Zilarrez tinda dezakete ura

Urte luzez eskatzen aritu ostean, Euskal Herrian ur bizietako kanal bat egiteko proiektuak oniritzia du. Usurbilen egin asmo dute, 2023rako. Udala zuhurrago agertu da: «Tramitazio luzea du».

Maialen Chourraut piraguista, Tokioko Jokoetako finalean. DIEGO AZUBEL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Lortu zituen brontzezko domina lehenik, eta urrea gero, baina Maialen Chourrautek hirugarren domina olinpikoarekin batera jaso du aspalditik espero zuen berria: Euskal Herrian ur bizietako kanal bat egingo dute. Luze itxaron behar izan du. Behin eginda, zilarrez tinda dezakete kanaleko ura: Chourrauten loriarik gabe, proiektuak nekez egingo luke aurrera.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak herenegun eman zuen egitasmoaren berri, Chourrauten zilarrezko domina goratzeko ekitaldian. Usurbilen (Gipuzkoa) egitea dute xede, Oria ibaiko Orbeldi eremuan: «Proiektua onartuta dago, eta aurrera doa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia du», esan zuen.

Haren esanetan, 2022ko aurrekontuetan txertatuko dute, eta orduan hasiko dira lanak, 2023an amaitzeko. Lau milioi euro beharko dira kanala egiteko.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak BERRIAri azaldu dionez, proiektua orain baino lehen abiatu zuten: «Tramitazioarekin aspaldi hasi ginen, eta piragua federazioarekin aurreko legealdian hasi ginen hartu-emanetan». Alde horretatik, udala «proiektuaren sustatzaile» dela esan du Solaberrietak: «Begi onez ikusten dugu, Oria ibaiari bestelako erabilera bat ere ematen diolako».

Hori bai, Jaurlaritzako bozeramaileak adierazitako epeak ez ditu ikusten horren argi: «Zupiriaren esanek harritu egin ninduten, tramitazioa azken fasean dagoela eta lanak datorren urtean hasiko direla esan zuelako. Uste dut horrelako adierazpenak apur bat lekuz kanpo daudela».

Solaberrietaren esanetan, «plan berezi bat da» kanalarena, lurzoru ez-urbanizagarri batean dagoelako: «Tramitazio urbanistiko luzea eskatzen du». Urratsak xehatu ditu, banan-banan: «Aurrera egin aurretik, ezarritako baldintzak zuzendu, eta proiektua eguneratu behar da. Gero, udalak behin betiko proiektua onartu aurretik, aldundiak interes orokorreko izendatu behar du».

Hartara, «zail» ikusten du lanak 2022ko maiatzean hastea: «Frantziako enpresa espezializatu batek egin behar ditu lanak, eta udan soilik egin daitezke». Udalak dio ados dagoela kanala egitearekin, baina hori dela «egungo egoera erreala».

Aspaldiko eskaera

Chourrautek pozik hartu zuen berria: «Nik urteak eman baditut zain, pentsa Xabik [Etxaniz, entrenatzailea eta senarra], 1992ko Jokoetan izan zen eta. 18 urte nituenean, Irunen egingo zutela esaten zen».

1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetatik 2024ko Pariseko jokoetara 32 urte igaroko dira, eta, aldi horretan, euskal piraguistek etengabe eskatu dute kanal bat eraikitzeko. Hauxe esan zuen Chourrautek, BERRIAn, 2017ko urtarrilaren 10eko alean: «Hau da garaia. Urte askoan egon gara eskatzen, eta jarraituko dugu. Kanala behar dugu; bestela, gazte hauek [alboko jangelan Donostiako Atletikoren piraguismo eskolako Gabonetako bazkaria egiten ari dira] euren gaztaroa furgoneta batean pasatuko dute».

Usurbilgo kanalak haren izena edukitzea proposatu du Jaurlaritzak. Chourrautek hau esan zuen 2017ko elkarrizketa hartan: «Berdin dit nire izenarekin edo beste edozeinekin, baina kanal bat behar da hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.