Premia eta ilusioa aurrez aurre gaur, Alaves eta Realaren arteko derbian

Arabarrek prest izango dituzte Joselu eta Lucas Mendizorrotzako berragerraldirako. Imanolek lanak izango ditu zelai erdia osatu ahal izateko

enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Balio handiko hiru puntu izango dituzte jokoan gaur Alavesek eta Realak, Mendizorrotzan jokatuko duten derbian. Arabarrei arnasa hartzeko balioko liekete, hamar puntura utziko lituzketelako jaisteko postuak. Gipuzkoarrak, berriz, Txapeldunen Ligako postuetan sendotuko lirateke gaur irabazita: atzean utziko lukete Getafe, eta puntu bakarrera izango lukete egun Sevillaren esku dagoen hirugarren postua.

Bi taldeek jokalari garrantzitsuen falta izango dute. Alavesen kasuan, zulorik handiena harmailetan egongo da. Lehen partida izango du Mendizorrotzan zalerik gabe. Bestalde, jokatu ezinda dauzka Pacheco, Ely eta Aleix Vidal. Edonola ere, Asier Garitanok irria du ezpainetan, Lucas Perez eta Joselu berreskuratuko baititu. Taldeak haien falta sumatu zuen Espanyolen zelaian; jaurtiketa bat bera ere ez zuen egin lehia osoan. Aurrelari galiziarrek bikote oso emankorra osatu dute orain arte, 20 gol sartu baitituzte bien artean. Soilik Messik eta Suarezek izan dute jo handiagoa.

Bestalde, atepean Roberto Jimenez ariko da berriro. Espanyolen aurka, taldeko jokalaririk onena izan zen: arabarrak amildu egin ziren Pacheco egotzia izan ondoren, eta Robertoren gelditu sortari esker iraun zuten zutik ia lehen zati osoan. Haatik, ordezko atezainaren erakustaldia ez zuen aski izan Alavesek, eta kolpe mingarria jaso zuen. Sasoiko lehiarik apalenetakoa izan zen, ligako aurkari apalenetako baten aurka. Hala, itxuraldatu beharra dauka gaur; bestela, jai izango du ilusioz eta gosez den Realaren aurka.

Txuri-urdinek puntu bakarra lortu zuten etxean Osasunaren aurka. Berez, ez zen emaitza ona izan, baina balorazio baikorragoa egin daiteke neurketak zer bilakaera izan zuen ikusita. Gainera, eutsi egin zioten laugarren postuari, besteen emaitzak lagun. Jardunaldi honetan jada kale egin dute Sevillak eta Getafek; beraz, urrats garrantzitsua egin lezakete donostiarrek Mendizorrotzan.

Horretarako, zelai erdia berregituratu beharko du Imanol Alguacilek. Izan ere, Merino zigortuta dago, eta Illarramendik min hartu zuen astearteko entrenamenduan —zail izango du sasoi honetan itzultzea—. Zuloa Zurutuzak bete lezake, baina aintzat hartzekoa da iazko irailetik ez duela minutu bakar batez ere jokatu. Beste aukeretako bat, Oiartzabal atzeratzea litzateke. Mugimendu horrek, ordea, kamustu egingo luke Realaren aurrealdea.

ALAVES-REALA
Alaves. Roberto; Ximo, Laguardia, Magallan, Duarte; Burke, Pina, Camarasa, Edgar; Joselu eta Lucas.
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz, Llorente, Monreal; Zubeldia, Odegaard, Zurutuza; Januzaj, William Jose eta Oiartzabal.
Epailea. Jaime Latre.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 19:30 (La Liga)..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.