrak dira aurrealdeko lau jokalariak, eta ederki baliatzen du aukera hori. Atzetik bizkor ateratzen dira, pase luzeak ere baliatuz, goian jokalari pare bat edo hiru geratzen direlako jaitsi gabe. Ez badio aurkariari min ematen, badaki jokoa geratu eta paseekin jokatzen. Aurkariak leku txarretan egiten dituen akatsak ere bikain baliatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.