HILBERRIA. Raymond Levesque

Quebectarren kantautorea

BERRIA.
Ane Eslava.
2021eko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Raymond Levesque (Montreal, 1928 - 2021) kantautore, poeta eta aktorea izan da, quebectarrentzat esanguratsuak diren kantu ugariren sortzailea. Pianoa ikasi zuen Rodolphe Mathieurekin, eta antzerkia Madame Audetekin. Charles Treneten lanak inspiratuta, 1940ko hamarkadan hasi zen kantuak idazten, eta kabaretetan jotzen.

Urte batzuk eman zituen Frantzian bizitzen, eta han Barclay Records diskoetxearekin grabatu zituen bere abestiak. Hainbat artista frantziarrek ere haren kantuak grabatu zituzten; besteak beste, Bourvilek, Jean Sablonek, Cora Vaucairek eta Eddie Constantinek. Garai hartan, 1956an, konposatu zuen Quand les hommes vivront d'amour, Aljeriako gerran oinarritutako kantu bakezalea. Haren abestirik ezagunena da, eta artista askok interpretatu dute, Quebecen zein Frantzian, baina baita handik kanpo ere. Esaterako, Maria Rosellek eta Lluis Llachek katalanez abestu zuten, Quan tothom viura d'amor izenburupean, eta Joseba Tapiak euskarara ekarri zuen, Maitasuna helduko da tituluarekin. Ez zen hori izan Tapiak itzuli zuen Levesquen kantu bakarra: Bozo galtzaundi eta Chateauguayko bataila-ren bertsioak ere egin zituen. Hiru abestiak, eta beste 11,bildu zituen Quebec: hamalau kantu independentziarako diskoan, 1999an, Gaztelupeko Hotsaken zigiluarekin.

Frantzian izandako garaian Levesquek idatzi zituen abestien artean daude, halaber, Les Trottoirs, La Vénus à Mimile, Le Coeur du Bon Dieu edota Rosemont sous la pluie. 1959an Quebecera itzuli zen, eta zenbait telenobelatan aritu zen lanean, eta Coucou haurrentzako telesaila gidatu zuen, besteak beste. Garai hartan, poesia eta antzerkia idazten hasi zen, eta Quebeceko mugimendu independentistarekin modu aktiboan engaiatu zen.

Baina artista entzumen arazo handiak izaten hasi zen, eta 1986an gortasuna diagnostikatu zioten. Musika utzi behar izan zuen, baina idazten jarraitu zuen, eta poesia, antzerkia eta nobelak argitaratu zituen. Beste errekonozimendu batzuen artean, 1997an Quebeceko Gobernuaren Denise-Pelletier saria jaso zuen, eta 2005ean Kanadako Gobernadore Nagusiaren Arte Eszenikoen Sariaren irabazle izendatu zuten, baina uko egin zion hura jasotzeari.

Levesque 92 urterekin zendu da, koronabirusak jota. Haren senideek adierazi dutenez, gaitza hartu aurretik osasuntsu zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.