KRITIKA. dFeria

Elektra berrikusia

Berrikuntzekin iritsi da Elektra-ren egokitzapena. ATALAYA.
Agus Perez.
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun

'Elektra.25'

Konpainia: Atalaya. Zuzendaritza, dramaturgia eta eremu eszenikoa: Ricardo Iniesta. Koreografia: Juana Casado, Lucia You. Musika-moldaketak: Luis Navarro.Koru-zuzendaritza: Marga Reyes. Argiak: Alejandro Conesa.Jantziak: Carmen eta Flores de Giles. Antzezleak: Silvia Garzon, Maria Sanz, Lidia Mauduit, Raul Vera, Javier Dominguez, Garazi Aldasoro, Imasul Rodriguez, Elena Aliaga. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 16.

Orain dela 25 urte sortu zuen Sevillako (Espainia) Atalaya konpainiak Elektra antzezlana, Eskilo, Sofokles, Hugo von Hofmannstahl eta Heiner Müllerren testuetan oinarrituta, eta efemeridearen harira, Elektra.25 bertsio berrikusia sortu dute.

Greziar tragediaren arabera, Klitemnestrak eta Egisto bere amoranteak Agamemnon hil zuten hura bainuontzian zegoela, eta Elektra Agamemnonen alaba bere amaren kontrako mendekua prestatzen hasi zen, horretarako bere neba Orestes erbestetik itzuli arte itxaron behar izan arren. Atalayaren lehen Elektra-ntragediaren ildo nagusia mantendu zen esandako lau egileen testuen bateratze eredugarria eta estetika aurreratua gorabehera. Ordea, oraingo bertsioan diferentea izan da taula gainean ikusi duguna, eta ez bakarrik antzezle gehienak berriak izan direlako—mende laurden bat igaro da, baizik eta oinarrizko planteamendua errotik aldatu delako aurreko lanarekin alderatuz gero.

Izan ere, oraingo honetan nabariagoa da Agamemnonen gaineko ikuspegi kritikoa —Troiako gerratik amorante batekin itzuli zen etxera, Klitemnestra hamar urtez itxaroten egon ostean—, eta, gauzak horrela, orain zaila egiten zaigu Elektrak aitaren alde egindako hautu determinatua onartzea. Bide beretik, pertsonaia tormentatua ikusi nahi izan dugu Elektraren rolean, eta, beste ezeren gainetik, mendekuen kate etengabean jarri da fokua, Shakespeareren tragedia odoltsuenetan bezala.

Bainuontzien erabilera metaforikoa salbatu da oraingo muntaian ere, baina alde formaletan berrikuntza handiak izan dira, eta haietan bereziki nabaria da izaera koreografikoari emandako garrantzia. Balkanetako, Italiako eta Bielorrusiako herri-kantetan oinarritutako dantza zatiak tartekatu dira ekintza eszenikoan, giro tragikoa apur bat samurtuz, eta jantzien koloretasun neurtuak ere zertxobait leundu du kontakizun latza, argien diseinu landuak eta soinu-banda dramatikoak lagunduta. Beharbada, deklamazio beti tragikoa —bikaina hala ere, gorputzen jarrerak eta talde kohesioa bezainbeste— ez zatekeen denbora osoan maila gorenean egon behar, horrela izanda kontrasterik gabe geratu delako goi mailako intentsitatea, baina muturreko epikotasunaren aldeko hautu hori gorabehera, ez dago dudarik beste emanaldi bikain bat eman digula Atalaya konpainiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.