KRITIKA. Musika

Bizitzarako prestatzen

2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert TreviƱo. Abeslariak: Sarah Fox (sopranoa), Justina Gringyte (mezzosopranoa), Donostiako Orfeoia. Egitaraua: G. Mahlerren 2. sinfonia, Berpizkundea. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Maiatzak 2.

Guztiz ezohikoa izateaz gain, hasi baino lehen besaulki-patiotik txistuak eta oihuak datozela entzutea desatsegina ere bada. Baita ulertzekoa ere. Musikariak eta abesbatza eszenatokian prest, baina, afinazioaren harmonikoak entzun beharrean, enpresa babeslearen promozio-bideo baten proiekzioa hasten da. Bost minutu baino gehiago. Zaleen deserosotasunak hausnartzeko bidea ireki beharko liguke, erantzun behar dugu zilegi ote den Euskadiko Orkestra bezalako erakunde publikoak entitate pribatuen publizitaterako ubidea bihurtzea. Hartan-horretan, musika behar baino ordu laurden beranduago hasi zen. Baina hasi zenean...

...erakustaldi ederra izan zen, azken bi urte malkartsuetan ikusi ezin izan dugun handitasunaz jantzita. Lehen konpasetan izaera guztiz trinkoa eta organikoa aurkeztu zuten orkestrako hariek, Andante moderato-ko pizzicato jostalarian fintasun xaloa bilakatu zena. Hirugarren mugimenduak ezartzen duen asaldurak berehala ezabatu zuen umore-giroa, eta haizeek hasieratik erakutsitako doitasuna eta kolore biziak gailendu ziren distiratsu, leun, indartsu. Zurezko haizeetan eta perkusioan altxor preziatua dugu. Orkestrak dinamika oparoak eskaini zituen, tarteka eta sen onez TreviƱoren batuta bortitza aintzat ez hartuz. Justina Gringyte lituaniarrak Urlicht sentikorra marraztu zuen lerro garbiz, gero etorriko zen Auferstehn hunkigarriaren iragarpena. Han baitzen Donostiako Orfeoia. Hezur-muinetan errotuta dauka azken mugimendua, ongi ezagutzen ditu Klopstockek idatzitako hitzen zirrikituak, musikaren tolesturak bere egiten ditu. Lehengaia dauka, eta badaki erabiltzen. Eta, ondorioz, lilurak eta zirrarak ezinbestean hartzen dute gorputza.

Berpizkundearen auziak kutsu erlijioso nabarmena badu ere, Gustav Mahlerren 2. sinfoniak bakoitzak eman diezazkiokeen balio sinboliko guztiak ordezkatu ditzake: bizitakoaren poza, gertatu ez denaren melankolia, bigarren aukeren itxaropena, maitasunaren erospena. Amildegiaren ertzean bizitzarako aukerak badirela, alferrik izan ez dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.