Atzean du galbidea

Domenico Tedescoren gidaritzapean itxura askoz ere sendoagoa ematen ari da Leipzig. Joko landua da taldearen ezaugarri nagusia, eta arrisku handiak hartzen ditu baloia atzetik jokatuta ateratzean. Bihar Realaren aurka jokatuko du.

BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Iazko abenduaren 13an Europa Ligako final-zortzirenen aurreko kanporaketako zozketa egin zenetik, Leipzig talde alemaniarrak nabarmen egin du hobera. Txapeldunen Ligatik kanpo eta Bundesligako sailkapenean hamaikagarren tokian zegoela ikusita, abenduaren 9an, zuzendaritzak Jesse March entrenatzaile estatubatuarra kargutik kendu, eta Domenico Tedesco 36 urteko italiarrari eman zion taldea zuzentzeko ardura. Asmatu dute. Ordutik, Alemaniako ligako zortzi partida jokatu dira, eta horietan hamasei puntu eskuratu ditu zezenen taldeak. Denboraldian estreinakoz, aurreneko lau sailkatuen artean kokatu da. Emaitzetan ez ezik, jokatzeko moduan ere aldaketa izan du taldeak. Julian Nagelsmannen garaiko bost jokalariko atzealdea berreskuratu du Tedescok, eta Marchen taldeak baino joko landuagoa egiten du. Ez da iazko Leipzig beldurgarri hura, baina aurkari zaila da. Atzeko lerroan da ahula.

SISTEMA
Hiru erdiko atzelarirekin


Tedescok marrazki bera erabili du zuzendu dituen ligako zortzi neurketetan: 1-3-4-1-2. Dena den, tarteka edo partidaren zati batzuetan, bi aurrelarirekin jokatu beharrean aurrelari bakarraren alde ere egin du. Beraz, hiru erdiko atzelari, bi hegaleko jokalari eta bi euskarrirekin jokatzea negoziaezina da. Hegaleko bi jokalariak joan-etorri handikoak dira, eta bi euskarriek, lan handia egiteaz gain, mugikortasun handia dute. Erasoko jokalariei dagokienez, teknikoki iaioak diren jokalari azkarrak zelairatu ohi ditu hasieratik. Askatasun handia ematen die guztiei.

ESTILOA
Joko landuagoa


Jesse Marchen joko zuzen eta bertikala apur bat ahaztu, eta joko landuagoaren alde egin du teknikari italiarrak. Motzean abiatzen dituzte atzetik jokaldi guztiak, arrisku handiak hartuz. Peter Gulacsi atezainak oso gutxitan jokatzen du baloia aurrelarietara zuzenean, Yussuf Poulsen aurrelari garaia zelaian dagoenean baino ez. Hegaletara eraman nahi izaten du taldeak baloia, bertatik erdiraketak jarri edo, nagusiki, erasoko hiru jokalariek azkenmetroetan askatasuna izan dezaten.

ERASOAN
Hegaletatik barrura


Gulacsirengandik hasten dira jokaldi guztiak. Baloia motzean jokatzen dute, eta Josko Gvardiol atzelaria da baloia ondo jokatuta ateratzeko aukerarik onena, Willi Orbanek eta Lukas Klostermannek zailtasunak baitituzte zeregin horretan. Euskarrietako bat hegalera etortzen da besteak erdigunea babesten duen bitartean, eta, hala, bi hegaleko jokalariek are eta altuera handiagoa hartzen dute. Baloia atzetik jokatzean asko arriskatzen dute, eta makina bat gol sartu dizkiete area inguruan baloia galdu eta gero. Esaterako, Bayern Munichen aurkako ligako neurketan, Bavariako taldeak bi gol sartu zizkien horrela. Edonola ere, lehenengo presio hori gainditzea lortzen dute askotan, euskarriarekin eta hegalekoarekin alboetan nagusitasunak bilatuz. Behin hegaletara iritsita, bertatik barrura bideratzen dute jokoa, maila teknikoko jokalari bikain eta oso azkarrak dituztelako azken lerroan. Elkar oso ondo ulertzen dute, eta baloia gutxi ukituta arrisku handia sortzen dute. Angeliño galiziarraren ezker hegaletik egiten dituzte eraso guztien %41.

DEFENTSAN
Itzuleran sufrituz


Taldea erasoan ari denean baloia galtzen badu, arazo asko sortzen dizkiote. Izan ere, jokalari askorekin antolatzen du erasoa, Gvardiol eta Klostermann erdiko atzelariak eta bi hegalekoak, Angeliño eta Mukiele oso aurrera joaten dira, eta atzealdean zulo handia uzten dute. Aurkariak presiotik ateratzea lortzen badu, bi hegalekoei itzultzea asko kostatzen zaienez, horien bizkarrera metro asko ditu erasoa antolatzeko. Kampl eta Laimer euskarriek eman behar izaten diote oreka taldeari, baina horiek ere ez dira izatez oso euskarri defentsiboak. Horrez gain, geldikako jokaldietan eta area txikia defendatzen ere zailtasunak izaten ditu taldeak. Dayot Upamecano (Bayern Munich) eta Ibrahima Konate (Liverpool) aurreko denboraldiko bi erdiko atzelari titularrak galtzeak sendotasun handia kendu dio. Gol asko sartzen ditu, baina asko sartzen dizkiote: 27 gol sartu dizkiote ligako 22 neurketatan, eta 14 Txapeldunen Ligako multzoen fasean. Normalean, presioa oso aurrean egiten du zelaian dituen bi aurrelariekin, eta hegaletara bideratzen ditu aurkariak, bertan baloia berreskuratzeko.

JOKALARIAK
Nkunku, onenen pare


Christopher Nkunku bere ibilbideko denboraldirik onena egiten ari da. Andre Silvaren alboan jokatzen du. Hemeretzi gol sartu, eta hamar goleko pase eman ditu, 31 partidatan. Teknikoki oso ona da, eta fisikoki, azkarra ez ezik, gaitasun handikoa. Haren ondoan jokatzen du Andre Silva portugaldarrak, eta hark ere bere-berea du gol sena. Bizkarrez jokatzen ere badaki, eta hori bikain aprobetxatzen du Nkunkuk. Horien atzetik, Dani Olmok, Emil Forsbergek eta Dominik Szoboszlaik jokatu ohi dute: azken pasea ematen eta bigarren lerrotik arriskua sortzen trebeak dira hirurak ere. Azkenik, Angeliño galiziarra ere aipatu behar da. Ezker hegaleko sastakaia da, ondoko marrara etengabe iristen den jokalari txiki eta azkarra. Sakontasuna eta anplitudea ematen dio taldeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.