KRITIKA. Zinema

Mundu zikina, graziaz betea

Dangsin-eolgul-apeseo filmaren irudi bat. BERRIA.
Andoni Imaz.
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun

'Dangsin-eolgul-apeseo'

Zuzendaria: Hong Sang-soo. Aktoreak: Lee Hye-young, Cho Yun-hee, Kwon Hae-hyo, Shin Seok-ho. Herrialdea: Hego Korea. Iraupena: 85 minutu.

Hong Sang-sooren filmografia nahasgarria izan liteke. Aurten dagoeneko bi film estreinatu ditu Euskal Herrian, eta datorren urte hasierarako iristekoa da hurrengoa. Martxa horretako ekoizpenarekin, istorioak korapilatu egiten dira buruan; normala da pentsatzea film baten pasarte bat beste batena dela, edo ahaztea ohiko aktore batek zer rol jokatzen zuen pelikula hartan. Ez denak berdinak direlako, arinkeria litzateke hori esatea, baizik eta Hongek loturaz betetako obra trinko bat sortu duelako, pertsonaia eta egoera batzuen bueltan: bikotea, lagunartea, familia, otorduetako zalaparta, mozkorraldi gazi-gozoak...

Elementu horietako batzuk ditu Dangsin-eolgul-apeseo filmak ere (In Front of Your Face), Hongek bere zinemaren aldibereko soiltze eta zailtze bidean egin duen lanik zirraragarrienetako batek —mende honetako zinemagile gailenetako bati buruz hori esateak lotsa pixka bat ematen duen arren—. Bi emakume esnatu egiten dira, elkarrekin hitz egiten dute, gosaltzera doaz, eta Sangok protagonista (Lee Hye-young) bazkaltzeko gelditu da.

Hala ere, filmak baditu berritasun batzuk: off-eko ahotsa; egitura lineal sinplea, nahiz eta Sangoken amaierako esnatzeak eta haurrarekin duen enkontruak iradokitzaileago egiten duten; Kim Min-hee aktorearen falta, Hongek azken zortzi urteetako zortzi filmak harekin egin eta gero; eta, denetan deigarriena, kolorea.

Irudi digital bizi eta zikindu horrek kontakizuna itxuraldatzen du, eta ikusleak, protagonistak bezalaxe, beste era batera begiratu behar dio munduari. Hong aurrenekoz argazki zuzendari aritu da bere azken hiru filmetan —Introduction (2021), In Front of Your Face eta So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist's Film, 2022)—, eta horrek are independenteago egin du —zuzendu, idatzi, ekoitzi, editatu eta konposatu egiten du—, baina, batez ere, erakutsi du irudi digitalak zer aukera eman ditzakeen, Abel Ferrararen Zeros and Ones ikusgarriaren garai berean (2021).

Bazkariko une batean, Sangokek esaten du behin, gaztetan, bizitzeko gogoa galdu zuela, eta, kalean alderrai zebilela, edertasuna aurkitu zuela jendearen aurpegietan, baita langile baten aurpegi zikin eta koipetsuan ere. Asmo hori bera dute filmean zubipeko zigarroak, lorategi ez bereziki ikusgarri batean ateratako argazkiak, paperezko edalontziek, gitarra saio traketsak. «Ikusten dudan guztia grazia da; ez dago ez iraganik, ez gerorik». Opari bat da Hongen garaikide izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.